Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lesakako Led Silhouette konpainiak dantzako 'El Ojo Crítico' Saria eskuratu du

Dokumentuaren akzioak

Lesakako Led Silhouette konpainiak dantzako 'El Ojo Crítico' Saria eskuratu du

Egilea
Ttipi-ttapa
Komunikabidea
Erran
Tokia
Lesaka
Mota
Albistea
Data
2024/10/25
Lotura
Erran
2016tik Lesakan egoitza duen Led Soilhouette taldeko Jon Lopez eta Martxel Rodriguez.

 

RNE irratiaren sarien 35. edizioan, konpainia «gazte eta ausarta» dela eta Lesaka bezalako herri ttiki batean egoitza paratzearen aldeko apustua egin izana azpimarratu du epaimahaiak

Martxel Rodriguez lesakarrak eta Jon Lopez madrildarrak 2016an sortu eta gidatzen duten Led Silhouette dantza konpainiak Radio Nacional de España (RNE) irratiak emandako El Ojo Crítico Saria irabazi du, dantza atalean. Epaimahaiaren erranetan, «konpainia gazte eta ausarta» izategatik eskuratu du saria, eta bere sortzaileek «karrera sendoa dute dantzari gisara».

35 urtez eman dira El Ojo Crítico Sariak eta sari hau lortzen duen lehen dantza konpainia da Led Silhouette: «Bere sorkuntzek, maila plastiko, bisual eta formalean etengabe eboluzionatzen» dutela dio epaiak. Modu berean, bere egoitza Lesakan paratu izana ere azpimarratu du epaimahaiak, «handik formatu ertain-handiko piezak sortuz». «Ttikitik zerbait handia egin daitekeela erakusten du horrek, denak ez duela hiri handietan zentralizaturik egon behar, dantza garaikidea jende gehiagorengana ailegatu daitekeela… Hori izan daiteke gure indarra, proiektu honetan hasieratik sinetsi dugula», dio Martxel Rodriguezek.

Martxel Rodriguezek eta Jon Lopezek gustura hartu dute sariaren berria Erromako Argentina Antzokian, Marcos Mourauren Notte Morricone lanaren estreinaldira joanak baitira. «Hagitz kontent gaude, guretzat une hagitz garrantzitsuan ailegatu delako». Izan ere, 2024an bi lanekin biran dabiltza Led Silhouettekoak: Los perros (dantzari bezala) eta Halley (zuzendari bezala). Azken lan hau apustu handia dela azpimarratu dute, «zortzi dantzari aritzen baitira oholtzan, eszenografia indartsu batekin». Halley nazioartean ezagutzera emateko lanean ari dira eta, alde horretatik, sari honek bultzada emanen diola uste dute.

Los perros lanari dagokionez, 2023an Kataluniako kritikak koreografia onenari emandako saria hartu zuen eta irailean Bogotáko (Kolonbia) Antzoki Nagusian taularatu zuten. «Bi aldiz bete genuen antzokia eta txalo zaparrada beroa hartu genuen. Geure burua horrelako lekuetan ikustea sinestezina da, gure lana baloratzen dela ikusten dugu».

Nafarroan aurkeztuko duten bertze proiektu berezi batean ere ari dira lanean eta beraien hurrengo lanaren estreinaldia 2026an egitea aurreikusi dute.

Dokumentuaren akzioak