Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Lehen, garrantzi handiagoa ematen zitzaion dantzari; egun, galdu egin da»

Dokumentuaren akzioak

«Lehen, garrantzi handiagoa ematen zitzaion dantzari; egun, galdu egin da»

PYEONGCHANGEKO NEGUKO OLINPIAR JOKOAK. FELIPE MONTOYA. PATINATZAILE ARTISTIKOA

Duela lau urte patinajea uztekotan egon zen, eta Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko ilusio bakarrarekin jarraitu zuen lanean. Lortu du: Hego Korean da Montoya, eta bihar goizaldean lehiatuko da (02:00). Finalean sartzea du helburua, eta lor dezakeela uste du.
Egilea
Imanol Magro Eizmendi
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/02/15
Lotura
Berria
Irekiera ekitaldiko hotzari aurre eginez, desfilean parte hartu zuten ausartetakoa izan zen Montoya. Sailkatu zenetik hura zuen buruan: «dena bizi nahi dut» zuen buruan. Aurreneko Jokoak ditu, eta, ziur asko, azkenak ere bai, 27 urte izanik patinatzaile beteranoa baita.

Duela lau urte azken unean gelditu zinen Jokoetatik kanpo. Oraingoan, berriz, han zaude. Zer sentitu zenuen joango zinela jakitean? 

Hau zen aukera bakarra; 27 urte ditut, hurrengoetan 31 izango ditut, eta pixka bat zahar harrapatuko nau Jokoetara itzultzeko. Espainiako Txapelketan baieztatu zidaten joango nintzela, eta shock egoeran gelditu nintzen, ezin erreakzionatuta; negar eta negar baino ez nuen egiten. Jendeak besarkatu egiten ninduen, ama korrika jaitsi zen harmailetatik pistara... Eta ni trantze moduko batean nengoen.

Hau zen helburua?

Azken lau urteetan horrek mugitu nau; ez nekien lortuko nuen ala ez. Duela lau urte, kirol patinajea uztekotan egon nintzen, eta jarraitzeko arrazoia Jokoetan sartzea zen.

Saria da, baina ez zoaz paseoan Hego Koreara. 

Ez, ez, ni lehiatzera noa. Nire helburua finalean sartzea da; horrekin, lanak ondo eginak daudela irudituko zait. Joatea sari bat da, noski, baina ni ez naiz horrekin konformatzen. Jokoekin gozatzeko, lehiatu egin behar duzu, eta ni lehiatzera noa, ahalik eta hobekien. Ez noa oporretan.

Finalean sartzeko helburua errealista al da?

Nire saioa teknikoki ez da asmo oso handikoa, ez behintzat jauzi kontuetan. Baina elementu asko ditut patinatzaile onenen saioen mailan daudenak. Patinajeak bi nota ditu, teknikoa eta artistikoa, eta alde artistikoa da nire indargunea. Nire jauziak ez dira laukoitzak, hirukoitzak baizik, baina nire lana ondo egiten badut, nire benetako maila emanez, finalean egon naiteke. Amaieran tarte oso polita dut. Ikuslearen bihotzera iristea gustatzen zait niri. Lehen 24 sailkatuak igarotzen dira finalera, eta, pasatuz gero, larunbatean saio luzea egingo dut.

Patinajean ahal fisikoak gero eta garrantzi handiagoa duela dirudi. 

Patinatzaileak atletak gara, baina egia da egungo patinatzaileek oso gutxi garatzen dutela arlo artistikoa. Noski, izar handiek biak menderatzen dituzte, baina iruditzen zait dantza alboratzen ari den arlo bat dela. Patinatzaileek ez dugu gimnasio lan askorik egiten, pisua mailan-eta, baina lan berezitu handia egiten dugu jauzi potentzia irabazteko.

Nolakoa du zure entrenamendu egun bat? 

Esnatu, gosaldu, eta goizean lan fisikoa egiten dut, Madrilgo goi mailako entrenamendu zentroan. Ordu bata aldera bazkaltzen dut. Autoa hartu, eta Majalahondara joaten naiz, izotz jauregira. Nire izotz gaineko hiru entrenamenduak egiten ditut; atsedenekin-eta, hiru bat ordu dira, eta 17:15erako amaitzen dut. Gero, 18:15ean, nire ikastaroekin hasten naiz, bertako eskolan irakasle bainaiz.

Patinajeak ez dizu ematen bizitzeko? 

Ez, ez... Ezin naiz patinajetik bizi; lan egin behar dut guztia ordaintzeko. Kirol garestia da, gainera, eta hemen ia ezinezkoa da patinajetik bizitzea. Bekak sari bat dira, eta ez dakit hanka sartzea ez den. Bekak prestaketa edo sari gisa eman behar al dira? Trofeo bat dira, edo kirolaria diruarengatik arduratua bizi ez dadin ahalbidetzeko modu bat. Orain arte inoiz ez dut bekarik izan [BAT Basque Teamen sartu berri da]; urte batez Madrilgo erkidegoak zerbait eman zidan, eta Jokoetara bekarik gabe iritsi naiz. Agian hurrengo urtean jasoko dut, Jokoetara joateagatik. Izan dudan diru laguntza bakarra goi mailako zentroko bizitza izan da: etxea, mantenua...

Zenbat ordu egiten duzu lan egunean?

