Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lehena, bizi eta arrakastatsua

Dokumentuaren akzioak

Lehena, bizi eta arrakastatsua

Maskaradak Ligin

Egilea
Allande Sokarros
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Ligi
Mota
Albistea
Data
2001/01/31

Eguraldia lagun ez izan arren, Ligi-Athereiko maskaradek arrakasta zabala lortu zuten, Ligin bertan, joan den igandean egindako lehen agerraldian. Arratsaldeko ikuskaria, haatik, eskola atzealdeko gelaren aterpean eman behar izan zuten maskaradakariek. Horrek ez zion, hala ere, giro alaiari ondorio gaiztorik eragin, ezta gutxiago ere. Ligiar, athereiar eta lexantzar —dantzari gehienak azken herri horretakoak dira — ikusleez gain, Zuberoako beste herrietatik eta Hego Euskal Herritik etorritako jendea ere egon zen eta, gela txiki geratu zen.

Nolanahi ere, maskaraden agerraldia ohiko moduan igaro zen, eta, aitzindari distiratsuen trebetasunari txalo egiteaz gain, ikusliarrek irribarrez lehertzeko aukerarik izan zuten, batik bat Pitxuren barregarrikeriekin. Hark bere lehen agerraldia egin zuen ziklomotor zaratatsu baten gainean. Eta zelako ziklomotorea, adarrak eta guzti zauzkala! Pitxu barre eginarazteko pertsonaia da baina ez litzateke ahaztu behar, inauterien esanahien ildotik, lehenik eta behin, gizarte ordenatu bati aurre egiten dion sinboloa dela. Sinbologian sartzen da, halaber, Zamaltzainaren kerestatzea (zikiratzea), nahiz eta, hemen ere, jende askok ez duen ikusten Pitxuren joko irrigarriaz besterik ezer.

Datorren igandean maskaradak Barkoxen

Zuberotarrak ez ziren ikusliarrek ez zituzten, segurraz ere, gehiegi ulertu Kabana handiaren perediküko hitzak, hauek erabat sustraituta baitaude aipatutako herrien albisteetan. Errazagoa zaie, aldiz, Buhame Jaunaren hitzaldia endelegatzea, honetan eginik diren erreferentzia gehienak aktualitateari lotuta baitira. Hala eta guztiz ere, bi peredikü hauetan zuberera nahiko txukuna entzuteko aukerarik badu jendeak, papera betetzen dutenek euskara ongi jakin behar baitute.

Baldintza hau, tamalez baina, ez da betebeharrekoa beste maskaradakarientzat eta, esaterako, dantzarien artean, gehienek ez dakite edo gutxi dakite euskaraz. Dantzariei dagokienez, azken urteotako ezaugarri nagusia da, oso gazteak daudela. Hau pozgarritzat hartu badaiteke, zenbaiten iritzian, aitzitik ere, nahiko damugarria da, dantzari helduagoen esperientzia bazter uzten baita. Lexantzüko eta Ligiko dantzari gazteen trebetasuna dena den nabaria geratu zen eta arratsaldeko ikuskaria baino lehen honen erakusteko parada asko izan zuten, Atherei eta Ligiko herrietan hamar bat barrikada hauste egin behar izan baitzituzten. Igandean, hainbeste egin beharko dituzte, duda barik, Zuberoako dantzaz aska dakien Barkoxek eginen baitie harrera.

Dokumentuaren akzioak