Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lezo, dantza zaletasunaren plaza

Dokumentuaren akzioak

Lezo, dantza zaletasunaren plaza

Belaunaldi ezberdinek goi mailako dantzariak eman dituzte Lezon. Euskal Herriko txapela jantzi duten herriko sei dantzari ziur daude lezoarren dantza zaletasunak eta goi mailak segida izango dutela

Dantzak liluratu zituen Mikel Pontesta, Joxe Juan Ugalde, Lurdes Esnaola, Iraultza Garmendia, Aritz Salamanca eta Iker Sanz lezoarrak. Belaunaldi ezberdinetan euskal dantzaren gorenera heldu dira guztiak, eta Lezo dantzari onen sorterri den zalantzarik ez dute.
Egilea
Ikerne Zarate
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2015/12/14
Lotura
Oarsoaldeko Hitza

Goiko Plazan bildu dira, garai batean txapelketak jokatzen ziren gunean, Lezok izan dituen maila goreneko txapeldun ia denak. Izan ere, Iban Agote eta Lurdes Lopetegi txapeldunak ere ez dira bildu hitzordura lan kontuengatik.

Pontestak esan du frontoian pilotan jokatu, elizako koruan kantatu, txistua jo eta dantzatu ere egiten zuela, «garai hartan egiten zirenak egin nituen». Dantzatzen hasita, mundu horrek ekarpen ugari egin dizkiola aitortu du 1981. urtean Pasaian Euskal Herriko Aurresku Txapelketa irabazi zuenak, «lagun ugari, lan munduan egin ez ditudanak eta gozamena, disfrutatu egin dudalako dantza egiten». Zerbait gazteagoa da Ugalde, eta hark dantzak «magnetismo handia» zeukala du gogoan, «herri inertzia zen eta aukeran, frontoia, futbola edo dantza genituen». Euskal kulturaren leihoak zabaltzeko aukera eman dio dantzak Ugalderi, «janzten bazara gipuzkoanoz, edo Jaurrieta dantza egiten baduzu sartzen zara zure historiaren beste zoko batzuetan. Dantzak eman dit osasuna, sari batzuk eta baita txalo batzuk ere».

Kasualitatez heldu zen Salamanca dantzaren mundura, baina gustura dabil bertan, eta euskal kultura ezagutzeko tresna paregabea dela argi du, «soziala da dantza azken batean, lagunak egiten dituzu, ordu asko eta asko ematen dituzu, baina balorazioa beti positiboa da. Pertsonalki zein herriarengatik probetxuzko zer edo zer egiten ari zarela sentitzen duzu, eta horregatik jarraitzen duzu dantzatzen».

Allerruk, Murixkak eta Folklore Taldeak lotu dute dantzaren soka Lezon

Salamancak Euskadiko Gipuzkoar Aurresku Txapelketa irabazi zuen 2007an. Egun Donostiako Goizaldi dantza taldearen zuzendaria da. Amona dantzaria zuen, eta dantzara eramaten zuen Sanz, hala hasi zuen zaletasuna, «Billy Elliot filma ikusita erabaki nuen dantzara biltzea, eta dantzak eman dizkit txapela eta garaikurrak, baina batez ere ikusleen emozioa edo txalo zaparrada… Hori da saririk handiena niretzako».

Bizilagunek dantza egiten zutelako hasi zen, berriz, Esnaola dantzan, «zazpi urte nituela joan nintzaion Larreari [Patxi] eskolan izena ematera, ‘zatoz zortzi betetzen dituzunean’, esan zidan hark. Zortzi urte bete nituen egunean joan nintzen, eta orduan hasi dantzan». Dantza dena izan dela beretzat dio Esnaolak, «lagunak, txapelketak, dantza taldea… alaba ere dantzaria izan zen, eta irakaslea naiz egun Villabonako Oinkari taldean. Horrekin batera jantziak josten hasi naiz orain gutxi. Txapelak irabaztea laguntzen du, ate asko zabaltzen dizkizu zalantzarik gabe».

Denak dantzan ari zirelako txikitako garai hartan eraman zuten, berriz, Garmendia dantzara. Fandangoa eta arin-arina landu ditu batik bat Iban Agoterekin batera 1997. urtean Segurako sueltoko txapelketaren irabazle izan zenak. Dantzak herri mordoa ezagutzea ekarri diola esan du, «herri guztietara joaten ginen, batetik bestera ibiltzen ginen garai hartan. Zortea izan dugu, gainera, garaipen asko izan ditugulako eta horrek laguntzen du, animatzen zaitu aurrera jarraitzen».