Bi-hiru klase egunean, eta asteburuetan pixka bat gehiago. Ogibidea da.

Zer esan dizute ikasleek?

Oso pozik daude; nola ez? Nire jendea dira. Ilusio handia dute: argazkiak, peluxeak... opari asko egin dizkidate.

Noiztik ari zara lanean Jokoetara eraman dituzun saioekin?

Apirilaz geroztik nabil.

Zenbat aldiz errepikatuko zenuen?

Askotan, milaka aldiz; ezin denak zenbatu. Normalean ez dut osoa egiten; entrenamenduetan bitan edo hirutan banatzen dugu, eta zatika egiten ditugu. Errepikatu, errepikatu... Saio luzearekin amets ere egin izan dut. Saio luzea duela bi urte egin nuen saioa da; behin amets egin nuen harekin, eta pentsatu nuen hori seinale bat zela, eta berriz ere hartu behar nuela. Gustuko hori egin behar nuen.

Saioa gorrotatu ere egin al duzu? Ez da etsigarria perfekzioaren bila aritzea? 

Ni patinatzailea naiz, eta kirol hau maite dut, eta plazer handiz egiten dut patinatzearekin zer ikusia duen guztia. Baina bai, inoiz patinatzaile batzuek saio jakin batzuk gorrotatu dituzte azkenerako. Frustrazioa ager daiteke, baina perfekzioa bilatze hori polita izan daiteke. Patinajean ezin da ezer ziurtzat eman; ni Jokoetarako sailka nintekeen, edo ez, eta, hala ere, jarraitu egin behar duzu.

Eta saria datorrenean...

Orduan, egin duzun guztiak zentzua hartzen du.

Nola aukeratzen da dantza saio bat?

Lan luzea da, eta presarik gabe egin beharrekoa; ondo aukeratu behar duzu, hilabete luzez buruan bueltaka edukiko baituzu. Egin dezakezun gauzarik txarrena ondo ez pentsatzea da; zure nortasunaren zati bat izan behar du: saioak zeure burua definitu behar du. Gero, saio hori nola hartzen duzun dago. Ariketa ezberdin zirkuitu bat bezala har dezakezu: traje bat, musika bat, jauzi batzuk... Berdin dio; mugimenduak buruz ikasi, eta robot bat bezala joan zaitezke. Nire ustez, hori da aldatu dena: lehen, garrantzi handia ematen zitzaion dantzari; nabaritzen da zeinek dakien dantzan, eta, orain, galdu egin da.

Nolakoa da zure saio motza? Eta luzea?

Motza originala da, musika nahasketa bat. Koreografian dantza asko sartu dugu, eta nahiko abstraktua da. Luzea, berriz, tango bat da. Figuratiboa da, tango errezitatu bat da, poema bat abesten dute. Tango dramatiko bat da, tristeziaz, melankoliaz eta abarrez hitz egiten duena.

Diseinu ikasketek balioko zizuten janzkera diseinatzeko. Patinajean xehetasun garrantzitsua da.

Arrazoi duzu: gurean janzkera garrantzitsua da. Nire entrenatzailea sormen handiko pertsona da, eta haren, jostunaren eta nire arteko talde lana da. Hiruron artean egiten dugu.

Eta oihalak?

Ondo aukeratu behar dira, eta oihalen bila joan behar duzu. Nik Madrilen eta Ingalaterran aukeratu ditut oihalak. Denborarekin egin behar den lan bat da. Duela urtebete egin nituen jantziak, koreografiarekin lanean hastean. Patinajea xehetasunez beteriko kirol bat da, eta, xehetasun horiek zaintzen ez dituzunean, nabaritu egiten da: ez dago ideia bat atzean, presaka ibili zarela...

Eta Jokoetarako? Berritasunik ba al duzu?

Berritasuna egina dut honezkero, zuriz jantzita lehiatzen den gizonezko bakarra bainaiz. Urte osoa zuriz egin dut, zuriz goitik behera, eta Jokoetan, berdin. Nik ez dut ezagutu goitik behera zuriz jantzitako patinatzailerik, kolore madarikatua da, izotz gainean galdu egiten dela diote... Nirea, baina, krema kolore moduko bat da. Patinatzaileek kontraste handiagoko koloreak aukeratzen dituzte, baina nire zuria, izotz gainean, ez da itzaltzen.

Gozatu ahalko duzu Jokoetan?

Bai. Esperientziarekin gozatzea helburuetako bat da; horretan lan egiten ari naiz. Hau nire bizitzako une garrantzitsuenetako bat izan da. Esperientziak pasatu egiten dira, eta ez nuke gelditu nahi bere osoan ez gozatu izanaren arantzarekin. Ilusio ikaragarria dut, eta badakit dena ona izango dela.

27 urterekin, beteranoa zara. Noiz arte elitean?

Gutxienez urte hau eta beste bat. Munduko Txapelketa ere aurten jokatuko da, Milanen, martxoan. Ni ordezko naiz oraindik. Saio luzean gutxieneko marka dut, zailena dena, eta motzekoa falta zait. Hori ere Jokoetan lor dezaket. Ea zorte pixka batekin hiruko hiru jauziak egiten ditudan. Gero, patinaje profesionala hasten da, ikuskizunekin, munduan zehar... Patinajea ez da bukatzen lehiaketarekin.

Dokumentuaren akzioak