Dokumentuaren akzioak
Libertimendu, kabalkada eta maskaradetan herritarrek euskaraz hartu dute plaza
COVID-19ak plazak konfinatu ondoko aroak lili berriak ekarri ditu Ipar Euskal Herriko plazetara, izan inauteri garaian ala udako kabalkadetan, herritarren parte hartzearekin. Batzuetan gatazka iturri izan bada ere, euskarari plaza ireki zaio egun horietan.
Kabalkadak
Arrosan, Heletan, Mehainen eta Luhuson egin ziren kabalkadak iragan udan. Heldu den urteko iragarria da Lekornekoa, eta geroko Irisarrin eta Aiherran eginen direla ere aipatu da. Arrosan 120 herritar bildu ziren ikuskizuna prestatzeko, eta, Mirentxu Bizkaixipi antolatzaile eta antzerkilariaren erranetan, herritarrak juntatzeko parada berezia izan zen: «Edozein pentsamendutako jendeak bateratu ditu helburu jakin beraren inguruan. Jendeak urteetan batak besteaz zituen aurreiritzi batzuk jauzarazi ditu». Euskararen erabilpena ez zen, hastapen batean, berez nagusitu antolatzailearen arabera, nahiz gerora aldatu: «Emeki-emeki, jendea ohartu da euskarak zuela dinamika hori sortuko. Beraz, edo pikoan jarri behar zuten lehen urratsak eginez, edo kanpoan utziko zuten beren burua. Euskara izan da irabazle, halere. Bederen, kontzientzia hartzean».
Libertimenduak
Antton Lukuk Garaziko libertimendua berpiztu zuenetik hemezortzi urte joan diren urtean, libertimenduen zerrenda handia izan da: Añorgan (Donostia), Baigorrin, Bunuzen, Donapaleun, Donibane Garazin, Hazparnen, Iruñean eta Lekornen (Baigurakoa) egin da aurten, otsailean eta martxoan. Preseski, Lukuren Libertitzeaz liburua ikerturik, duela bost urte hutsetik sortu zuten Iruinkokoa izeneko erritua Iruñean, urtez urte garatzeko ideiarekin, Ihitz Iriarten erranetan: «Beti gogoan izanda inauteriak behar duela jende kopuruan neurrian egon». Jende berria bildu dute, halere, urtez urte.
Baigorrin, bigarren libertimendua zuten aurten. Batetik bestera, hor ere, jende berria agertu dela zioen Santi Dupuy zirtzilak: «Espero dugu ohitura gisa ezartzea. Bikaina da libertimendua, euskal kulturaren parte bat da, eta giro handiagoa ekartzen dio herriari urtean zehar».
Maskaradak
Iragan neguan Mauleko gazteria ibili zen herriz herri, Zuberoako hiriburuan 2018ko pastoralak (Belako zaldüna) sortu giro kulturalari segida emanez. Heldu denari so, Pagolan prestatzen hasiak dira urte hatsarrean lekukoa hartzeko, eta, gazteek dakitenez, herriko lehen maskarada izanen da. Euskarari inportantzia berezia eman diote aitzinetik, hilabeteak baitira herriko gazteak AEK-ko kurtsoetan ari direla, batzuk lehen urratsetan eta besteak zuberotarra hobetu nahian.
Ez da ohikoa Kabana Handia emaztea izatea ere, behin baizik ez baitzen gertatu hori, Eskiulan, emazteen maskarada bat plantatu zutelarik. Ainara Agerre Lakok Ipar Euskal Herriko Hitza-n erran zuenez, ez zuen, halere, halako oihartzunik izatea espero: «Kabana neska izatea ez zen gure erronka bat. Halere, horrek hainbeste polemika pizteak erakusten du badela problema zerbait Zuberoan. Estonatzen nau jendea estona dadin rolak osoki partekatu ahal izateaz».
Bañolet Frantziako mendekotasunetik askatu den herria da, eta nerabe gazteak heldutasunera iragateko erritu bat egiten da. Umoretik badu izen bereko filmak; dramatikotik ere bai. 2020an Durangoko Azokak banatzen duen beka saria irabazirik egin zuten filma Maia Iribarnek eta Paxkal Irigoienek. 2021ean, filmerako bereziki sortu kantuekin Bloñ diskoa atera zuten. Aurkezpenetan, zuzendariak usu kantuz ere ari ziren.
Azaroaren 18an jokatu zuten taldekako 2023ko Xilaba bertso txapelketako finala, Aiherran, eta Hazparke taldeko hiru kideek jantzi zuten txapela: Irantzu Idoatek, Ortzi Idoatek eta Nahia Sascok. Finaleko beste taldea Muttikoak izan zen, eta Irati Alcantarilla, Haize Lekuona eta Ibai Lekuona aritu ziren kantuan. Taldekako Xilaba, finalaz harago, hiru herrialdeetako herri anitzetan bertsolari anitz bildu dituen egitasmoa izan da. Azken fasera arte bertsolariak antolatzaile, epaile, gai emaile eta bertsolari izan ziren.
Dokumentuaren akzioak