Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Legazpiko ezpata-dantza, XVI. mendean sustraituta

Dokumentuaren akzioak

Legazpiko ezpata-dantza, XVI. mendean sustraituta

Santikutz jaietako ezpata-dantza Legazpiko ikurretako bat da. Angel Muruak egindako ikerketen arabera, XVI. mendean ere dantzatzen zen. Gaur hitzaldia egingo du dantza horren historia azaltzeko.
Egilea
Tere Madinabeitia
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Legazpi
Mota
Albistea
Data
2025/11/13
Lotura
Goierriko Hitza

 

Makina bat ordu sartu zituen Angel Muruak bere garaian Legazpiko Udaleko artxibategian, ezpata-dantzaren arrastoen bila, eta Santikutz egunean eta Mirandaola egunean egiten den dantzaren lehen arrastoak XVI. mendearen amaieran kokatzea lortu zuen horrela. Legazpiko ezpata-dantzak 400 urtetik gora ditu, eta historia luze horren berri emango du gaur, Kultur Etxean.

Herriko ikurretako bat den dantzarekin hitzordua 19:00etan izango da. Azalpen historikoekin batera, irudi ugari tartekatuko ditu Muruak, aspaldikoak horietako asko. Aitzakia paregabea izango da Legazpiren historiaz gehiago jakiteko eta bide batez, hitzaldia antolatu duen Sustraiak dantza taldearen 50. urteurreneko ospakizunekin bat egiteko.

XVI. mendetik
Angel Murua Sustraiak taldeko sortzaileetako bat eta dantzaria izan da, baita maisua ere, eta behin baino gehiagotan parte hartu du ezpata-dantzan, «25 urte, gutxienez», batzuetan kapitain edo gidari gisa, hau da, ezpaten gainera igota. Barru-barrutik ezagutzen du dantza hori, beraz, baita historia aldetik ere, dokumentazio eta argazki ugari dituelako bilduta. Gaurko hitzaldian, XVI. menderaino iristen den historia kontatuko du. Horretarako, iaz Mikel Sarriegik dantza maisuen inguruan idatzitako liburuaren harira bildutako materiala erabiliko du.

Hiru garaitan banatuko du kontaketa. Hasteko, Legazpiko folklorearen lehen arrastoetaraino egingo du atzera, XVI. menderaino. Ordukoak dira ezpata-dantzaren lehen aipamenak. «Artxibategiko dokumentuetan, udalaren kontu liburuetan aurkitu nituen: dantzariei eta txistulariei egindako ordainketak, ezpata erosketak…». Gero, Juan Ignazio Iztuetak 1824an Gipuzkoako dantzen eta dantza maisuen inguruan egindako lanean egingo du geldialdia, eta Gerra Zibilaren hasierarainoko tartea aztertuko du. «Iztuetak ezpata-dantza deskribatu zuen, eta horren ondotik patroi bat ezarri zela ikusi nuen, harekin ikasi zuen bat Legazpin maisu ibili zelako». Azkenik, Sustraiak taldearen garaiarekin amaituko du dantza honen historiaren errepasoa.

«Iztuetak ezpata-dantza deskribatu zuen, eta horren ondotik patroi bat ezarri zela ikusi nuen, harekin ikasi zuen bat Legazpin maisu ibili zelako»

Angel Murua. Sustraiak taldeko sortzaileetako bat

«Legazpiko ezpata-dantza gutxienez 1600. urtetik gaur egunera arte mantendu da, hutsune batzuk tarteko». Lehen, maiatzaren 3an ez ezik, iraileko santikutzetan, San Joan egunean, Korpus egunean eta Korpus zortzigarrenean ere dantzatzen zen, «horregatik ezagutzen da baita ere Okrabario dantza izenarekin».

Arrosaren figura
Muruak arrosaren figurari ere erreparatuko dio gaur egingo duen hitzaldian. Legazpiko ezpata-dantzaren zatirik ikusgarriena da, taldeko gidaria ezpatekin altxatu eta gailurrean dantza egiten duen unea. «Legazpin eta Bizkaiko Xemein-Arretxinagan bakarrik egiten da, baina Europan eta Espainian zehar dauden beste ezpata-dantza batzuetan ere bai».

Legazpikoa noizkoa den ez dakite. «Baina 1920an dantzatzen zen dagoeneko, orduko argazkiak ditugulako».

Sustraiak taldearen aroa
Sustraiak garrantzitsua izan da ezpata-dantzaren historian. «Hainbat urtetan desagertuta egon eta gero, duela 50 urte taldea sortu genuenean berreskuratu egin genuen», azaldu du Muruak.
«Guk ez genuen ezagutzen, eta gerra ondoren ibilitako dantzari helduak etorri zitzaizkigun esanez bazegoela dantza bat, Okrabario dantza bezala ezagutzen zutena, eta Korpus Zortzigarrenean egiten zena. Nikolas Urmeneta, Jesus Maiztegi Maixa, Jose Ignazio Elorza… ziren. Haiekin ikasi genuen guk».

Ikasi, eta gaur egunera arte mantendu. Ezpata-dantzaren aro berriaren hasiera gorabeheratsua izan zela gogoratu du Muruak. «Sustraiak 1975ean sortu genuen, eta hurrengo urteko maiatzaren 3an egiteko asmoa genuen.

Baina egun hartan atentatuan guardia zibil bat hil zuten Legazpin, eta jaiak bertan behera utzi zituzten». Hurrengo urteko santikutzetan estreinatu zuten, 1977an.

Ordutik ia aldaketarik gabe egin da urtero maiatzaren 3an, eta eguneko ekitaldi nagusia bihurtu da. Muruak ezagutu duen aldaketa bakarra neskak sartu izana da, «baina aurretik ere egin zuten dantza neskek, hala ikusten da behintzat 1950. hamarkadako argazki batean».

ARGAZKIAK: Angel Muruaren bilduma.

Ezpata-dantza plazan, 1920ko hamarkadan.

Neskak ezpata-dantzan, 1950eko hamarkadan.

Dokumentuaren akzioak