Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lehio bat munduko folkloreari zabalik

Dokumentuaren akzioak

Lehio bat munduko folkloreari zabalik

Gaur hasi eta igandea arte, lau kontinentetako zortzi talde arituko dira Zubi Alde kiroldegian

Egilea
Estibalitz Ezkerra
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Portugalete
Mota
Elkarrizketa
Data
2001/07/27

Astean zehar motorrak berotzen ibili ostean, Portugaleteko Nazioarteko Folklore jaialdiak ateak irekiko ditu gaur. Igandea arte, Zubi Alde kiroldegiak 22:00etatik aurrera zortzi dantza talderen ikuskizunak hartuko ditu, jaialdiko anfitrioiak taularatuko duena barne. Munduko folklorearen erakusle izatearen konpromisoari fidel, aurtengo jaialdiak ia kontinente guztien ordezkaritza bilduko du. Izan ere, talde gonbidatuen artean Afrika, Amerika, Asia eta Europatik datozen konpainiak daude.Hain zuzen ere, Burundiko Batinbo, Eslovakiako Turiec eta Elai Alai bera izango dira lehen jardunaldiko protagonista nagusiak. Jantzi koloretsuz jantzita, afrikarrek danborraren doinuak dantza alaiekin uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko dute. Danborra Burundiko kulturaren ardatzetako bat da, urteetan erlijioari eta tribuen bizimoduari erabat loturik egon dena. Antzina espirituei deitzeko tresna sakratutzat jotzen zuten, eta ekitaldi garrantzitsu oro (errege koroatzeak, adibidez) danbor doinuekin ospatzen zuten. Urteekin danborra kutsu erlijiotsu hori galduz joan den arren, ez dio burunditarren nortasun zeinu izateari utzi.



Europa erdialdeko tradizioa

Eslovakiako Turiec dantza taldea, berriz, folklore eta musika zale batzuen proiektu xume izatetik, gaur egun nazioartean izen handia duen elkarte bihurtzera igaro da. Taldeak 1954an eman zituen bere lehen urratsak, eta une honetan 50 kidetik gora biltzen ditu. Haietarik gehienak ikasleak dira. Hasiera bateanTuriecek Eslovakiako dantza tradizioa ikertzera eta berreskuratzera bideratu zituen bere ahalegin guztiak. Baina 70eko hamarkadatik aurrera lan esparrua Turieceko eremura mugatu du. Eslovakiako konpainiak nazioarteko jaialdirik garrantzitsuenetan parte hartu du, besteak beste, Alemanian, Hungarian, Jugoslavian, Italian eta Grezian.



Bihar Arkhangelsk-eko (Errusia) Siverko, Txinako Tang dinastia inperialeko taldea, eta Puerto Ricoko Conjunto Folklorico Guarionex arituko dira Portugaleteko Zubi Alde kiroldegian.



Jose Ignacio Beitia Portugaleteko folklore jaialdiko zuzendaria

«Dantza ikuskizun eta kultur adierazle izan dadila nahi dugu »

E. Ezkerra / Portugalete

Portugaleteko euskaltzale batzuen ekimenez sortu zen Elai Alai dantza taldea, 1962an. Bultzatzaileen artean zegoen Jose Ignacio Beitia, gaur egun Nazioarteko Folklore jaialdiaren zuzendaria dena. 1974an ekitaldia Folklore Jaialdi Antolatzaileen Nazioarteko Komitearen (CIOFF) barruan sartu zen, UNESCOren babesa duen erakundean.



• Duela bi urte jaialdiaren zilarrezko ezteiak ospatu zenituzten, Elai Alai urrezkoetatik geroz eta gertuago dago... Pozik?



Erabat. Elkartea sortu genuenetik hona gorabehera dezente ezagutu ditugu, baina une honetan taldea erabat sendoturik dago, eta baliabide aldetik beharrezko guztia daukagu. Jaialdiari dagokionez, Frantzian ikusi genuen ekitaldi batetik abiatu ginen hura egiteko. Garai hartan ez zegoen folklore jaialdirik, eta halako ekitaldi bat antolatzea ez zela hain zaila izango iruditu zitzaigun. Lehen urtean kanpoko talde bi gonbidatu genituen: Frantziakoa bat eta Irlandakoa bestea. Urtetik urtera geure buruei gehiago eskatu diegu, eta horrela 27. ekitaldia betetzera heldu gara.



