Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Laura Etxebarria, Ana Remiro, Alicia Gomez eta Ana Rosa Tercero dantzariak omendu dituzte

Dokumentuaren akzioak

Laura Etxebarria, Ana Remiro, Alicia Gomez eta Ana Rosa Tercero dantzariak omendu dituzte

Dantzaren Nazioarteko Egunerako ospakizun berezia antolatu du Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak, ADDEk. Lau emakume dantzari omendu ditu eta, euren bidez, 1980ko hamarkadan hasi eta gaur egun ere arte honi merezi duen lekua emateko lanean jarraitzen duen belaunaldi oso bat.
Egilea
Maider Iantzi
Komunikabidea
Naiz
Mota
Albistea
Data
2021/04/29
Lotura
Naiz

 

Lau omenduak, Arriaga antzokian egin den ekitaldian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Lau omenduak, Arriaga antzokian egin den ekitaldian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Lau dantzari omenduz, 80ko hamarkadatik gaur egunera arte dantzan ari diren emakumeak eskertu nahi izan ditu ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak ostegun honetan, Dantzaren Nazioarteko Egunean, Bilboko Arriaga Antzokian egin duen ekitaldian. Laura Etxebarria, Ana Remiro, Alicia Gomez eta Ana Rosa Tercero izan dira aitorpena jaso dutenak, ibilbide oparokoak laurak.

Internet bidez ere jarraitu ahal izan den ospakizun honetan, dantzan ez ezik, irakasten, ikertzen, enpresak sortzen, kritikak idazten... arte honek dituen hamaika alderditan lanean ari diren emakumeoi koreografia bana eskaini diete euren ikasleek. Erabat hunkitu dituzte, azaldu dutenez, irakasle batentzat ez baitago opari ederragorik ikasleak dantzan ikustea baino. «Zoriontsu egiten gaituelako –adierazi du Ana Remirok–. Sabeleko minez bagaude, ikasgelako atea zeharkatu eta dena pasatzen zaigu. Terapia zoragarria da dantza, dena ematen digu bizitzan».

 

Ana Remiro

Remirok Dantza ikasketak egin zituen Donostiako Goi mailako Kontserbatorioan eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren beka baten bitartez Dantza Garaikidea ikasi zuen Parisen. Paris zein Euskal Herriko hainbat konpainiatan ibili da dantzan eta 30 urte daramatza dantza klaseak ematen Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolan.

«Sei urterekin dantza egin nahi nuen eta gurasoek begiak itxita babestu ninduten, familian aurrekaririk izan gabe, dantzaren mundua ezagutu gabe. Gaztetxotan beste herrialde batera joan nintzen, hizkuntzarik gabe», kontatu du donostiarrak. Familia eta kideak ez ezik, gogoan izan du Carmen Tercero bere lehen irakaslea, dantzaren harra sartu ziona.

Laura Etxebarria

Bigarren omenduak, Laura Etxebarria basauriarrak, gaur egun nazioarteko erreferente izaten jarraitzen duen La Fundicion espazioa sortu zuen 1986an beste kide batzuekin batera. Lengoaiak nahasi nahi zituzten, arte eszenikoak eta plastikoak uztartu; hortik izena. Oraindik egiten diren bi jaialdi ere erditu zituen, Dantzaldia eta Lekuz Leku.

Etxebarriak La Fundicioneko kide guztiekin partekatu nahi izan du saria. «Lan hau kolektiboa da», nabarmendu du.

Ana Rosa Tercero

Ana Rosa Tercero ere sortzaile handi bat da. Getxoko eskola eta Interdanza kultura elkartea eratu zituen, besteak beste. 1974an hasi zen balleta ikasten Carmen Tercerorekin. Interprete, zuzendari, irakasle, enpresari... ibili da, beti dantzarekin lotuta. Motorrean izandako istripu batek, bere pasioa uztera bultzatu ordez, irakaskuntzan eta ikerketan sakontzera eraman zuen.

30 urtetik gora daramatza dantza klasikoa irakasten, eta enpresari eta koreografo gisa egindako lanagatik saritu izan dute.

Asko hunkitu dute ikasleek eskaini dioten koreografiarekin.

Alicia Gomez

Alicia Gomez 11 urterekin hasi zen dantzan, Getxon, eta 16rekin jada bere lehen irakasleari laguntzen zion. Londresera jo zuen ondoren eta Britainia Handian ez ezik, Suitzan eta Alemanian ere ibili zen dantzan, besteak beste. «Maitasunak» ekarri zuen bueltan Euskal Herrira eta, aitortu duenez, profesionalki ez zen erraza izan itzultzea. «Ez zegoela dantzarekiko aitortzarik sentitzen nuen, generoa gorabehera». Baina arte honi balioa emateko kideekin elkartzen hasi zen, Pedagogiako doktoretza egin zuen eta Dantzertiko komunitatean barneratu zen.

Psikologian lizentziatua ere bada Gomez, Dantza Klasikoan eta Garaikidean tituluduna. Berak ere hiru hamarkadatik gora daramatza irakaskuntzan eta hamabost urte baino gehiagoz antolatu ditu London Contemporary Dance School goi eskolan sartzeko probak.

Gaur egun irakaskuntza, ikerketa eta aholkularitza uztartzen ditu hezkuntza psikologian eta dantzan.

«Auzo honetan hezi nintzen, auditorio honetatik metro gutxitara. Dantza egin nahi zuen ume bat oroitzen dut», kontatu du. Hunkituta eta eskertuta agertu da bera ere eta saria familiarena (tartean dantzari ona zen ama), lagunena, kideena eta ikasleena ere badela azpimarratu du.

«Eskerrik asko, Alicia, zure benetako bidean, gurekin gurutzatzeagatik», esan diote dantzako bigarren mailako ikasleek, berarentzako sortu duten poema dantzatuan.

Dokumentuaren akzioak