Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lauaxeta Lorcarekin dantzan

Dokumentuaren akzioak

Lauaxeta Lorcarekin dantzan

Estepan Urkiaga 'Lauaxeta' eta Federico Garcia Lorca idazleak hartu dituzte oinarri Jon Maia bertsolariak eta Josu Kamara zuzendariak 'Ele' ikuskizuna sortzeko. Dantza, musika, testua eta irudiak uztartzen ditu emanaldiak, eta larunbatean estreinatuko dute Barakaldo antzokian.
Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2017/01/12
Lotura
Berria

Artistak oraindik lanean hasi gabe direla, argia da bereizketa Barakaldo antzokiko agertokian (Bizkaia): Estepan Urkiagaren Lauaxeta figura ezkerraldean, Federico Garcia Lorcarena eskuinean. Garbi. Baina eman du entsegua hasteko agindua Josu Kamara zuzendariak, «aurrera!», eta berehala agertu dira arrakalak hasierako bereizketa horretan. Badoaz pixkanaka batzen Angela Carbajo de Lera flamenko dantzariaren takoi kolpeak, eta Arkaitz Pascuas euskal dantzariaren hatzen kriskitin hotsak. Taka, batak orpoz, klaska besteak hatzez, baina biak dantza berean, eta nahasten euskal dantzen melodia eta flamenkoaren erritmoa ere Gorka Hermosa soinu jotzailearen eta Jesus Prieto Pitti gitarra jotzailearen doinuetan. Izan ere, horixe da Jon Maia bertsolariak idatzi eta Kamarak zuzendu duen Ele emanaldiaren gaia: «Bi kultura horien arteko harreman gatazkatsua». Lorcaren eta Lauaxeta idazleen bizitza eta testuak baliatu dituzte horretarako, eta musika, irudiak eta gaztelerazko zein euskarazko hitzak uztartu dituzte. Larunbatean estreinatuko dute lana Barakaldon bertan.

«Guk ez ditugu Lorca eta Lauaxeta uztartu, haiek elkartu ziren; Lorcaren izugarrizko eragina zuen Lauaxetak, eta, gainera, gutun bat idatzi zion, eta saiatu zen harekin kontaktuan jartzen». Ez dute zail eduki bi sortzaileen arteko lotura, Maiak dioenez. Andaluziarra bata eta bizkaitarra bestea, bai, baina biak poeta, biak herri kulturaren zaleak, biak konprometituak, eta, Maiak nabarmendu duenez, baita fusil berek eraildakoak ere. «Errepublikanoaa zen Lorca, gudari abertzalea Lauaxeta, baina nahiz eta bakoitzak bere idealak eta bere nortasuna izan, biak hil zituzten esku berdinek eta motibo beragatik; askatasunarekiko konpromisoagatik, eta beren artearen bidez daukaten eragin eta konpromiso mailagatik».

Baina emanaldia ez dute mugatu nahi izan bi sortzaileei buruzko ikuspegi biografikora. «Bi autoreek material asko eta oso ona dute, baina haien testuak errezitatu eta kantatzeaz harago joan nahi izan dugu, eta gaur egungo gure arteko elkarbizitzaz ere hitz egin dugu». Lau partetan banatu dute horregatik antzezlana. Lehena: autore bakoitzaren nortasun eta kulturaren aurkezpena. Bigarrena: bi poeten arteko topaketa, Lauaxetak Lorcari bidalitako gutuna ardatz hartuta. Hirugarrena: bi idazleen heriotza. Eta, azkenik, laugarren atalean dator haustura. Izan ere, Maiak dioenez, gidoia apurtu bezala egiten da puntu horretan, eta artistak beren ahotik mintzo dira une horretan. Gidoigileak berak idatzitako testu batek ixten du emanaldia horregatik. «Klixe eta estereotipo batzuk puskatzea da asmoa», azaldu du gidoigileak.

Eta, hain justu, emanaldiko laugarren atal horren garrantzia azpimarratu du Kamara zuzendariak ere. «Ikuskizuneko gaiaren inguruko aitorpen pertsonalak egongo dira. Hasieran kostatu zitzaigun asko, badagoelako nolabaiteko biluzte momentu bat, baina gero izugarria izan da ikustea zer-nolako kointzidentziak dauden oholtzan dauden eta mundu ezberdinetatik datozen sei pertsonen artean. Badaukagu sentsazioa ez dugula soilik ikuskizun bat sortu, baizik eta badugula zerbait zerbait eskaintzeko oroimenaren alorrean. Horrek goxo eta harro sentiarazten gaitu».

Emozioetatik irudira

Kutsu poetiko handia du gidoiak, eta testu hori irudi bilakatzea izan da Kamararen lan nagusia. «Poeten testuetan oinarrituta bi mundu ezberdin dira aurkeztu nahi direnak, eta hori eszenan agertzea izan da erronka». Izan du beldur puntu bat ere, aitortzen duenez. «Bi poeta handi dira Lorca eta Lauaxeta, eta alde biografikora joatea izango zen errazena, baina biografismo horretatik aldentzea izan dugu buruan beti. Horregatik eszenan egongo diren pertsonaiak ez dira Lorca eta Lauaxeta, dira Lorcaren mundua eta Lauaxetaren mundua, nahiko modu simetrikoan».

Emozioetatik abiatzea eta irudietara jotzea; hori izan da baliatu duten metodoa, zuzendariaren hitzetan, eta bereziki zaindu nahi izan dute horregatik emanaldiaren estetika ere. Josu Maroto eta Maiak izan dute horren ardura, eta, Bideo-mapping teknikaz baliatuta proiektatuko dituzte irudiak eszenografian.

Etorkizunean CD-liburu bat ere kaleratzeko asmoa ere badute. Han bilduko dituzte Maiak eta Ana Salazar aktore eta abeslariak emanaldian errezitatutako Lorca eta Lauaxetaren testuak, Hermosak eta Prietok propio sortutako abestiak, baita Maiaren saio amaierako poema eta iaz Donostiako Belodromoan irakurri zuen eta bi poetak aipatzen dituen Kantu bat gara olerkia ere.

«Uste dut ekarpen bat egin dezakegula pieza honekin», borobildu du Maiak. «Eskemak hautsi behar ditugu elkarbizitzak aurrera egin dezan, eta uste dut bi poeta hauek ematen digutela ispilu interesgarri bat geure buruak begiratzeko».

Arkaitz Pascuas eta Angela Carbajo de Lera dantzariak <em>Ele</em> ikuskizunaren entseguko une batean.

Argazkia: LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak