Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lesakako Zubigainekoa, «ahizpatasuna zentzu guztietan»

Dokumentuaren akzioak

Lesakako Zubigainekoa, «ahizpatasuna zentzu guztietan»

Emakumeek lehen aldiz dantzatu zuten atzo Lesakako Zubigainekoa. Hiruzpalau urtez entseguetan parte hartu ondoren, atzo iritsi zen egun handia. Irantzu Pastor, Leire Pastor dantzariaren ahizpak, atzo bizitakoa «ahizpatasun ariketa» izan zela dio sareetan oihartzun zabala eskuratu duen mezuan.
Komunikabidea
Naiz
Mota
Albistea
Data
2019/07/08
Lotura
Naiz

Lesaka

Lehen aldiz emakumeek ere dantzatuko dute aurten Lesakako Zubigainekoa. ndoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS         

Emakumeek lehen aldiz dantzatu zuten atzo Lesakako Zubigainekoa. Alaitz Etxabide, Maddi Taberna eta Leire Pastor izan dira Onin ibaiaren ertzeko petrilean lehen aldiz aritu diren lehen hiru emakume dantzariak. Hiruzpalau urtez entseguetan parte hartu ondoren, aurten iritsi da emakumeek dantza honetan parte hartzeko ordua.

Urtero moduan, San Fermin egunarekin egin ohi duten dantza, sanferminetako ekitaldi kuttunetarikoa izan ohi da. Atzokoa are bereziagoa izan zen, eta ohi baino herritar gehiago bertaratu zen lehen aldiz emakumeak dantzan ikustera.

Hunkigarria izan zen atzoko eguna askorentzat. Egun hori ahantziko ez duten artean dago Irantzu Pastor lesakarra. Bere ahizpa Leire Pastor zuen zubi gainean dantzan eta irudi eta lerro eder hauekin omenaldia egin nahi izan dio bere senideari sare sozialen bidez.

Zoriontasuna iradokitzen duen Leire Pastorren argazkiaren azpian, ohiturak bizi diren garaitik isolatu ezin direla nabarmendu nahi izan du: «Hauek mantentzeko modu bakarra, bizi garen garaietara moldatzea da. Atzokoagatik gara gaur garena, baina gaur egiten ditugun eraldaketengatik izanen gara bihar izan nahi duguna», dio.

«Emakumeek aurrera egiten dutenean gizonek ez dutela atzera egiten» ulertuta, emakumeek begira gelditu nahi ez dutela aldarrikatu du; «Parte hartu nahi dugu, dantzatu, ezpartzinak jarri, goizeko 8etan plazara joan kaxkabelen soinuaz, urduri, emozio leherketa bizi, horrela ere gozatzeko eskubidea izan», dio.

«Oztopoak gaindituz, eraldatu eta aurrera egiteko sortu ginen. Irriz eta dantzan atzean uzteko, betirako, jasan behar izaten dugun ikusezintasuna»,aldarrikatzen du Facebooken zabaldu eta dezenteko oihartzuna eskuratu duen mezuak.

Harrotasunez eta hunkituta agurtzen du ahizpa Irantzu Pastorrek eta atzokoa zentzu guztietan «ahizpatasuna» izan zela nabarmendu du.

Sareetan ere erabiltzaile ugarik izan dute azken orduotan Lesakako Zubigainekoa hizpide. Hemen aurkitutako mezu batzuk:

XV. mendean Lesakako auzoek sinaturiko bake itunaren oroigarria da Zubigainekoa eta urtero egiten duten dantza hau sanferminetako emanaldi nagusia izan ohi da. Orain arte, gizonek bakarrik dantzatu ahal zuten Zubigainekoa. Aurten, ordea, hiruzpalau urtez entseguetan parte hartu ondoren, bertze pauso bat aurrera egin eta hiru emakumek igandeko ekitaldi nagusian parte hartuko dute.

Dokumentuaren akzioak