Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lekuz lekuren argi-ilunak

Dokumentuaren akzioak

Lekuz lekuren argi-ilunak

Kritika, Lekuz leku

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2007/07/03

Abandoibarra izan da hiru urteotan jardunaldien kokapena, eta nik esango nuke horrela jarraituko duela, dantza garaikidearen estetika aurreratua eta Bilbo berriaren irudi ezin hotzagoa guztiz bat etor daitezkeelako elkarri laguntza ematerakoan. Kontrako adibideak, ordea, guztiz posibleak dira, Habana Zaharreko edota Galiziako Santiagoko jaialdiek erakusten diguten moduan. Baina Bilbok nahiago izan du bere iraganari bizkarra eman, zerbait lotsagarria balitz bezala, eta Guggenheim eta Euskalduna arteko pasealeku artifizialean ematen dira koreografiak.

Bestetik, argi dago kokapen berezi horrek asko laguntzen diola jaialdiari, hiriko zaratatik babesten dituelako emanaldiak eta ikusleen hautespen naturala bultzatzen duelako. Izan ere, haraino joandako ikusleek nolabaiteko hautaketa egiten dute: batzuek dantza ikusi nahi dutelako eta besteek dantzarekin egin dutelako topo paseatzearen aukera egin eta gero. Edozein modutan ere, mesedegarria da emanaldien girorako handik inor ez egotea erosketak egiten, autoa aparkatzen edota presaka joaten. Gainera, dantzaren munduan ibiltzen garenok bertan biltzen gara eta horrek ere asko laguntzen du giro aproposa eta aberasgarria sortzen.

Egitarauan dantza garaikidea izan da nagusi, baina pieza batzuk beste arlo batzuetatik --euskal dantza, hip-hop eta capoeira-- etorri dira. Kalitateari begira, ordea, denetarik ikusi dugu, eta kezkagarria da, bospasei lan oso interes eskasekoak edo maila baxukoak izan direlako. Haietariko bi amateurrak ziren besterik gabe, baina profesionalen artean gogoratzeko modukoak dira besteak beste Silvia Aure eta Kleber Damasoren, Damian Muñoz eta Virginia Garciaren eta Erna Omarsdottirren emanaldi kaskarrak. Beharbada, datozen urteetarako pentsatu beharko genuke zein irizpideren arabera hautatzen edo baztertzen diren piezak, eta beharbada kantitatea murriztu beharko genuke kalitatearen izenean.

Kontrako platerean, bertoko zein kanpoko lan interesgarri batzuk ikusi ditugu. Adibidez, asko gozatu genuen Natalia Mongeren +ES3-en freskotasunarekin, Matxalen Bilbaok, berriz, Haiku 4 proposamen interesgarria aurkeztu zuen, Asier Zabaletak bere estilo aratz eta pertsonalaren erakustaldia eman zigun Intemperie lanean eta Blanca Arrietak Rest piezaren zati zirraragarri bat plazaratu zuen.

Haiei guztiei, ordea, alde handia atera zien Joanne Leightonek zuzentzen duen Velvet talde belgikarrak, mugimenduaren kalitatea eta inspirazioa uneoro erakutsiz, benetan handiak direnen apaltasunarekin, gainera.

Dokumentuaren akzioak