Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lesakan ere sanferminetako zapi gorria lepoan prest

Dokumentuaren akzioak

Lesakan ere sanferminetako zapi gorria lepoan prest

Jantzi zuriak eta zapi gorriak prest Lesakan. Uztailaren 6tik 10era murgilduko da jai giroan: musika, herri kirolak, betizuak eta hain preziatua den Zubigainekoa dantza. Bazen garaia!
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Lesaka
Mota
Albistea
Data
2022/07/01
Lotura
Naiz

 Uztailaren 7an, Fermin Donearen egunean, izango da Zubigainekoa.

Uztailaren 7an, Fermin Donearen egunean, izango da Zubigainekoa. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Bi urteko lehortea bustitzeko garaia heldu zaio, Euskal Herriko beste txoko askori bezala, Lesakari. 2019an ospatu ziren azken sanferminak; orduan, gainera, aurrenekoz Zubigaineko dantzan parte hartu zuten emakumeek, ikusmin handia sortuz. Beraz, jantzi zuria eta zapi gorria prest, datorren uztailaren 6tik 10era bitartean eztanda egingo baitu festak.

Erraldoi eta Buruhandien konpartsaren kalejirarekin abiatuko da Bezpera eguna, 10.30etan, eta Herriko Etxetik piztuko den altxaferoak emanen die hasiera jaiei, eguerdian puntuan. Ordu berean txistulariek, soinulariek, trikitilariek, Elutxa Txarangak eta haur ttikien danborradak girotuko dituzte karrikak.

Udaletxeko iturriek NAIZeri azaldutakoaren arabera, programazioari dagokionez, eta beste edizioekin alderatuz, ez da aldaketa handirik izango. Hala ere, besteak beste, uztailaren 6an Dupla taldeak eta 8an Mc Onak taldeak Plaza Zaharrean gauean (23.00) eskainiko dituzten kontzertuak azpimarratu ditu.

Biharamunean, hilaren 7an, Fermin Donearen egunean, izango da ekitaldi preziatua eta maitatua: Onin errekaren alde banatan dantzariek eskainiko duten Zubigainekoa. Honen ondotik, Bandera-arbola doinuari dagokion ikurrin-agurra egingo da aipatu zubi gainean.

Bertsolaritza maite duenak zer gozatua izango du Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal, Josu Sanjurjo, Erika Lagoma eta Etxahun Lekueren eskutik. Arrano elkarteak antolatuta, saioa 19.30etan hasiko da.

Asteburuaren atarian, Dianak emango dio hasiera, ostiralarekin, Peñen egunari. Elkarrekin gosaldu ondoren izango dira danborrada (10.00), betizuak (12.00) eta elektrotxaranga. Handiek ez ezik, txikientzat Sakako zezen ttikiak eta poniak izango dira ikusgai Eltzeta plazan (17.00). Udalak gogorarazi duenez, Foru Arau batean oinarrituta, ez ditu bere gain hartuko 16 urtetik behitikoek betizuetan izan ditzazketen istripuak.

Gazteek haurrei pasako diete lekukoa, eta uztailaren 9a umeen eguna izango da. Dianaren ostean, 10.30etan, haur eta gurasoen danborrada abiatuko da Erraldoi eta Buruhandien konpartsaz lagunduta. Eguna entzierroarekin, haur ikuskizunekin eta eskuzko pilota partidu profesionalekin osatuko da, besteak beste.

Igandez amaituko dira festak, hilaren 10ean. Bermut feminista, Nafarroako Jotak eskolaren emanaldia, haurrentzat ekintzak eta mariatxiak izango dira. Jai hilak gauerdian izango dira Elutxa txarangarekin. Orduan bai, zapia kentzeko unea izango da.

Lesakako establezimendu eta erakunde laguntzaileak: Lesakako Arranoa, Lesakako Jai Batzordea

Dokumentuaren akzioak