Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lehen dantza, gaizki eta presaka

Dokumentuaren akzioak

Lehen dantza, gaizki eta presaka

Dantzerti Arte Eszenikoen Goi Eskola zabaltzeari «berri ona eta beharrezkoa» deritzoten arren, Eusko Jaurlaritzaren azken hilabeteotako jarrerak mindu egin ditu sektoreko hainbat profesional; etorkizunean zer hobetu egongo bada ere, konfiantza dute eskola berrian.
Egilea
Nagore Harea Amaya
Komunikabidea
Berria
Mota
Erreportajea
Data
2015/09/13
Lotura
Berria

Gas pedala zapaldu du hilabeteotan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, eta sektorearen urteetako aldarrikapenak, lana eta esperientzia alderatu ditu Dantzerti Arte Eszenikoetako Goi Eskola martxan jartzeko. «Presaka» eta «gaizki» aritu dira, eta etxea teilatutik hasi dute, dantzako eta arte dramatikoetako profesional ugariren arabera. Hala, dantzariek eta aktoreek sentimendu nahasiak dituzte: pozik daude eskola zabalduko dutelako —hilaren 21ean—, baina penatuta daude gauzak egiteko moduarekin. Hala ere, baikorrak dira, eta espero dute eskola hobetzeko pausoak ematea aurrera begira. Bilboko Juan Krisostomo Arriaga kontserbatorioan egongo da Dantzerti.

Hainbat dira profesionalen kezkak: irakasleak hautatzeko ezarritako irizpideak eta epeak, irakasleak hautatu aurretik ikasleak aukeratu izana, euskarak eskolan izango duen tokia, eskola beraren kokalekua, eta ikasketa planen gabezia —eta, bereziki, euskal dantza tradizionalek tarterik ez izatea dantzako ikasketa planen zirriborroan—. Gaiaren inguruko informazio falta ere kritikatu dute sektoreko profesionalek. Izan ere, eskola zabaltzear dela, ezer gutxi ezagutzen da behin betiko ikasketa planez, zuzendaritzaz, irakasleez eta eskolak izango duen estiloaz. Hedabideetan agertzen dena soilik dakite haietako askok, nahiz eta urte ugari eman dituzten eskolaren alde borrokan eta lanean. BERRIA ahalegindu da Dantzertiren zuzendaria izango denarekin harremanetan jartzen, baina astean oraindik erabaki gabe zegoen zein izango den.

Duela hamar urte inguru sortu zen Eszenikaren Aldeko Plataforma; sektoreko elkarte eta norbanako ugari batu zituen, Euskal Herrian arte eszenikoetako goi eskola bat sortzeko beharra aldarrikatzeko. Urte ugari eman zituzten borrokan, eta gobernuekin elkarlanean aritu ziren eskola sortzeko. «Politikariek interesik jarri ez dutenean, plataforma izan da proiektua agendan mantendu duena, eta, gainera, proiektuari forma eman diona erakundeetan kezka handirik ez zegoenean», nabarmendu du Oier Araolaza dantzari eta kazetariak.

Aurten desegin da plataforma, eskola martxan jartzeko azken urratsetan, Jaurlaritzak urteetan plataformarekin izandako elkarlana hautsi eta gero. «Esan dezakegu adiskidetasun harremana izan dugula gobernu guztiekin, harreman heldua eta errekonozimenduzkoa», azaldu du Alicia Gomez dantzari eta plataformako kideak. «Hala ere, prozesua oso geldoa izan da, eta, gehienetan, denborak ez du jokatu ikasketak ezartzearen alde. Prestasuna ona izan da, baina tempoak ez dira eskutik etorri, eta oso zaila izan da horiek borondatearekin eta ekintzekin uztartzea. Azken gobernuarekin ezarritako elkarrizketa positiboa izan zen, baina otsailean eten zen, eta erabaki zuten beraiek bakarrik hartzea geratzen ziren erabaki guztiak».

