Dokumentuaren akzioak
Legazpi eta Kanariar Irlak, musikak eta dantzak elkartuta

Asteburu honetan, Sustraiak dantza taldea eta Goiz Deia txistulari banda Tenerifera joango dira, han bizi den Rogelio Botanz kantari legazpiarrak gonbidatuta. Hurrengo asteburuan Alaitasuna errondailak bidaiatuko du irletara, baina Kanaria Handira, hango Los Paperos taldeak iaz Legazpira egindako bisita itzultzeko.
Dantzariek eta musikariek hemengo kultura eta folklorea eramango dute hara kanariarren artean ezagutzera emateko, eta paraje haiek ezagutzeko ere baliatuko dituzte bidaiak.
Dantzariak eta txistulariak
Sustraiak dantza taldearen bidaia aurten bete dituen 50 urteen ospakizunaren barruan kokatzen da. Urteurrenarekin amaitzeko, Kanarietara joango dira, eta Goiz Deia txistulari bandako kideak eramango dituzte laguntzaile. Bihar, hilaren 5ean abiatuko dira, eta hurrengo astelehenean, hilaren 8an itzuliko dira. Tenerifeko Acentejo eskualdean egingo dute egonaldia. Dantzariak eta txistulariak batuta, 36 laguneko taldeak egingo du bidaia.
Dantza taldeko ordezkariek azaldu dute duela 25 urte jaso zutela lehen aldiz Rogelio Botanzen gonbidapena. «Taldeak 25 urte bete zituenean Rogelio Botanz legazpiarrak bertara joateko gonbita luzatu zigun, eta orduan ezinezkoa izan bazen, oraingoan gonbita onartu diogu, nahiz eta 25 urte pasa diren…».
Botanzek lagundu die egonaldia prestatzen. La Matanza de Acentejo herrira joango dira, eta dantza saio bat eskainiko dute bertan larunbat arratsaldean. Igande goizean beste dantza saio bat egingo dute, Tegueste herrian. Euskal Herriko dantzak eskainiko dituzte han, eta besteak beste Legazpiko Ezpata Dantza, Zinta Dantza eta Guda Dantza egingo dituzte.
Asteburu bete-betea igaro ondoren, astelehenean itzuliko dira Legazpira, aldez aurretik Teide sumendia bisitatuta. Bidaia horrekin amaituko ditu taldeak sorreraren 50. urteurrenaren ospakizunak.
Alaitasuna eta Los Paperos
Alaitasuna errondailaren bidaia ez da urteurren baten ospakizunean kokatzen, baizik eta iazko azaroan Los Paperos parranda taldeak egindako bisitaren itzulketan. Kanaria Handiko Valleseco herrikoa da Los Paperos taldea, eta duela urte batzuetatik du harremana legazpiarrekin.
Hemengoak izanda dira aurretik han, hangoak hemen ere, eta iazko bisita itzultzeko joango dira legazpiarrak hara berriz ere, abenduaren 12tik 14ra bitartean. Komitiba hemezortzi musikarik osatuko dute, baina hainbat laguntzaile ere joango dira.
Kanarietako anfitrioiek asteburu bete-betea prestatu diete, eta besteak beste, Vallesecotik gertu dagoen Galdar kobazuloa eta inguruko aztarnategi arkeologikoa bisitatzera eramango dituzte.
Baina errondailakoak jotzera eta abestera ere joango dira, eta larunbatean, abenduak 13, emanaldi bat eskainiko dute Vallesecoko aretoan, Los Paperos taldeak urtero antolatzen duen Gabonetako jaialdiaren barruan.
Kultura eta folklore trukerako aitzakia paregabea dira legazpiar hauen bidaiak.

Dokumentuaren akzioak


