Dokumentuaren akzioak
Lea-Artibaiko dantzak izango dira protagonista Lekeitioko ‘Erroak’ ikuskizunean
Dantza tradizionala balioan jarri eta Lea-Artibaiko dantza taldeen lana ezagutzera emango du zapatuan [maiatzak 7], 21:30ean, Santi Brouard pilotalekuan egongo den Erroak dantza ikuskizunak. Ondarroako Kresalak, Mendexako Dantzariak, Markina-Xemeingo Zerutxuk eta Lekeitioko Kaixarrankak eta Etorkizunak hartuko dute parte maiatzaren 15ean Lekeition ospatuko den Bizkaiko Dantzari Egunaren harira antolatu duten emanaldian.
Lekeitioko Estudiantinak 20:00etatik aurrera egingo duen kalejiraren ondoren hasiko da ikuskizuna frontoian. Saliña-Saliña, Mahai Gainekoak, Ezpata Dantza, Kaixarranka eta Eguzki Dantza piezak dantzatuko dituzte eskualdeko bost taldeek.
Dantza tradizionalean ari diren taldeen ahaleginak eta lanak pozten dituztela azpimarratu dute, “egiten dutenagaz gozateko aukera eskaintzen dute eta”.
Janzkerak Bizkaiko Dantzetan
Erroak ikuskizunagaz gainera, dantzari lotutako beste ekimen bategaz gozateko aukera dago egunotan, Lekeition. Maiatzaren 15era arte, zabalik egongo da, Barandiaran aretoan, Janzkerak Bizkaiko Dantzetan izeneko erakusketa. Bertan, Bizkaiko Dantzarien Biltzarra federazioak gordeta duen Bizkaiko dantzei buruzko jantzi-bilduma bat mirestu daiteke.
Erakusketak artxibategietatik eta garai ezberdinetako argazkietatik ateratako jantziak aurkezten ditu. Maniki bakoitzaren ondoan jantziari buruzko informazioa ematen duen argibide-taula jarri dute, bai eta dantzarekin lotutako beste elementu batzuk ere: banderak, doinuak…
Ikus daitezkeen jantziek dantza tradizionalaren bi eginkizun nagusi dakartela gogora azaldu du Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak:
-
Erritu-dantzak, pertsonaia garrantzitsu baten omenez (agintari, santu…) egiten diren dantzak, liturgia-ospakizun eta prozesioei edo urteko sasoi zehatzei lotuak; ondo egituratutako koreografia eta pausoak ez ezik, jantzi jakinak ere badituzte.
-
Gizarte-dantzak edo dantza sozialak, herritarren adierazpen kolektibo eta ludikoak.
“Azken horiek era librean sortu eta garatu izan dira eta ez daude, nahitaez, toki bati, egun bati edo janzkera jakin bati lotuak; jatorrizkoa eta kanpokoa nahas daitezke, modaren eragina jaso dezakete, komunitateko partaide guztiei irekita daude eta, hortaz, funtsezkoak dira herri-erromerietan”, azaldu dute.
Erakusketaren ordutegia:
Astegunetan: 19:00etatik 21:00etara.
Zapatu eta domeketan: 12:00etatik-14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.
“Bizkaian dantza tradizionalari balioa emateko beharraren ondorioz sortu da Erroak. Ildo horri jarraiki, urte askotan eta gaur arte, gogo handiz eta aurki aseak jardun duten pertsona eta taldeak identifikatu dituzten tradizioen jatorria eta erroak aditzera eman nahi dira”, adierazi dute ekitaldiaren antolatzaileak diren Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak eta Lekeitioko Udaleko ordezkariek.
Dokumentuaren akzioak