Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Leioako Umore Azoka: Herri oso bat agertoki

Dokumentuaren akzioak

Leioako Umore Azoka: Herri oso bat agertoki

Bihar hasiko da jaialdiaren 23. aldia. Igandera bitarte, 43 konpainiaren 90 emanaldi eskainiko dituzte, guztira, udalerriko hamazazpi espaziotan.
Egilea
Olatz Enzunza Mallona
Komunikabidea
Berria
Tokia
Leioa
Mota
Albistea
Data
2023/05/17
Lotura
Berria

Andoni Aresti dantza eskolako ikasleak, ikuskizun batean.

Andoni Aresti dantza eskolako ikasleak, ikuskizun batean. ASIER BASTIDA / LEIOAKO UMORE AZOKA

 

Erreferentziazko topaketa da Leioako Umore Azoka arte eszenikoen eta kale ikuskizunen esparru zabalean aritzen direnentzat. 23. aldia beteko du aurten, eta, denera, 90 emanaldi antolatu dituzte udalerriko hamazazpi espaziotan. Horien artean, gainera, erabateko hamasei estreinaldi ikusi ahal izango dira. Kaleko arte ikuskizunetan ohikoa izaten denez, diziplinartekotasuna izango da nagusi Leioan (Bizkaia) izango den eskaintzan ere. Izan ere, bihar hasi eta igandera bitarte, askotariko dantza saioak, zirku emanaldiak, magia ikuskizunak, txotxongiloak, clownak eta piroteknia egongo dira, besteak beste.

Denera, 43 konpainiak parte hartuko dute, eta horien ia erdiak izango dira Euskal Herrikoak; hamazazpi, hain zuzen. Estreinaldien artean, berriz, hamar euskal talderen lanak ikusi ahal izango dira lehenengoz. Hauek izango dira, zehazki, euskal taldeen estreinaldiak: Barre Konpainiako Javier Garciak euskal arrantzaleei omenaldia egingo die Nao-Now-Nau ikuskizunean; Harrobi Dantza Bertikalak diziplina askotako Geure(R)a lana erakutsiko du; Hortzmuga Teatro taldeak umorea eta kutsaduraren gatazka elkartuko ditu El viejo, el buzo y el mar obran; La Glo Zirko Dantzak Ensueño taularatuko du; Lekittoko Deabruak & Zozongok Mingorri egingo du, piroteknia eta mitologia bateratzen dituen ikuskizun ibiltaria; Piszifaktoria Ideien Laborategiak distopia bat antzeztuko du, Asfaltoaren azpian, euria; Rojo Telon konpainiak eraldaketari, aldaketari, bizitzari eta heriotzari buruzko jolasa proposatuko du Transir emanaldian; Qabalum Nafarroako dantza konpainiak La medida que nos ha de dividir obra eskainiko du; Batcharte dantza konpainiak XVII. mendeko sorginkeriaren epaiketak oroitzeko sortutako Sor[tu.E]gina erakutsiko du; eta, azkenik, Oscar Terol buru duen Trapu Zaharra taldeak Eutsi Ramon taularatuko du. Azken hori izango da Trapu Zaharra taldekoen azken emanaldia, Alberto Garcia Umore Azokako zuzendariak kontatu duenez: «Erretiroa hartuko dute».

Horiez gain, udalerriko taldeak ere hauspotu nahi izan ditu jaialdiak. Horren erakusgarri izango da Andoni Aresti dantza eskolako ikasleen emanaldia.

Euskal Herriko konpainiez gainera, nazioarteko hainbat ere izango dira Umore Azokan. Tartean, Kenyatik, Portugaldik, Frantziatik, Suediatik eta Kataluniatik etorritakoak. Udalerriko hamazazpi gunetan izango dira emanaldi horiek guztiak, doan eta aire zabalean.

Jaialdiko programatzaileek azaldu dute pozik daudela aurkeztu den lan kopuruarekin, 550 proposamen inguru jaso baitituzte denera. Haien artean egin behar izan dute hautaketa, eta, antolatzaileen ustez, «askotarikoa eta kalitatezkoa» da osatu duten proposamena.

Emanaldien hamarretik zortzi «publiko zabalak» ikusteko modukoak direla nabarmendu du Garciak: «Familia osoak elkarrekin gozatzeko eskaintza prestatu dugu». Emanaldi gehienak birritan egingo dituzte, bi hizkuntzatan: euskaraz eta gaztelaniaz. 

Erakustaldiaz gainera

Kaleko emanaldiez gainera, beste hainbat jarduera ere egingo dituzte Leioako Umore Azokaren barruan. Hitzaldiak, liburu aurkezpenak eta negozio bilerak, kasurako. Horietatik, baina, hiru nabarmendu nahi izan dituzte antolatzaileek: EZE Euskal Zirku Elkartea aurkeztuko dute, batetik; kaleko arteetan lankidetza bultzatzeko «Euskadi-Portugal hitzarmena» sinatuko dute, bestetik; eta Umore Meetings saioak egingo dituzte, azkenik.

Bestalde, Leioa ikuskizunentzako agertoki izateaz gainera, erakusleiho ere badela gogorarazi du Garciak. Azoka izaera hori azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. Izan ere, hiriko kaleak kontratuak egiteko gune ere badira, jaialdiak irauten duen lau egunetan. Kaleko arteetan espezializatutako hirurehun profesional inguru bertaratzea espero dute. Tartean, programatzaileak, hornitzaileak, ekoizleak zein artistak.

Leioako Udala da egitasmoaren antolatzailea, baina Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ere laguntzen dute jaialdia.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

www.umoreazoka.org

Dokumentuaren akzioak