Dokumentuaren akzioak
Lekuz Leku jaialdian dantzak eta arkitekturak bat egingo dute talde askoren lanetan
Kanpoko eta hemengo 15 talde dantzatuko dira Bilboko Abandoibarra pasealekuan gaurtik larunbatera bitartean
Korea, Argentina, Suitza, Euskal Herria eta beste 
herri batzuetako taldeek 18 obra eskainiko dituzte. Bilboko eremu horrek
 berezko dauzkan ezaugarriak aztertu ondoren plazaratuko dituzte lanak 
zenbaitek. Itsasadarraren ertzetan, elementu arkitektonikoen mugan. 
Paisaia piezaren parte bihurtuz, betiere.
Dantzarekin batera, 
bideoa da Lekuz Leku festibalaren beste ardatza. Dantzatzen diren hirien
 jaialdien zirkuituaren barruan dago Lekuz Leku, halaber. Europako eta 
Ameriketako 38 jaialdik osatzen dute, eta horietako hamarretan izandako 
taldeek emandako lanen bideoak erakutsiko dituzte hiru egunez, 
Abandoibarrako kioskoko kafetegiaren ondoan paratuko duten karpan. 
Besteak
 beste, Argentinako Rosario eta Buenos Airesko jaialdietako lanak, 
Bartzelonako Dies de Dansan emandakoak, Belgikako Eupengo Danse en Ville
 erakutsitakoak eta Brasilgo Sao Pauloko Visoes Urbanasekoak ikusi ahal 
izango dira, bideo emanaldietan. 19:00etan hasiko dira. 
Ikusleak dantzari
Dantza
 emanaldi gehienak kalean izango dira, Guggenheimen inguruetan. Baina 
bakar batzuk EHUko ekitaldi aretoan izango dira. Gaur kalean izango 
direnen artean Leire Ituarte, Matxalen Bilbao eta Pilar Andresen Mazing
 dago. «Lan eklektikoa» dela diote hiru koreografoek, orain artean 
estilo desberdinak jorratu baitituzte hirurek. 19:00etan aurkeztuko 
dute. Apunta zaitez! lelopean, ikusleen parte hartzea sustatuko 
duen lana osatzen saiatuko dira hainbat koreografo, 21:00 aldean. 
Matxalen Bilbaok gidatuko du ikuskizuna, Borja Ramosen musikarekin.     
Koreako Spring Dance Theater konpainiak Arirang arariyo
 lana emango du bihar Guggenheim inguruan, 19:00etan. Choi Kyung-shilek 
diseinatu du Koreako abesti tradizional baten inguruan. Minari eta 
erresistentziari buruzkoa da. Koreako beste koreografo batek, Jang 
Eun-Jungek Q&A lana emango du jarraian, gizon eta emakume 
baten arteko tentsio harremanean oinarrituz. Herrialde hartako beste bi 
talde ere izango dira, bata bestearen ostean. Edx2 Dance Company eta 
Park Soon-ho Dance Project. Modern felling eta Pattern & variability emango dituzte, hurrenez hurren. Kukaik azken kreazioa erakutsiko du, Karrikan. Guggenheim aldamenean emango du, 21:00etan.
Iruñeko
 Via 4 taldeak emango duen izen bereko piezarekin hasiko dira 
larunbateko emanaldiak, 19:00etan. Carmen Larrazek zuzendutako lanaren 
ostean, Suitzako 7273 konpainiak Climax eta On Stage 
piezak eskainiko ditu EHUko ekitaldi aretoan. Eneko Alcarazek, Igor 
Calongek eta Daniel Abreuk Fundicionen Istripuak egitasmoaren barruan 
sortutako Awkaward lana aurkeztuko dute Guggenheim inguruan, 20:30ean. 
Orobat,
 dantza garaikideko profesionalen topaketak eta dantza eta arkitektura 
lotzen dituzten ikastaroak izango dira Lekuz Leku jaialdian egunotan.
Dokumentuaren akzioak
    
  
 
