Dokumentuaren akzioak
Lehen dantza plataforma jasoko du Barakaldok hilaren 6an eta 7an
Egitasmoak Euskal Herriko koreografoen lanak ezagutarazteko helburua du.
Dantza garaikidearen agertoki bilakatuko da Barakaldo ostiralean eta larunbatean. Leku eta egun horiek aukeratu ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Dantzarako Plataforma egitasmo berria garatzeko. Helburua bat bakarra da: Euskal Herriko koreografoen lanak ezagutaraztea. Lehenengo aldiz antolatuko da ekitaldia, eta lau dantza taldek hartuko dute parte: Adeshoras Danzak eta Nekane Santamaria, Ion Munduate eta Damian Muñozen konpainiek.
Talde bakoitzak lan bat dantzatuko du Barakaldon, eta obra guztiak, elkarren artean zerikusirik ez badute ere, oinarri beretik abiatzen dira: gizabanakoa eta hark inguruarekin duen harremana. Nekane Santamariak, adibidez, bizikidetzaren osagai diren komunikazio eta intimitate eza aztertu nahian sortu zuen ¿Por qué no habéis venido antes? koreografia. Donostian geratuta aukera handirik ez zuela izango ikusirik, aspaldi jo zuen Santamariak Madrilera. Han, bere konpainia eratu ez ezik, Carlos Marquerie eta Elena Cordobarekin lan egiteko aukera izan du. ¿Por qué no...? iragan martxoan estreinatu zuen Santamariak, Deustuko La Fundicion aretoan.
Ion Munduateren Boj de largo koreografiak, berriz, pertsonen eta objektuen arteko harremana du hizpide. Hain zuzen ere, behin oreka galdurik hutsetik hasi behar izateak nola gauzei esanahi berria ematen dien azaltzen du Irungoak. Adeshoraseko kideek ere esanahia dute aztergai Pack-en, baina haiena bestelako proposamen bat da. «Inguruneak definitzen gaitu» esaldia maxima harturik, janzkerak zein kanpoko elementuek niaren osaketan duten eraginaren isla da obra. Pack iaz estreinatu bazuten ere, koreografiaren zenbait elementu atontzeko aprobetxatuko dute Barakaldoko agerraldia.
Bestetik, Damian Muñozek Las mentiras del entusiasmo koreografia estreinatuko du.
Dantza zabaldu
Euskal Herrian dantza sustatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak Dantzara plan estrategikoa sortu zuen. Bertan aurreikusitakoari jarraituz, aurtengo martxoan Dantza 2001 egitaraua abian jarri zuten, eta, orain arte, bi ekitaldi antolatu dituzte: Koreografo Gazteen V. Erakusketa eta Dantza Eskolen IV. Erakusketa.
Orain ibilbide bat jorraturik daukaten koreografoei beren lana erakusteko aukera eskaini die Eusko Jaurlaritzak. Hala, ikasturteari amaiera bikaina emateaz gain, azkenaldian zenbait kezka sortzen zizkien arloa indartzeko modua aurkitu dute: «Dantza profesionalizatzeko bidean, laguntzen barruan hutsune bat zegoela konturatu ginen. Izan ere, sormena sustatzea ez ezik, obren zabalpena eta erakusketa bultzatzea ere ezinbesteko kontua da», azaldu zuen Ricardo Bilbao Kultur Sormen eta Zabalpen saileko zuzendariak.
damian muñozen estreinaldia
Banako bilaketaren errebindikazioa
Damian Muñoz konpainiak itxiko du lehen dantza plataforma, eta, horretarako, taldeak Bartzelonako Grec jaialdian aurkeztu baina oraindik Euskal Herrian estreinatzeko dagoen Las mentiras del entusiasmo koreografia aukeratu du. Bertan, taldeak zenbait sentimendu eta kezkaren gaineko gogoetak bildu ditu, hala nola gizakiaren askatasunaren aldeko borroka, banako bilaketaren errebindikazioa eta dogma politiko zein sozialen beharra.
Orain arte Muñozek berak gidatzen duen konpainiak ekoizpen propioak landu izan ditu. Taldea 1995ean eratu zen, Gasteizen, eta guztira zortzi koreografia ekoitzi ditu: besteak beste, Humedades, Daño, Asiré eta iazko azaroan taularatu zuten lana, Shipwreck. Baina norabidea aldatzeko garaia zela erabaki, eta Las mentiras del entusiasmo film batean oinarritu dute.
«Koadro bat, musika edo beste edozein objektu aukeratu ahal genuen obra osatzeko, baina zerbaitek gugan eragina izan badu, hori zinema izan dela konturatu ginen», azaldu zuen Muñozek. Eta, hain zuzen ere, Wim Wendersen Der himmel uber Berlin-i egokitu zitzaion taldearen inspirazio iturri bihurtzea. «Hura aukeratu genuen, lanerako ezin hobeto zetozkigun ezaugarriak zituelako. Gainera, film arras bisuala denez, eszenak eta antolatzeko koreografiarentzat aberasgarria izango zela pentsatu genuen».
Dena dela, Muñozek argi utzi nahi izan zuen Las mentiras del entusiasmo ez dela Wendersen filmaren berregite hutsa. «Gidoia zenbait sentipen sortzeko erabili dugu, eta, ondoren, sentipen horiek geure mundura egokitu ditugu. Alegia, filma dantza bihurtu dugu. Azken finean, dantza da gure hizkuntza».
Barakaldon Damian Muñoz ohiko dantzari, musika zein argiztapen teknikariez inguraturik egongo da.
Dokumentuaren akzioak