• Horrela esanda, halako ekitaldi bat antolatzea erraza dela ematen du.

Jaialdiak bata bestearen ondoan antolatzen dira; maiz, urte batean kontratatu ezin duzun taldea hurrengorako lotuta uzten dtuzu. Hain zuzen ere, konpainien kontratazioa da zereginik korapilatsuena. Ikusleek taula gainean ikusten dutena lan guztiaren amaiera baino ez da. Eta kalitateko materialik ez badago, hau da, ez badira talde egokiak gonbidatzen berehala antzematen da. Guk ikuskizuna ez ezik dantza kultura baten adierazle izan dadila ere bilatzen dugu: benetakoa, baina aspergarritasunean erori gabe.Tamalez, bi elementu horiek talde berean aurkitzea izaten da zailena. Batzuetan gertatzen da interesgarria izan arren agian folklore hori ez zaigula hainbeste gustatzen. Hala ere, horiek ere ikusten eta errespetatzen jakin behar dugu.



• Bestalde, urteekin dantza talde gonbidatuen esparrua handituz joan zarete. Aurten, adibidez, ia kontinente guztietako ordezkariak bildu dituzue.

Hasieran Europako taldeekin soilik genuen harremana, kanpoko taldeak ekartzea gastu handia zelako. Hain urrunetik datozen dantzariak egun batzuetarako bakarrik ekartzea ez da batere errentagarria: ez ekonomikoki ezta kulturalki ere, haien tradizioa ezagutzeko denbora gehiago behar baita. Baina jaialdien zirkuituan sartu ginenean, arazoa konponduta geratu zen. Gastuak elkarren artean ordaintzen ditugu, baita ikuskizunak adostu ere.



• Zer moduzkoa da beste jaialdiekin duzuen harremana?

Ezin hobea. Maiztasun finko batekin biltzen gara, eta informazioa elkar trukatzen dugu. Askotan haien erabakien aurrean amore eman behar izaten dugu, Portugaleten izan dugun talde bat kontratatu nahi dutela eta berriro ekartzera derrigorturik gaudelako. Dena den, ezin gara hain zorrotzak izan elkarri laguntzea beharrezkoa baitugu.



• Hala ere, errepikapenetan erortzeak ez al dio jaialdiari kalterik egingo?

Egia esateko, une honetan nahiko zaila da oraindik Portugaletetik igaro ez diren herrialdeak ekartzea. Jaialdiarekin daramatzagun 27 urte hauetan ekitaldi bakoitzeko zortzi talde gonbidatu ditugu, eta horrekin batera aukeraketa esparrua mugatuz joan gara. Badakigu hemendik aurrera gauza berriak topatzea zaila izango dela, baina originaltasunari eta aniztasunari eutsi nahi diogu. Gainera, ez dugu ahaztu behar herrialde berean folklore aniztasun handia egon daitekeela. Euskal Herrian bertan hala gertatzen da. Nire ustez, oraindik badugu zer ekarri eta non aukeratu.



• Aurrera begira, zeintzuk dira Elai Alairen helburuak?

Portugaletera toki guztietako taldeak ekarri baditugu ere, gu oraindik ez gara Europatik kanpo irten. Atlantikoa zeharkatzea falta zaigu, Afrikako herrialdeak bisitatzea, denborarekin bete nahiko genituzkeen kontuak dira horiek.



• Jaialdiari dagokionez, eskaintza zabaltzeko asmorik?

Aurten marka guztiak hautsi ditugu. Herrien parte-hartzea nabarmen handitu dugu, Portugaletera ez ezik dantza Euskal Herriko beste 30 herritara eraman baitugu. Dauzkagun egun eta taldeekin, horixe da egin dezakegun guztia. Eta aurrerantzean ere bide beretik jarraitzeko asmoa daukagu.

Dokumentuaren akzioak