Dokumentuaren akzioak
Leipzigeko Balleta, bihar eta etzi Donostian
Itziar Mendizabal hondarribiarra izango da dantzari bakarlaria bi koreografiatan
Uwe Scholzek zuzendu zuen Leipzigeko Balleta 13 urtez, 1991tik 2005era bitartean, eta Scholzen estilo koreografiko bereziari estu lotuta geratu da harrezkero konpainia. 2005ean, Sholz hil eta gero, egungo zuzendariak hartu zuen kargua, Paul Chalmerrek.
Uwe Sholz (Hessen, Alemania, 1958) Stuttgarten graduatu zen, Wurttenbergeko Estatuko Ballet eta Antzerki Eskolan. Stuttgarteko Balletak kontratatu zuen, eta Marcia Haydeek zenbait musika konposizioren koreografia egin zezan agindu zion. 26 urte baino ez zituela Zuricheko Operaren Antzerkiko koreografo buru izendatu zuten, eta sei urtez zuzendu zuen bertako balleta, 1997an Leipzigekoaren ardura hartu zuen arte.
Honako hauek dira Leipzigeko Balletak bihar eta etzi Viktoria Eugenia Antzokian egingo dituen emanaldietan eskainiko dituen koreografiak: Uwe Scholzen Suite for two Pianos, Sergei Ratxmaninoven musikarekin; Glen Tetleyren Pierrot Lunaire, Arnold Schonbergen musikarekin; eta Uwe Scholzen Symphony Nr. 7, Ludwig van Beethovenen musikarekin. 20, 40 eta 40 minutuko iraupena dute, hurrenez urren.
MADRIL, ZURICH ETA LEIPZIG. Itziar Mendizabalek oso txikitandik du dantzarako zaletasuna. Gaztetxoa zela, Elvia Ubierna izan zuen irakasle, eta hark bultzatu zuen dantza ikasketak sakontzeko kanpora jotzeko urratsa egitera. Alemaniara joateko asmoa zuen arren, gurasoek lehenik Madrila jotzeko aholkatu zioten, eta horixe egin zuen, 14 urterekin. Madrilen, Victor Ullateren konpainiarekin egin zuen lan.
Zuricheko Operako Balleteko dantzaria izan zen gero Mendizabal, 2003 eta 2006 urteen artean. 2006an, dantzari bakarlari gisa aritzeko eskaintza egin zion Leipzigeko Balletak, eta ez da baiezkoa eman izanaz damu, oso gustura sentitzen baita konpainia horretan egiten ari den lanarekin.
Dokumentuaren akzioak