Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Lehen pausoaren urduritasuna islatu nahi nuen kartelean»

Dokumentuaren akzioak

«Lehen pausoaren urduritasuna islatu nahi nuen kartelean»

Egilea
Tttipi-ttapa
Komunikabidea
Erran
Tokia
Lesaka
Mota
Elkarrizketa
Data
2023/07/04
Lotura
Erran
Fred Ramos Lasaga, Lesakako bestak iragartzen dituen kartel lehiaketa irabazi duen 'Pausu bat' lanarekin.

Fred RAMOS LASAGA, sanferminetako kartel lehiaketako irabazlea

Lesakako Sanferminetako kartel lehiaketan Fred Ramos Lasaga, 32 urteko lesakarraren Pausu bat izan da irabazlea eta 250 euroko sariaz gain, kartel horrek iragarriko ditu aurtengo Lesakako bestak. Programaren azal lehiaketari dagokionez, Virginia Etxepare Triguerosen Egun berexia izan da sariduna. Honek ere 250 euro hartuko ditu eta bere lana besta egitarauaren azalean ikus daiteke. Zortzina lan aurkeztu zituzten lehiaketara. Azalaren gibeleko aldeko lehiaketara, berriz, herriko ikasleek 149 marrazki aurkeztu zituzten eta Yan Jesus Cardoso Gomesek irabazi du lehen saria. Herriko dendetan erabiltzeko 100 euroko erosketa txartelaz gain, bere lana programaren gibeleko azalean argitaratu dute.

Fred Ramos gustura eta kontent dago, laugarren saiakeran lortu baitu lehiaketa irabaztea. Ez da geldirik egoten den horietakoa, lehenik irudia eta soinua ikasi baitzuen, ondotik telekomunikazioa eta orain elektromekanika goi zikloa bukatu berri du. Argazki- eta bideo-kamerarekin ere bere lanak egin ditu eta Beti Gaztek antolatutako argazki rallyan ere saritu berri dute.

Lehenbiziko aldia da lanen bat aurkezten duzula? Espero zenuen irabaztea?

Hau da lanak aurkezten ditudan laugarren aldia, baina lehen aldiz duela hamabi urte egin nuen. 2011n, 2012an eta 2013an aurkeztu nuen, baina erran nuen: ‘Hau zaila da, hau ez da nirea’ eta hamar urtez ez dut lanik aurkeztu. Aurten bai kartel baita portada lehiaketara ere aurkeztu dut eta, kasualitatez, kartela saritu dute. Sorpresa handia izan da, baina beti baduzu esperantza ttiki bat. Berako bestetako lehiaketara ere aurkeztu dut, hura irekia baita, eta aurten saritua izan naiz han ere.

Ezpata dantzaria hartu duzu oinarri… Nolabait Lesakako Sanferminetako ikonoa da hori? 

Kartelerako argazki bat atera nuen, ni eta bertze bi ezpata dantzari ageri garena. Hankak hartu eta horretan oinarritu nintzen. Pausu bat izenburuarekin, ezpata dantzariek eman behar dugun lehen urrats hori adierazi nahi nuen, urduritasun momentu bat izaten da eta aunitzetan ez dakizu zein hankarekin hasi ere. Kartelaren fondoan bertze argazki bat bada, elizarako igoerarena. Lesakan ezpata dantzaria bestaren ikonoa da, garrantzi gehiena ematen diogu eta hori erakutsi eta islatu nahi nuen

Beraz, zu zeu ere ezpata dantzari izan zara. Zenbat urtez? Nolako esperientzia izaten da? 

Sei urtez izan nintzen ezpata dantzari eta izugarri polita da. Entseatzen hiru urte egin nituen eta San Fermin egunean dantzan hurrengo hiruak. Ttikitatik joaten nintzen Zubigainekoa ikustera eta beti erraten nion amari nik ere dantzatu nahi nuela, gosta ala gosta. Entseguetan hasi nintzenean, ama harro, segidan hasi zen jantzia josten. Ateratzeko aukera izan nuen zenbait urtez eta gustura. Lehenbiziko urte horretan beti urduri zaude, tentsioa… bezperan goiz joan behar duzu etxera, ongi aguantatzeko, baina ederra da.

Lehiaketa honetan aurten arte ez, baina uste dut Beti Gazteko argazki rallyan edo lehiaketan ere sariren bat irabazi duzula… Kamera gibelean aritzea gustatzen zaizu?

Bai, Beti Gaztek antolatzen duen rally horretan parte hartzen dut eta urteren batean sariren bat lortu dut eta gustura. Aukera polita da herrian bertan horrelako lehiaketa bat izatea. Telebistan ere lan egin dut, futbol partidak, pilota partidak, hauteskunde garaian zenbait alderdirentzat ere zenbait bideo-lan egin ditut. Gustatzen zait irudiaren mundu hori.

Sanferminetan, zer da gehien gustatzen zaizuna? Eta guttien?

Sortzen den giro berezi hori gustatzen zait, batzuk nahiago dute eguna eta bertze batzuk arratsa… adinaren arabera aldatzen joaten da eta orain nahiago dugu egunez, goizean ongi gosaldu, bazkaldu eta gero arratsa ere zerbait aprobetxatu, baina sobera luzatu gabe. Bertze batzuk erabat gautxoriak dira. Herrian sortzen den zikinkeria da guttien gustatzen zaidana, bestak bukatzen direnean gelditzen den usain hori.

Peñan eguna ere berezia izaten da… Zein peñakoa zara eta nolakoa izaten da egun hori?

Altxadi peñakoa naiz eta hagitz gustukoa dugu. Goizean gosaltzeko gelditzen gara (ez denak, batzuk bestondoarekin daudelako), baina bazkarirako bai denak izaten gara eta aunitz gara peñan. Azken urteetan sagardotegian egiten dugu eta harat joateko eta handik bueltatzeko bidea badugu, baina peñen jautsierarako hor gaude. 

Posible bazenu, zer gehituko zenuke egitarauan? Eta zerbait kenduko zenuke?

Kendu ez nuke deus kenduko. Gehitu, ez dakit. Lehenago mariatxiak izaten ziren, betizuak arratsean… Karrika animazio pixko bat ere jartzen ahal da, karrikak gehixeago alaitzeko, baina gehienetan nahiko animazio bada.

Uztailaren 11n, bestondoa ohatzean pasatzen dutenetakoa edo Iruñera joaten direnetakoa zara?

Herriko bestetako bortz egunekin nahiko izaten dut eta ez dut Iruñera joateko ohiturarik. Egun hori deskantsatzen saiatzeko aprobetxatzen dut, hurrengo egunean lana izaten dudalako.

Dokumentuaren akzioak