Dokumentuaren akzioak
Lehiaketa bikoitza aurten: Aurresku Txapelketa eta Doinu Zahar Txapelketa
Aurten berrikuntza handi bat dakar Gipuzkoar Aurresku
Txapelketak: lagun bat sortu zaio, eta azaroaren 26an Pasaian bi
txapelketa jokatuko dira, aurresku txapelketa hori eta Euskadiko V.
Doinu Zahar Txapelketa. Batean mutilak ariko dira, bestean neskak.
Pasai Donibaneko kiroldegian da hitzordua, arratsaldeko
7etan. Hori baino lehenago, igande honetantxe, hilak 20, Pasai San
Pedroko udal aretoan, Doinu Zahar Txapelketako kanporaketa jokatuko da,
zortzi finalistak izenda-tzeko.
Gipuzkoar Aurresku Txapelketan gero eta dantzari gutxiago
ari-tzen denez, antolatzaileek -Pasaiako Udala, Alkarkide taldea eta
Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarra- pentsatu dute beste txapelketa
bat eranstea lehengo horri. Euskadiko Doinu Zahar Txapelketa
Hondarribian izan ohi zen, Kemen dantza-taldeak antolatuta, eta guztira
lau aldiz jokatu zen, azkena 2002an. Lehenengo hiru urteetan Miren
Bermudez nagusitu zen, eta laugarren aldian Miren Illarreta.
Aurresku Txapelketari dagokionez, hauek eman dute izena:
iaz eta orain bi urte garaile gertatu zen Iker Larunbe (Atarrabia); eta
Iker Sanz (Lezo), Beñat Asensio (Lezo), Xanti Leonet (Oiartzun), Aitor
Asenjo (Elgoibar) eta Aitor Arrieta (Errenteria).
Doinu Zahar Txapelketan, hauek izango dita kanporaketako
hamabi parte-hartzaileak: Izar Etxeberria, Maddi Nazabal, Udane
Eskudero, Izar Aizpuru eta Naiara Mitxelena (Oiartzun); Ane Espilla,
Arantxa Ferreiro eta Iraitz Gonzalez (Elgoibar); Zuriñe García (Lezo),
Idoia Besada (Pasaia), Nagore Indakoetxea (Errenteria) eta Lierni Kamio
(Villabona).
Euskal Dantzarien Biltzarreko Xabier Mendizabalek atzoko
aurkezpenean esan zuenez, «neskei beren trebetasuna erakusteko aukera
gehiago ematearren jarri dugu berriz ere martxan Doinu Zahar Txapelketa.
Neskentzako dantza hauek badute ezaugarri oso nabarmen bat:
irregulartasuna. Eta, ondorioz, zailago ere badirazo gizonezkoen dantzak
baino.
Aurresku txapelketari dagokionez, ariketa hauek izango
dituzte parte-hartzaileek: Soinu Zaharra (Ormatxulo), Aurkez aurke
(Desafioa), Kontrapasa eta Zortzikoa. Azkeneko zortziko hori
interpretazio librekoa izango da eta zor-tziko baten egitura izan
beharko du: sei konpas dantzatuak, azkeneko bi konpasak kortea edo
itxiera emateko utziz.
Irabazleak 'Tomas Murua Trofeoa' eramango du. Normalean
dantzariak Udalari utzi ohi zaio, baina hiru aldiz jarraian irabazi
ezkero etxera eramateko eskubidea izaten da, eta hilaren 26an Iker
Larunbek irabazten badu zorte izan hori izango du.
Bestalde, Xabier Mendizabalek kezka agertu zuen atzo,
Doinu Zaharrak gaur egun «beste era batera aurkezten ari direlako,
jauziak edo Baztango mutil-dantzak balira bezala, eta hori ez da Juan
Ignazio Itzuetak utzi ziguna bere liburuan».
Dokumentuaren akzioak