Dokumentuaren akzioak
«Launaka», Dantzaz eta EOSen ekimenez abiatutako sorkuntza lana, oholtzaratuko dute bihar
Dantzazeko dantzariak, EOSeko musikariak, Balenciaga museoan sortutako koreografiak eta Niña Coyote eta Chico Tornadoren rocka. Elementu horiek bateratzen ditu bihar oholtzaratuko duten «Launaka»-k.
Sorkuntza lan berezia da “Launaka”, Dantzaz konpainiak hainbat bidelaguni esker bihar Donostian oholtzaratuko duen proposamen berria. Konpainiaz gain, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko (EOS) Dionysus hari-laukotea, Balenciaga museoa eta Niña Coyote eta Chico Tornado musika taldeko Koldo Soret daude ikuskizun honen atzean eta, Dantzaz konpainiako zuzendari nagusi Fernando Saenz de Ugartek azaldu zuenez, pieza ezberdinak elkarren artean josiz osatu dute ikuskizuna.
Bi zatitan banatutako sorkuntza lana da “Launaka”. Lehen koreografiak “Silent Pulse” izena darama eta Vitali Safronkine dantzari eta koreografo errusiarrak sortu du. Horretarako, Cristobal Balenciagak egindako lanak izan ditu inspirazio iturri Safronkinek, eta koreografia osatzeko Franz Schubert-en musika baliatu du. “Launaka”-ren aurkezpenean Balenciaga museoko hezkuntza arduradun Jone de Felipek gogora ekarri zuenez, Safronkinek Dantzazen eskariz sortutako pieza hau osatu ahal izateko, hainbat bisitaldi egin zituen Getariako museora eta egun bertan egiten diren bisitaldi dantzatuak ere osatu zituen. Errusiarrak, hain zuzen, bisitaldi horietarako osatutako pieza izan du oinarri “Silent Pulse” sortzeko.
Arriaga eta rocka
Programaren bigarren zatia Paolo Mohovich-en esku utzi du Dantzazek. Italiarrak Arriaga eta Niña Coyote eta Chico Tornadoren sorkuntza lanak hartu ditu kontuan “Barrock” koreografia sortzeko eta, oholtza gainean, Dionysus hari-laukoteko kideez gain (Irene Echeveste eta Larraitz Oiarzabal biolinistak, Natacha Dupuy-Scordamaglia biola-jotzailea eta Juan Ignacio Emme txelo-jotzailea), rock musika taldeko Koldo Soret ere ariko da. Zehazki, Egiako bikotearen bi pieza entzun ahalko dira biharko estreinaldian: “Desert Tornado” eta “Zauririk ez”.
«‘Barrock’ aurretik existitzen zen koreografia bat da, baina moldatu egin behar izan dugu zuzeneko musikarekin bat egiteko», azaldu zuen Saenz de Ugartek, eta moldaketa hori gauza zedin Niña Coyote eta Chico Tornadok izandako parte hartzea nabarmendu zuen. Hala, bihar EOSek Miramonen duen egoitzan, 11.00etan eta Matineen barruan egingo duten lehen agerraldian, hari-laukoteaz gain, Soreten ahotsa eta gitarra entzun ahalko direla iragarri zuen Saenz de Ugartek, eta arratsaldean, 20.00etan, Egiako Gazteszenan eskainiko duten saioan bateriak ere lekua izango duela zehaztu zuen. Miramoneko sarrerak 7 euroren truke eskura daitezke, eta Gazteszenakoak, 10 euroan dituzte.
“Launaka”-ren atzean urte eta erdiko lana dagoela ere nabarmendu zuen Dantzazeko zuzendari nagusiak. Programa osatzeko, lehenik EOSekin jarri ziren harremanetan eta, horiek elkarlanean aritzeko prestasuna erakutsita, Dionysus laukotearekin batera Dantzagunean egin duten lana nabarmendu zuen. Ikuskizuneko partaideen «kalitatea» ere goraipatu zuen: «Maila altua duten kideak izan ditugu alboan eta, horrez gainera, prozesuan zehar, sortzen ari ginen bitartean, maila horren atzean giza kalitatea ere badagoela ikusi ahal izan dugu. Dantzazen gustatzen zaiguna lantaldean aritzea da», zehaztu zuen.
Dokumentuaren akzioak