Dokumentuaren akzioak
Lehenengo euskal soinujolea
1829an Cyrill Demianek Vienan asmatu zuenetik, akordeoia azkar asko hedatu zen munduan barrena. Esate baterako, badakigu Parisera eta Madrilera 1831n eta 1836an iritsi zela hurrenez hurren. Baina nola ailegatu zen Euskal Herrira? Hainbat teoria dago: Rafael Aguirreren arabera, akordeoia Euskal Herrian sartu zuten Beasain-Ormaiztegi trenbide zatia eraikitzeko 1859an kontratatutako Alpeetako langileek. Horietako bat izan zen Juan Bautista Busca. Javier Ramosen arabera berriz, 1835-1840 urteen artean Madrilera inportatu ziren aurreneko akordeoiak Frantziatik ekarritakoak ziren. Paris eta Madril arteko errege-bidea Irun-Tolosa-Beasain-Zumarraga-Bergara-Arrasate-Gatzaga-Gasteizen barrena zihoan, eta horregatik, dio Ramosek, sinesgaitza da akordeoia ez ezagutu izana Euskal Herrian 1859 aurretik. Azkenik, Iñaki Linazasororen arabera, 1831n Pisonnat mekanikoaren Parisko tailerrean asmatu eta hilabete gutxira, Pasaian ainguratutako bergantin baten ontzi gainean entzun zen akordeoiaren soinua. Linazasorok ez du inolako frogarik ematen, eta beraz baliteke kontakizuna poetikoa izatea historikoa baino gehiago, baina ez litzateke izango erabat sinestezina horrela gertatu izana. Beste alde batetik, nahiz eta akordeoia ez zuen Pisonnatek asmatu 1831n Parisen, egia da datu horiek zirela garaiko entziklopedia askotan azaltzen zirenak, eta beraz Linazasororen dokumentazio akatsa barkagarria da zinez.
Javier Ramosek argitaratuko dokumentu batek egiaztatzen duenez, 1860an, Busca Euskal Herrira iritsi eta urtebete besterik ez zela, bazen Bilbon akordeoiaren birtuoso bat: D. F. Erezuma, musikari eta geografoa. Hari buruz esaten zuten talentua zuela “nahi duena izateko”. “Konpositore moduan, argitara eman dituen bals eta dantza batzuengatik gomendatuta dago, eta pieza arinak izan arren, nahikoa dira arte jainkotiarraz daukan ezagutzaz eta bere gustuaz ideia egokia emateko. Instrumentista gisara, akordeoia jotzen entzun dioten guztiak harrituta bezain txundituta geratu dira, ikusirik zer nolako zukua ateratzen dion instrumentu honi, zeina erabiltzen jakinez gero adierazkorrenetako bat den, eta nekez izango da Erezuma jaunak bezain ondo erabiltzen duenik. Baina gizon horrek, bide batez, bilbotarra denak –eta bilbotar izan behar oztopoak gainditzen ez jakiteko– musika adina ezagutzen ditu marrazkigintza, historia eta geografia; gainera, dohaina dauka bere lanei onerako buru-argitasuna duten gizonei baino ez dagokien originaltasun-zigilua emateko”.
Beraz, nahiz eta seguru asko akordeoia askoz lehenago ere ezaguna zen Euskal Herrian, esan dezakegu izenez ezagutzen dugun lehenengo akordeoilaria Juan Bautista Busca Pretto dela, zeinak 1859tik jotzen baitzuen Goierrin Piemontetik ekarria zuen akordeoia. Haren musika-ibilbidetik dokumentalki ezagutzen duguna beraren biloba Jose Maria Busca Isusi (1916-1986) Zumarragako idazlearen aipamena da, askotan ekartzen baitzuen gogora, lagunartean, bere arbasoak akordeoiaz azaltzen zuen kalitate musikala. Badakigu, halaber, Cesnolako (Italia) haren jaiotetxean akordeoia jotzen zela. Rafael Aguirreren arabera, akordeoi diatonikoa Euskal Herrira ekarri zuten trenbide-langile alpetarretako bat izan zen, eta harekin alaitzen zituen haien festak eta gau luzeak langileentzako prestaturiko behin-behineko “kanpamentuetan” –kantinak, ospitaleak eta okindegiak altxa zituzten, besteak beste, trenbidea eraiki bitartean–.
