Legazpiko Sustraiak dantza taldeak 50 urte beteko ditu aurten. Hori dela eta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Hilero ekitaldi bat izango da, abuztuan izan ezik. Sustraiak 1975. urtean sortu zen, euskal kultura suspertzeko gogoa zuen herriko gazte talde baten ekimenez. Aurretik baziren dantza taldeak Legazpin, baina generoz bereizirik zeuden: Itxaropena mutilen dantza taldea zen, eta Umetxoak, aldiz, neskena.
Beraiek eta ondorengo 50 urteetan beste legazpiar askok egindako lanari esker, Sustraiakek 50. urteurrena ospatuko du aurten. Hainbat ekitaldi antolatzeaz gain, urteurreneko logoa egin dute. Logoa Izaro Urbieta legazpiarrak diseinatu du: maiatzaren 3ko ekitaldi batean ateratako argazki batetik abiatu zen horretarako.
Soka dantzako argazki bat da erabili duena. Hura delineatuz sortu du logoa. Ez du kolorerik erabili, delineatuak nahikoa informazio ematen duela uste baitu. “Logoak taldearen batasuna adierazten du, 1975. urtetik gaur egun arte mantendu dena. Baita emakumeen eta gizonezkoen presentzia dantza taldean ere”, esan du diseinatzaileak. Tipografiari dagokionez, logoak forma organikoak dituenez, letretan ere hori bera mantendu nahi izan du.
Urteurrenak leloa ere badu: Oso ondo... Berriro! Entseguetan erabiltzen den esamolde bat da, dantza bat goitik behera egin ostean esaten dena.
Urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldiei dagokienez, hilero ekitaldi bat egingo dute (abuztuan ez ezik). Urtarrileko ekitaldia urteurrenaren aurkezpena izan da. Ostegunean egin zuten, kultur etxean. Legazpiar asko elkartu ziren, Eric Galvez alkatea buru.
Otsailaren 20an, 19.30ean, mahai ingurua egingo dute kultur etxeko areto nagusian: Norberaren Sustraiak. Taldearen historia taldekideen bidez. Taldean egon diren eta dauden belaunaldi desberdinetako kideek parte hartuko dute: Maria Luisa Mendizabalek, Iñaki Leizeagak, Oihane Auzmendik, Agurtzane Gabiriak eta Ane Belokik. Bakoitzak taldeari lotutako bizipenak azalduko ditu.
Martxoaren 2an inauteri konpartsa aterako da. Herri konpartsak 35 urte beteko ditu aurten. Lehen edizioan, 1991n, Goierriko inauterien konpartsa atera zuten. Aurten, 35. inauteria dela eta, zerbait berezia egin nahi dute: dantzei dagokionez, urte hauetan guztietan antzeztutako inauterien nahasketa ikusi ahalko da herriko kaleetan. Inauteri desberdinetako zortzi dantza egingo dituzte eta dantzariak lehen edizioan jantzita joan ziren bezala joango dira.
Apirilaren 4an urteurreneko ekitaldi berezienetako bat izango da: Oso ondo…Berriro! dokumentala aurkeztuko dute Latxartegi aretoan. Bi emanaldi egingo dituzte: 19.00etan eta 22.00etan. Aurkezpenera joateko gonbidapenak kultur etxean egongo dira eskuragarri, martxoaren 17tik aurrera.
2020an hasi ziren dokumentalean lanean, eta 2024ko otsailetik azarora bitartean egin ziren grabaketak. Grabaketa horien ardura Egoitz Legorburu legazpiarrak eta Tolosako Igora Filmseko kideek izan dute. Gidoia Asier Iriondok eta Amaia Jimenezek egin dute. Dokumentalaren helburua taldearen bilakaera azaltzea da, taldeko dantzarien bitartez.
Maiatzari dagokionez, Santikutz egunean egungo eta garai bateko dantzariak elkartuko dituzte. Are gehiago, Sustraiaken egon diren denboran ezpata dantza egiteko aukera izan ez dutenek egingo dute dantza. Horretaz gain, soka dantza eta zinta dantza ere egingo dituzte, urtero bezala.
Ekainaren 13an haurrak izango dira protagonistak. Azkeneko urteetan bezala, Legazpiko auzo batean egingo dute dantzari txikien festa. Erromeri ibiltari baten itxura emango diote, Trapalata txarangaren laguntzarekin. Uztailaren 4an, 20.30ean, Tio Teronen Semeak taldeak Haurreskolari ikuskizuna egingo du Euskal Herria plazan.
Irailaren 7tik 24ra, Ilinti merkatari elkartearekin elkarlanean, argazki erakusketa bat egingo dute. Herriko dendetan 50 urte hauetako argazkiak ikusi ahal izango dira.
Urriaren 11n urteurreneko ekitaldi nagusia izango da: Mende erdi herria dantzan jarriz jaialdia. 50 urte hauetan taldetik pasa diren dantzari guztiak elkartuko dituzte, 12.00etan Legazpiko Urbeltz pilotalekuan.
Azaroaren 13an, Angel Muruak, Sustraiakeko sortzaileetako bat, hitzaldi bat emango du: Sustraiak: 400 años de ezpata dantza en Legazpi. 19.00etan izango da, kultur etxean. Lau mende horietan dantzak eta, oro har, folkloreak Legazpin izan duen ibilbidea aztertuko du Angelek bertan. Bukatzeko, abenduan Sustraiak taldeko kideak Tenerifera joango dira dantza egitera.