Dokumentuaren akzioak
Legazpi: herri dantzaria
Dantzarekin lotura estua du herriak, horren adibide dira Santa Krutz inguruan egiten diren Kapela dantza eta Ezpata dantza.
KAPELA DANTZA. Duela 13 urte inguru Sustraiak dantza taldeak berreskuratu zuen ohitura zahar hori. 1800. urtean dagoeneko Kapela dantza hori egiten zela uste da. Urte batzuetan, ordea, desagertuta egon zen, 1950-1960 artean esaterako. Kapela dantza esaten zaion sokadantza horretan, herriko jauntxo eta dantzari onenek parte hartzen zuten Santa Krutz egunez. Hori dela eta, dantzan jakin ez baina parte hartu nahi zutenek, hurrengo egunez, Santa Krutz biharamunez sokadantza berbera egiten zuten, baina nornahik parte hartzeko aukerarekin. Dantzaren izena, garai hartan janzten zuten kapeletik dator, kapela horrek esanahi berezia hartzen zuen: aurreko egunekoen imitazio gisara erabiltzen zuten, «guk ere dantza hau egingo dugu» esateko. Gaur egun lastozko kapela janzten dute.
Gizon dantza horretan aurrena gizonezkoak eta, ondoren, emakumezkoak ateratzen dira. Izan, badira emakumezkoek egiten dituzten sokadantzak eta horietan gizonezkoei dantzatzen zaie. Kapela dantza berreskuratzen ari zirenean, Sustraiak dantza taldeak «nahasketa egiteko garaia» iritsi zela ondorioztatu zuen. Hori dela eta, neskak mutilez ere ateratzen dira. Aurten, adibidez, aurreskulari edo atzeskularia neska bat izango da lehenengoz.
EZPATA DANTZA. Santa Krutz egunean eta Mirandaolako egunean egiten den tradizio handiko dantza da Legazpiko Ezpata dantza. Datu idatziek diotenaren arabera, 1606 urte inguruan dagoeneko Ezpata dantza egiten zen. Garai hartan, udalak ezpata dantzan parte hartzen zutenei diru laguntza ematen ziela ageri da idatzietan, beraz, urte hori baino lehenagotik ere ezpata dantza egiten zela uste dute.
Garai batean orain baino gehiagotan dantzatzen zen Ezpata dantza Legazpin: Santa Krutz egunean, korpus egunean, korpusetik zortzi egunetara, San Joan bezperan eta pertsonaia ilustraturen bat gerturatzen zenean.
Egun, bitan egiten da; Santa Krutz egunean (maiatzaren hiruan) eta Mirandaola egunean (hurrengo igandean). Santa Krutz egunean Sustraiak dantza taldea eta Mirandaolako egunean Korosti eta Sustraiak dantza taldeak izaten dira dantzan.
LARRAIN DANTZA. Ohitura bilakatu da dagoeneko. Lizarra ingurutik datorren ingurutxo bat da, eta hango taldeak berreskuratu zuen. Lehen Gipuzkoan bertan ingurutxo gehiago zeuden. Orain dela urte batzuk, Sustraiak dantza taldeak Larrain dantza ikasteko ikastaroa egin zuen, eta festetan egiten hasi ziren. Urteroko ekintza bilakatu da.
Dokumentuaren akzioak