Dokumentuaren akzioak
Leioako Umore Azoka hasiko da gaur "estreinaldi sortarekin"
Jaialdiak aplikazio propioa izango du eta Twitter eta Facebook sare sozialetan jarraipen zabala eskainiko dute antolatzaileek
Orotara, 170 emanaldi baino gehiago izango ditu egitarauak, eta lau egunez, "kaleko arteen hiriburu bihurtuko du horrek Leioa".
Ehunka sortzaile, programatzaile eta banatzaile batuko ditu hitzorduak, eta 35.000 ikusle inguru bilduko ditu. Gaur egun egiten diren dantza, zirko, musika eta performance ikuskizun onenez gozatzeko aukera izango dute guztiek.
Estreinaldi gune ere izango da Leioa egunotan, Euskal Herriko, Espainiako Estatuko eta nazioarteko konpainia askorentzat "erreferentziazkoa" baita jaialdia, eta Umore Azoka hautatu dutelako beren lanik berrienak estreinatzeko. Azokako lehen eguna da horren erakusle; izan ere, ostegun honeetan izango diren 22 emanaldietatik 11 estreinaldiak izango dira.
Euskal Herriko talde askok, esaterako, ostegun honetan egingo dute estreinaldia: Gaitzerdi antzerki taldeak I. Mundu Gerran oinarritutako "Out" obra eskainiko du aurrenekoz; 2013an "4x4" lanarekin Umore Azokako Kale Ikuskizunik Onenaren saria jaso zuen Ertza dantza taldeak "El show del Espectador" estreinatuko du; Dikothomiak dantza eta zirkoa uztartzen dituen "Spazi...o" pieza; Pez Limbok hitzik gabeko "Almacenes Parisien" antzezlana; Colectivo Hirikok fantasiaz betetako "La Gloïre-les bouffeurs d'ombres" dantza performance pieza; eta Dantzaz konpainia Arriagaren doinu barrokoak eta Niña Coyote eta Chico Tornado musika taldearen rocka batzen dituen "Barrock" lanarekin izango da kalean.
Horrez gain, Hortzmuga Teatro konpainiak "Nola" eta Markeliñe antzerki taldeak "Andante" antzezlan berriak eramango dituzte ostegun honetan Leioako kaleetara. "Esanguratsua da datua. Lau egunetan Euskal Herriko 17 taldek hartuko dute parte Umore Azokan, eta horietatik 12k lana estreinatuko dute", adierazi dute antolatzaileek.
Halaber, euskal taldeen estreinaldiez gain, ostegunean bertan, "Crudo Ingente" izeneko instalazio performancea estreinatuko du Nacho Vilar Producciones Murtziako taldeak; Mendebaldeko dueluetan oinarritutako bi pertsonaientzako "Ka-Yi-Ha" dantza eta peformance pieza eskainiko du aurrenekoz Los Moñekos konpainia katalanak; eta "Le Petit Studio Cinema" estreinatuko du Compañía de Títeres Errantes eta Producciones Cachivache taldeak.
TOR MANSION
Bestalde, osteguneko egitarauarekin jarraituz, "kalea zinema pantaila bihurtuko du" To R Mansion Japoniako taldeak, "Cinema Paradaise" ikuskizunarekin. Pelikula ezagunetako zatiekin osaturiko obra berezi da, eta erritmo izugarri biziz nahasten ditu magia, mimoa, akrobaziak, dantza eta bestelako antzezpenak, istorio zoro bezain dibertigarria kontatzeko."Guztia, koordinazio eta teknika harrigarriz, eta beste hainbeste umorez", adierazi dute.
Gainera, Holandatik datorren Compañie Mobil taldeak "Sulky1" eskainiko du, eta Alemaniako Teatro Só taldeak "Sómente" aurkeztuko du. Frantziatik helduko da Les Mobilettes konpainia, "Café Frappé!" piezarekin.
Lehen eguneko programazioa osatuko dute Maintomano taldearen "Ekilibua" ekilibrismo ikuskizunak, Tania Garridoren "Etzev (Labor)" piezak, XeviXavoXou taldearen "From lost to the river" ikuskizunak eta Kataluniako Stampades konpainiaren "Enfila S.A." lanak.
ARTEKALE
Halere, Umore Azoka ez da jaialdia soilik, eta ehunka sortzaile, programatzaile eta banatzaile batuko ditu Leioan lau egunez. Kaleko arteen sektorea indartzen laguntzea da Umore Azokaren helburuetako bat, eta Artekale espazioa antolatuko du horretarako. Bigarrenez prestatu da gune hori, eta sektoreko ordezkaritza zabala bilduko du bertan.
Sektorearen topagune izango da espazio hori, eta ostegunean, esaterako, Kale Antzerkia Bultzatuz egitasmoa aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak, eta aurkezpenak egingo dituzte kale antzerkiei eskainitako jaialdiek.
Jaialdiaren ñabardurarik ez galtzeko, aplikazio propioa izango du Umore Azokak, eta Twitter eta Facebook sare sozialetan jarraipen zabala eskainiko dute antolatzaileek. Horrez gain, egitarau osoa eta talde guztiei buruzko informazio azokaren webgunean dago jadanik.
Iazko Umore Azoka (Marta Hernández)
Dokumentuaren akzioak