Dantza zaletasun handia
Berehala hasi dira hizketan, bakoitza bere iritzia ematen baten garaiko dantza kontuak eta bestearen garaikoak kontrajartzen. Salamanca, denak elkartu diren lehenengo aldia izan dela-eta pozik azaldu da lorpenarekin.

Zergatik hainbeste txapel heldu diren Lezora galdetuta, dantza zaletasun handia izan dela beti herrian esan du Ugaldek. Dantza taldearen inguruan tradizio handia izan dela zehaztu du, 1981. urtetik 1983. urtera arte hiru urte jarraian Esnaolarekin batera Euskal Herriko Sueltoko Dantza Txapelketa irabazi zuenak: «Patxi Larrea izan da harreman horren sorburua. Berak eta bere inguruan zebilen jendeak ilusio handia zuten garai hartan, eta dantza taldea eratu zuten bi diziplina lantzeko, dantza taldea eta sueltoa. Garai hartan txapelketa oso bogan zegoen. Izpiritu hori oso garrantzitsua zen garai hartan, agian orain baino gehiago. Larreak egin gintuen dantzari». Ikasitakoaren jarraitzaile eta autodidakta ere izan zirela gaineratu du.

lurdes esnaola

«Bertan ikasitakoa zein kanpoan ikasi duguna herrira ekarri eta transmititu dugu»
Lurdes Esnaola, dantzaria

«Lezoarrek oro har ongi dantzatzen dugulako», argi du erantzuna Esnaolak, «herrian bertan ikasitakoa, zein kanpoan ikasi duguna herrira ekarri eta transmititu egin dugu». Dantzari onak leku guztietan dauden ustekoa da, berriz, Pontesta, eta hainbeste txapeldun izatearen arrazoia «txapelketetara bideratu gintuztelako» izan daitekeela uste du. Salamancak esan du oso integratua ikusi duela dantza Lezon, «betidanik izan da oso herri dantzaria». Futbolerako dagoen joera naturala dantzarako ere bazegoela herrian esan du Ugaldek, eta bestalde, dantza taldeak giroa sortu zuela: «Dantza talde hori hobetzen joan da Patxi Larrearen eskutatik beste esku batzuetara pasatu zenean. Lurdes Esnaolarekin gertatu zen transmisio hori, gero Aritz Salamankarekin eta Iraultza Garmendiarekin».

iker sanz

«Ikusleen emozio edo txalo zaparrada… hori da saririk handiena niretzako»
Iker Sanz, dantzaria

Transmisio horretan Lezon dantza hobetu zen zalantzarik ez du hizlarietako inork: «Gure garaian sueltokoa ona zen gure irakaslea horretan zebilelako, baina talde dantza nahikoa pobrea zen». Ugaldek oroitarazi du Pontesta joaten zitzaiela Ugalde eta Esnaolaren garaian dantzaren perfekzioa erakustera, «gerora etorri direnek han eta hemen ikasi dute, asko hartu dute kanpotik, benekotasun horretatik, eta herrira ekarri dute, oso ongi dantzatu dute».

Uniformizazioaren kalteak
Txapelketek herri bakoitzeko dantzen aberastasunari eta aniztasunari kalte egin diotela uste du, ordea, Pontestak: «Txapelketa irabazten zuena denek kopiatzen zuten. Irabazlea Arratiakoa bazen, berdin zuen Elizondokoa izatea dantzari bat, Arratiako  urratsekin dantzatzen zuen, eta horrek tokian tokiko estiloa, aberastasuna, kutsua galtzea ekarri zuen».

Ugalde, Esnaola, Sanz, Salamanca, Garmendia, Pontesta

Ugalde, Esnaola, Sanz, Salamanca, Garmendia, Pontesta

Uniformizazioaren alde egin duela dantzak ere ikusten du Ugaldek, «gaur egun hamalau bikote aurkezten badira, mundu horretan asko ibili ez den batek ‘denek berdin dantzatzen dute eta’ esango du ziurrenik». Ikaragarrizko berdintze prozesua izan dela horren atzean dio. «Dantza batua» ezin dela sortu dio, gainera, Ugaldek, «katastrofea litzatekeelako, uniformizazioa katastrofea izan den bezala. Oso ezberdinak dira Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, edota Ipar Euskal Herriko fandango eta arin-arinak. Tajukeran lau pausotan banatuta daude, buelta batzuk daude tartean… egitura berdintsua da, baina pauso moldea oso ezberdina».