Akordeoi diatonikoa Euskal Herrira ekarri zuen trenbide-langile alpetarretako bat izan zen, eta harekin alaitzen zituen haien festak eta gau luzeak langileentzako prestaturiko behin-behineko “kanpamentuetan”
Akordeoi haien soinu kartsu eta melodikoak, Aguirreren arabera, zirrara handia eragin zuen inguruko biztanleengan, eta hauek azkar asko egin zuten bere, alde batera utziz ohiko txistua eta alboka. Aguirreren teoriari jarraiki, esan ahal izango litzateke sarritan jo izango zuela Zegaman 1862tik 1864ra arte eduki zuen tabernan, baita Zumarragan 1864tik aurrera gobernatu zuenean ere. Juan Bautistaren jaiotetxean daukate oraindik hemen erakusten dugun akordeoia. Alvaro Buscari –Juan Bautistaren ondorengoari– Grazianak –Juan Bautistaren anaia Antonio Busca Prettoren ondorengoak– eman dizkio argazkiak.
Italiatik etorritako artista baten ibilerak
Busca Cesnolan jaio zen, seguruenik 1839ko maiatzaren 23an. Gurasoak Giussepo Busca eta Margarita Pretto ziren. Sei anaia eta arreba bat izan zituen. Piemontera hitz egiten da Cesnolan, frantsesaren eta italieraren nahasketa bat, eta frantsesa ere bai; eta horregatik, Jean Baptiste jarri zioten bataioan. 1859an, Goierrira iristean, espainiartu egin zuen izena. 20 urte zituela eman zuen izena trenbidea eraikitzeko hainbat enpresa frantziar Aostako bailaran egiten ari ziren errekrutatzean eta Gipuzkoako Goierri eskualdera etorri zen, gutxienez beste 40 lagunekin. “Hermanos Pradines” enpresak eman zion ziurtagiriak dioenez, Juan Bautista Busca 1859ko martxoan kontratatu zuten, meatzari aritzeko, eta lan hori egin zuen 1861eko maiatzera arte, orduan postari izatera pasa baitzen.
1862an enpresak Zegamara eraman zituen bere langileak, horien artean Juan Bautista. Eta Zegaman zela, 1862ko apirilaren 28an, Josefa Antonia Sagastizabalekin ezkondu zen. Gizon ekintzailea zenez, handik gutxira Txanberonea edo Osina Berri izeneko kantina ireki zuen emaztearekin batera, Oazurtza izeneko tunelaren hegoaldeko sarbidetik 500 bat metrora –Madril-Irun lineako tunelik luzeena berau, 3.200 metrokoa–. Dirudienez, inguru horretan dezenteko giroa zegoen, eta dakigunez Juan Bautistak berebiziko laguntza eman zuen horretan, bere kantina alaiarekin. Bikoteak bi alaba izan zituen Zegaman, biak ere umetan hilak.
Trenbide zati honen lanak 1864an bukatu ziren, eta ondoren Zumarragara etorri ziren, Zubiaurre kaleko 21. zenbakira, eta ordura arteko ostalaritza jardunari segida emanez taberna bat ireki zuten. 1864-1869 urte tartean aldizka aritu zen Zumarraga-Beasain zatia eraikitzeko lanetan eta tabernan. Bigarren Gerra Karlistaren urteak ziren eta Juan Bautistak, italiar herritartasuna zeukanez, bazeukan bere taberna eremu neutral bihurtzerik. Hori zela eta, liberalak gerturatzen zirenean bandera liberala jartzen zuen, eta bandera karlista berriz beste aldekoak inguruan zebiltzanean. Diotenez, Santa Kruz apaiza eta bere guardia beltza bezero ohikoenetakoak zituen, handik igarotzean beti egiten baitzuten tabernatik sartu-irten bat.
Senar-emazteek zazpi seme-alaba izan zituzten Zumarragan 1866 eta 1879 artean. Esaten dutenez, sonatuak izaten ziren familiaren bazkalondokoak, seme bakoitzak instrumentu bat jotzen zuen eta. Tabernari aritzeaz gain, ebakitzaile –harakin– lanbidean ere espezializatu zen. Badirudi 1868an osoki haragi-hornitzaile –errematatzaile– ari zela Zumarragan, udal-artxibategian ageri denez. Salerosgaien sartu-irtenagatik zergak kobratzen zituen Udalak, eta salaketa-idatzi ugari dago kontu horren inguruan, aipatu zergak ez ordaintzeko trikimailuak zirela eta sortuak; badirudi Juan Bautistak eskarmentua zuela jokaera horietan.
Badirudi Juan Bautista Busca urrezko belarritakoa jarrita ibiltzen zela Zumarragan. Ez da Euskal Herriko lehen soinujolearen bitxikeria bakarra
Jakina da Zumarraga eta Urretxu bereizten dituen Urola ibaia zeharkatzen zuen lau oholeko zubi txiki bat eraiki zuela –haren etxeak ibaira ematen baitzuen– beste aldean zeuzkan baratzeetara pasatzeko behar zuelako aitzakiarekin. Udalak kendu eginarazi zion, haragi-kontrabandoa egiteko erabiltzen zuen susmoz, baina ondoren kableak bota zituen, helburu berberarekin. Liskar ugari gertatu zen. Badirudi arazoak goia jo zuela 1880ko abuztuaren 25eko arratsaldeko sei eta erdietan, orduan agertu baitziren etxean, udal-epailearen aginduz, herriko errematatzailea eta zutargiak zeramatzaten lau guardia, miaketa egitera; azkenean, ozpina egiteko zahagi bat ardo baino ez zuten aurkitu, eta une jakin batean hark “lapurrak” zirela esan zienez, salaketa jarri zioten eta auzibidea abiatu, baina lagunen eraginari esker zigorrik gabe geratzea lortu zuen.