Autokritika beharra

Gomezek nabarmendu duenez, sektoreko profesionalei «mingarria» gertatu zaie Eusko Jaurlaritzaren erabakia, eta uste du saihestu daitekeela etorkizunean «laido gehiagorik» egotea. Horretarako, beharrezkoa ikusten du alde bien autokritika, baina uste du badela aurrerantzean bidea elkarrekin egiterik, eta, beharrezkotzat jotzen du hala egitea.

Logikazko ordena alde batera utzi, eta zuzendaritza eta irakasleak hautatu aurretik ikasleak hautatzeko prozesua abiatu zuen Eusko Jaurlaritzak maiatzean. «Egokiagoa litzateke irakasleak hautatzea lehendabizi; irakasleen eta zuzendaritzaren artean adostea eskolaren estiloa, eta ikasleak horren arabera hautatzea». Arte Dramatikoko ikasleak hautatu zituen Ramon Barea aktoreak, beste epaimahaikide batzuekin batera. «Ez naiz damu hautaketa irizpideekin, baina moduak tristatzen nau: presek eta zehaztasunik ezak». Nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzako kultur teknikari batzuek deitu zioten, «oso denbora gutxirekin», eta galdetu zioten ea epaimahaiaren parte izan nahi zuen.

Ekainean, ikasleak hautatzeko probak egin ondoren deitu zituzten irakasle izan nahi zutenak beren curriculumak aurkeztera. «Presaka» egin zuten deialdia, eta astebeteko epea izan zuten eskaera eta dokumentazioa aurkezteko. Hala ere, lagun ugarik aurkeztu zuten eskaera. Aurkeztutakoen curriculumak baino ez dituzte baloratu irakasleak hautatzeko, eta ez diete inolako probarik egin, nahiz eta Eszenikaren Aldeko Plataformak askotan azpimarratu duen irakasleei probak egiteko beharra. Erabakiak ez du zentzurik, Araolazaren arabera. «Ez du bermatzen, ez alde batera, ez bestera, pertsona horren formazioaren kalitatea eta irakaslea izateko duen eskarmentua».

Gehiegizko akademikotasuna «arriskutsua» izan daitekeela ohartarazi du Bareak. Eusko Jaurlaritzak oso irizpide «estuak» ezarri ditu irakasleak hautatzerakoan, haren iritziz. Arte Dramatikoko eta Dantzako Goi Ikasketak eskatu dizkie. Hori kritikatu du Gomezek: «Ez dituzte kontuan hartu ibilbide luzea duten beste autonomia erkidegoetako eskoletako irizpideak. Hala, errekonozimendu handiko sektoreko profesional ugari kanpo geratu dira, ez dutelako eskatutako arte dramatikoko edo dantzako titulazio jakin bat, nahiz eta arlo horietako bestelako titulazioa eta esperientzia handia izan».

Irizpideen estutasunak ez du Euskal Herriko sektorearen egoera kontuan hartzen, Agurtzane Intxaurraga aktorearen ustez. «Hemen ez da izan titulazio hori eskaintzen duen eskolarik», nabarmendu du. Hori dela eta, aktore eta dantzari askok bestelako titulazioak dituzte, eta eskola ofizialetatik kanpo jaso dute prestakuntza. Euskal Herriko egoera kontuan ez hartzearekin batera, Eusko Jaurlaritzak ez du Espainiako legedia kontuan izan irakasleak hautatzeko irizpideak ezartzerakoan. Horren arabera, diziplina artistikoetan irakasle jardun nahi dutenek nahikoa dute gradudun, lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulua izatea, eta ez dute zertan eduki arte eszenikoetako edo dantzako goi mailako titulazio zehatzik. Aipatutako edozein goi titulu izatearekin batera, nahikoa dute beren esperientzia eta bestelako formazioa aurkeztuta.

Eta euskal dantzak, zer?