mikel pontesta

Irabazten zuena denek kopiatzen zuten. Aberastasuna galtzea ekarri zuen»
Mikel Pontesta, dantzaria

Epaimahaietako kideez ere mintzatu dira. Albaitaria, botikaria, sakristaua… herrian posizioa bai, baina dantzaz ulertzen ez zuen jendeak osatzen zuen epaimahaia sarri. «Zorionez» garai horiek aldatu direla esan dute guztiek, «asko aurreratu da, orain dantzariek osatzen dute epaimahaia gehienetan».
Urteak ez dira alperrik joan dantzaren munduan ere, eta Pontesta, Ugalde eta Esnaolaren garaiko txapelketen artean eta gaur egungoen artean diferentziak badirela argi du Iker Sanzek. Sanzek duela bi hilabete irabazi du Segurako dantza sueltoko txapelketa Villabonako Lierni Kamiorekin batera. Esnaola du irakasle Oinkari taldean. «Dantzak garapena izan du denbora honetan guztian —azaldu du Sanzek—. Gaur egungoa balletera hurbildu dela esango nuke, teknikoagoa dela. Garai batean, berriz, fisikoagoa zen, indar erakustaldia zen. Gaur egun teknikoagoa da, pausoa garbitzea bilatzen da. Garai batekoan bikotearen indar fisikoa erakustea bilatzen zen».

aritz salamanca

Herriko dantza taldeak lanean dirau, Lezoko dantzariak fuerte dabiltza»
Aritz Salamanca, dantzaria

Euskal dantzaren egungo diagnostikoa ere egitera ausartu dira. Osasuntsu dago Salamancaren ustez, «Lezoko dantzariek jarraitzen dute dantzatzen. Esparru ezberdinetara zabaldu da, Lezoko dantzari asko daude leku ezberdinetan. Herriko dantza taldeak lanean dirau, garai batean helduen taldea indartsu zegoen, eta gaur egun haurrak dira nagusi dantza taldean. Lezoko dantzariak fuerte dabiltzala esango nuke».
Haurren maila nabarmendu du ere Esnaolak, «maila handia hartzen ari dira Lezoko haurrak, oso handia esango nuke. Ehun dantzaritik gora dabiltza egun herriko dantza taldean, gure garaian 30 ibiliko ginen. Dantzari asko daude Lezon eta ongi erakusten ari dira».

iraultza garmendia

Garaipen asko izan ditugu eta horrek animatzen zaitu aurrera jarraitzen»
Iraultza Garmendia, dantzaria

Aitortza eta laguntza falta
Garai bateko Allerruren dantza taldeak, Lezoko Folklore Taldeak ondoren, eta Murixkak azkenik, lotu dute etengabean dantzaren soka Lezon, eta bide luzean hamaika ekarpen egin dizkiote herriari, «Euskal Herri guztiko dantzak ekarri ditugu herrira, urte osoan zehar hainbat ekintza antolatu ditugu, maila handia eman dute Lezoko dantzariek, baina hala ere erakundeen aldetik ez da aitortzarik egin sekula», esan du Esnaolak. Iritzi berekoa da Ugalde, «ez dute dantza lehentasunetan sartu, ez zaie iruditu aparteko bitartekorik jarri behar zutenik, ekonomikoki lagundu behar zutenik. Bitartekoak urriak izan dira, eta ez naiz lokaletaz ari bakarrik, jarreraz baizik. Udalek kale egin dute, harri berarekin egin dute estropozu eta ez dute aurrean zuten altxorra baloratzen jakin».

joxe juanugalde

Udalek kale egin dute, ez dute jakin aurrean zuten altxorra baloratzen»
Joxe Juan Ugalde, dantzaria

Gipuzkoako beste herri batzuk dantzaren alde egindako apustua nabarmendu dute horren harira. Elgoibar, Orio edota Errenteria-Orereta aipatu dituzte eredu gisa, «bitarteko izugarriak jarri dituzte horietan dantza sustatzeko. Dantzaren kabia da Errenteria». Aitortza eta laguntza beharrezkoa dela nabarmenduta, baina haiek gabe ere, seiek dute argi dantza zaletasunari jarraipena emango dion belaunaldi berria ziurtatua du Lezok.

Dokumentuaren akzioak