Badirudi urrezko belarritakoa jarrita ibiltzen zela Zumarragan eta haren beste bitxikerietako bat zura lantzeko zeukan afizioa da, esate baterako makilak edo zutabeak. 1900eko urtean, Itarte eta Azpiazurekin elkartuta, zumea lantzeko industria bat altxatzea erabaki zuen, mementoan “Busca y Compañía” saskigintza-lantegi moduan abiatu zena. Altxatutako eraikina handitu egin zuten 1905ean, nabe bat gehituta benetako fabrika bihurtuz, zeinak 1968ra arte iraungo zuen.
1902ko irailaren 25ean hil zen, goizeko zortzietan, “buruko isuri seroso” baten ondorioz, 63 urte zituela.
Sustrai sakonak Zumarragan
Haren birbiloba Alvaro Buscak kontatu digunez, Juan Bautistak sarritan jotzen zuen akordeoia etxeko bazkalondoetan, eta hala kutsatu zion musikarekiko grina bere seme Juan Inazio Busca Sagastizabali. Organo-jotzaile eta konpositore ezagun honek batez ere erlijiozko musikarengatik lortu zuen sona: Zumarragan jaio zen 1868an eta Zarautzen hil, 1950ean. Tolosan hasi zen pianoa eta harmonia ikasten eta ondoren Madrilera jo zuen gainontzeko musika-ikasgaiak egitera. Hiri hartako bi parrokiatan –Santa Barbara eta San Francisco el Grande– organo-jotzaile lanpostua bete zuen. Erlijio kutsuko lan ugari konposatu zituen, eta sona eman zion XXIII. Nazioarteko Biltzarraren Eukaristia Himnoak, Cantemos al amor de los amores, cantemos al Señor, Espainiako Estatuan oso ezagun egin baitzen. Euskal orfeoiek sarritan izaten dituzte Sagastizabalen abesbatza-piezak bere errepertorioetan, horien artean Bi euzko abesti ederra.
Eskualdean itzal eta garrantzia oso nabarmena eduki zuen Juan Bautistaren beste seme bat Jose Busca Sagastizabal izan zen (1866-1937), Zumarragako alkatea izandakoa 1920 eta 1923 artean, orduan kargua utzarazi baitzioten, Primo de Riveraren diktadurak gobernua hartu eta Espainiako udal guztiak desegin zituenean. Euskal folklorea eta musika oso gustukoak zituen, eta gaztetan herriko txarangako kide izandakoa zen, klarinetea joaz.
Sendian bizi zen kultur giroak isla izan zuen familiako beste gizon handi batengan ere: Jose Maria Busca Isusi zen, Juan Bautistaren biloba, 1916ko irailaren 6an Zumarragan jaiotako gastronomo eta idazlea, Madrilgo Unibertsitatean Natur Zientzietan lizentziatua. Izaera liberal, kultua, jakin-minduna eta heterodoxoa zen, euskal gastronomiaz garaian idatzitako liburu garrantzitsuenetako batzuen egile izan zen, eta hedabideetan sarritan argitaratu izan ziren haren kolaborazioak. Aranzadi Natur Zientzia Elkarteko presidenteorde ere izan zen, Gastronomiazko Euskal Anaiartearen sortzaile eta presidente, baita barazki izoztuak ekoizteko lehenengo enpresaren sortzaile ere (Martzilla, Nafarroa). 1986ko uztailaren 16an hil zen. Zumarragako Udalak Herriko Seme Kutun izendatu zuen 1984an. 1986tik aurrera, betiko Santa Lutzi jaietako Buzkantza Lehiaketa haren ohorez egiten da. 1996an haren izena jarri zioten herriko auzo bati. Zeukan liburutegi espezializatua Gipuzkoako Aldundiak erosi zuen 1993an.
Eskualde honetan Juan Bautistak ereindako akordeoi-haziak ekarriko zuen, handik urte gutxira, Zumarraga izatea Euskal Herriko aurreneko trikitixa taldearen sorlekua ere: Zumarragako Trikitixa, 1920an jaioa eta musika honen lehenengo grabaketaren autorea 1960an. Euskal musikarik “benetakoenetako” bat izatera iritsi da egun trikitixa, Juan Bautista Buscak Italiatik ekarritako soinu handiaren ahaidea.
Dokumentuaren akzioak