Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Legazpiko Santikutz jaien egun nagusian dantzariak izan ziren protagonista

Dokumentuaren akzioak

Legazpiko Santikutz jaien egun nagusian dantzariak izan ziren protagonista

Sustraiak taldekoek'Ezpata dantza' eskaini eta Korostikoek 'Olaria' jaso zuten atzo. Herriko festak igande honetan bukatuko dira, Mirandaola Egunarekin, ohitura den legez

Egilea
Asier Zaldua
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Legazpi
Mota
Albistea
Data
2007/05/04

Kalera irteten lehenak, ordea, Ezpelur gaitari taldekoak izan ziren. Eurek eskaini zuten lehen goiz deia eta bigarrena, berriz, txistulariek. Ondoren, urteroko protokoloa bete zen: Udalbatzak udaletxetik elizarako bidea egin zuen Alkate soinua jotzen zuten txistulariek lagunduta; udal-agintariek, txistulariek, Ezpata Dantzariek eta herritarrek eliza atarian Mirandaolako gurutze santuaren prozesioa egin zuten eta, ondoren, elizara sartu ziren meza entzutera.

Gero, Udalbatza udaletxera itzuli zen txistulari eta dantzariek lagundurik. Azken hauek udal-agintariei arkua egin zieten eta Ezpata Dan-tza dantzatu zuten Euskal Herria plazan. Legazpiko Ezpata Dantzaren lehen aipamenak XVI. mendeko agirietan aurkitu dira, baina urtetan galduta izan zen. 1970eko hamarkadan berreskuratu zen, Sustraiak dantza taldearen eskutik.

Atzo, euren saioaren ostean, gaitarien emanaldia, Soka Dantza , haurren dantza erakustaldia eta La-rrain Dantza izan ziren. Gainera, Korosti dantza taldekoek urtean behin herriaren alde egindako lanagatik pertsona bati edo elkarte bati ematen zaion Olaria saria jaso zuten. Korostik 25 urte bete ditu aurten. Juan Ramon Larrañaga alkateak udaletxeko balkoian eman zion saria Pello Mantxola Korostiko presidenteari. Azken honek, bere taldea izena ematen dion zuhaitzarekin konparatu zuen. Baldintzarik gogorrenetan ere, batak bere hosto eta loreei eta besteek euren jardunari eusten diotela esan zuen.

Ondoren, Larrain Dantza herrikoia dantzatu zuten kale Nagusian. Bazkalostean, berriz, pilota partidak izan ziren Urbeltz pilotalekuan, haur eta gaztetxoentzat herri kirolak eta herri kirol jaialdia izan ziren. Bukatzeko, ETBko Euskal Kanturik Onena saioko hiru abeslarik kontzertua eskaini zuten.

Gaur ere hainbat ekitaldi izango dira. Goizean, 9.00etatik aurrera, haurren arrantza lehiaketa jokatuko da, 12.00etan Kapela Dantza eskainiko da plazan eta 13.30ean poniak eta adardunak izango dira toki berean gaztetxoentzat. Ondoren, bazkaria egingo dute.

Arratsaldean, 17.00etan, goitibehera jaitsiera hasiko da tiro zelaitik abiatuta. 19.00etan, bertso eskolakoek plazan eskainiko duten saioa hasiko da. 19.30ean erraldoi eta buruhandien kalejira izango da eta 20.30ean musika bandak eta musika eskolakoek Latxartegin eskainiko duten kontzertua hasiko da.

Bukatzeko, 23.00etatik aurrera, Ehunzango batukada taldeak joko du herriko kaleetan. Biharko ez da ekitaldirik antolatu eta igandean jaiak bukatuko dira, ohitura den legez, Mirandaola Egunarekin.

Sustraiak dantza taldeko kideak, arrosaren figura egiten.argazkia: a.z.

Dokumentuaren akzioak