Dantzako goi zikloaren ikasketa planen zirriborroan ez da inon aipatzen euskal dantza tradizionala. Irakasleen esku izango da, esaterako, bolero eskola eta flamenkoa ikasteko aukera izatea ikasleek, baina, eskola Euskal Herrian dagoen arren, baliteke euskal dantzaren tradizioa ezagutzeko paradarik ez izatea. «Mingarritzat» eta «iraingarritzat» hartu dute hori dantzari ugarik. «Euskal dantza tradizionalak eduki zezakeen presentzia modu askotan; zentzua du espezialitate legez, eta izan beharko luke. Neurri batean, uler dezaket dantza garaikideen aldeko hautua egin dutela, eta nonbaitetik hasi behar da, baina, bestalde, tristea da ikasgai moduan ez azaltzea edozein estilotako interpreteentzat, ezta dantza garaikidekoentzat ere», nabarmendu du Jon Maia dantzariak.

«Bilbon zabalduko da eskola bat, Euskal Herrian, berdin-berdin egon zitekeena munduko beste edozein lekutan», azpimarratu du Oier Araolazak. «Munduan, mila eskola ingurutan ikasi ahal dira dantza garaikidea eta klasikoa; euskal dantza tradizionala, ordea, ez dago inon ikasterik. Nonbait ikasteko aukera izan beharko balitz, argi dago Euskal Herrian izan behar lukeela».

Bat dator Sabin Bikandi Aiko taldeko musikaria. Haren ustez, euskal dantzek Dantzertin lekurik ez izateak «ez du ez buru eta ez hanka». «Sinestezina da, eta, adibide bat jartzearren, unibertsitatean ingelesez edo gaztelaniaz irakatsi bai baina euskaraz irakatsiko ez balitz bezala da hori. Euskararen normalizazio prozesuarekin alderatzen dut maiz euskal dantzaren eta musika tradizionalaren egoera. Garai batean, euskarazko eskolak ematen zituen gure amak, nahiz eta bera ez zen irakasle izateko ikasia. Orain, denok onartzen dugu euskara irakaslea izateko ikasi egin behar dela. Dantza gure amaren garaian dago oraindik, eta jende asko gabiltza lanean horren egoera normaltzeko eta unibertsitatera eramateko». Bikandiren ustez, euskal dantzari aitortza egin beharko lioke eskola berriak, eta dantza garaikidearen eta klasikoaren parean jarri: «Ez dugu zertan konplexurik izan; gurea goi mailakoa da, eta teknikoki oso aberatsa».

Antzertiren hutsak

Atzera begiratzeko beharra nabarmendu dute Bareak eta Intxaurragak. Biek izan dute gogoan Antzerti, 1980ko hamarkadan Kultura Sailak sortutako arte dramatikoko zerbitzua. «Antzertirekin ere presaka egin ziren gauzak, eta zentroak oso gutxi iraun zuen, zehaztasunik gabeko administrazioagatik, eta gauzak ondo lotu ez zirelako», nabarmendu du Bareak. 1993an itxi zuten eskola, eta profesionalentzako aholku zentro bilakatu zen. Antzertirekin gertatutakoa ez errepikatzeko, historiari begiratzeko eskatu dio Bareak Hezkuntza Sailari.

Hobetzeko asko dagoen arren, euskal aktore eta dantzariak bat datoz: eskola sortu izana «berri ona eta beharrezkoa» da. Hala uste du Agurtzane Intxaurragak. «Kosta egin da, baina azkenean badaukagu eskola bat; eta berton arituko diren profesionalei konfiantza osoa ematen diet. Eskola sortu da, eta, gerora, hobetu egin ahal izango da, eta hori oso garrantzitsua da profesionalentzat, profesioak duintasuna irabazten duelako».

Fausto antzezlanaren emanaldi bat.

Fausto antzezlanaren emanaldi bat. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak