Dokumentuaren akzioak
Lehen bezalako dantza
Kritika,
10 & 10 dantza konpainiarekin amaitu du La Fundicion aretoak bere udazkenerako egitaraua. Aspaldian ez genuen Pedro Berdayes eta Monica Rundek zuzendutako konpainiaren berri, eta kalitateko dantza ikusteko gogoak ikusle asko erakarri ditu Deustuko aretora.
Emanaldia hiru zatitan banatu zen, lehenengo biek nolabaiteko lotura estetikoak izan arren elkarren artean. Hasierakoan ilunetik agertzen da gizon bat eta lehen ikusle lerroaren aurrean dagoen sutontzira hurbiltzen da, bertan dagoen errautsarekin jolasteko asmoz. Ilunetik ere agertzen den neska gauza bera egiten saiatuko da, baina gizonak eragotzi egingo dio eta bien arteko lehia interesgarria sortuko da, Michael Nyman edo Wim Mertensena izan litekeen piano musika baten pean. Bere laburtasunean, argi geratu zaizkigu konpainiako dantzarien prestakuntza eta maila itzela, erabatekoak baitira guztien energia, malgutasuna, adierazkortasuna eta barne-adostasuna. Bestetik, pieza garatzen den bitartean zera pentsatu dut neure artean: «Zenbat dramatikotasun keinuetan!» Eta zalantzaren harra geratu zait barruan. Horrelakoa ote zen dantza garaikidea, ala nik galdu dut garaikidea ikustearen ohitura? Agian esperimentazio gehiegi edo gauza klasikoegiak ari naiz ikusten azken bolada honetan, eta honako hau da duela urte batzuk egiten zen eta niri hainbeste gustatzen zitzaidan dantza. Bigarren pieza are esplizituagoa izan da, eta bertan aritzen diren neska eta mutila dantza/teatroaren esparruan murgiltzen dira bete-betean, alkoholismoak eragotzitako maitasun istorio bat irudikatzeko. Lehen zatian bezala dantzari bikainen dohain guztiak erakusten du oraingo bikoteak ere Erromantizismoaren garaiko erromantza batek lagunduta. Gaueko hirugarren pieza aurreko bien kontrako norabidetik joan zen: bikote batek dantzatu beharrean, bost gorputz biluzik beranduago jantziko ziren agertu ziren sakabanatuta eszenako behegainetik, ilunpean, eta seigarren batek linterna batekin joan zen argiztatzen eta deskubritzen. Piezak garrantzi handia ematen die argiztapenari eta iluntasunari, eta Borja Ramosen musikak sinfonia baten moduan jokatzen du, misterio giroa sortuz, kutsu onirikoa emanez dantzari eta erritmo biziekin lagunduz koreografiaren amaiera. Azken atal honetan, gainera, erabatekoa izan zen abstrakzio maila eta berriz ere nagusitu ziren leuntasuna, mugimenduen garapen zabalak eta sujeritzeko ahalmena, gogoeta egitean menpekotasun eta askatasunaren inguruan.
Agus Perez
Dokumentuaren akzioak