Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lauarin jaialdiak dantza eramango du Donostiako auzoetara gaurtik aurrera

Dokumentuaren akzioak

Lauarin jaialdiak dantza eramango du Donostiako auzoetara gaurtik aurrera

Grecia eta Eslovakiako bi talde gonbidatu dituzte aurten

Antigua, Egia, Gros, Amara Zaharra eta Parte Zaharrean izango dira ekitaldiak
Egilea
Harri Fernandez
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2012/06/27
Lotura
Noticias de Gipuzkoa

Nazioarteko V. Lauarin Folklore Jaialdia bere ohiko eremutik aterako da eta Donostiako auzoetan zehar hedatuko da. Atzo izandako aurkezpenean, Kultura delegatu Nerea Txapartegik gaur hasiko den jaialdiak izango duen berezitasuna aditzera eman zuen: beste urteetan bezala, Antiguan bakarrik gelditu beharrean, dan-tza ekintzak Amara Zaharrean, Grosen eta Parte Zaharrean ere programatu dituzte.

Lauarineko lehendakari Tomas Ugaldeberek esan zuenez, Antiguan ekimenak izandako arrakasta ikusita, auzo desberdinetara hedatzea otu zitzaien. Kontuan hartu behar da gainera, Lauarin osatzen duten Donostiako euskal dantza taldeak (Eskola, Goizaldi eta Trebeska) hiriko auzo desberdinetakoak direla. "Guretzat dantza eta musika kultur ezberdinen arteko hizkuntza, lokarria da, eta Donostiak musika eta dantza horrekin gozatzea merezi duela uste dugu", adierazi zuen Ugaldeberek, eta gehitu zuen Lauarinek ere baduela beste helburu bat: Donostiako euskal dantza taldeak kontaktuan mantentzea.

GREZIA ETA ESLOVAKIA Jaialdia gaur hasiko da eta ostiralera arte luzatuko da. Antolatzaileek hamaika ekimen antolatu dituzte eta nazioarteko bi taldek ere Donostiako kaleak beraien dantzekin alaituko dituzte. Educational and Cultural Association of Sinies (Grezia) eta Carnica Folk Ensemble (Eslovakia) dira aurtengo talde gonbidatuak.

Ugaldeberek azaldu zuenez, lehenengo elkartea 1983. urtean jaio zen Siniesen, herriko gazte jendearen eskutik. Taldeak lekuko "folklorea berreskuratu eta martxan jarri ahal izan zuten". Educational and Cultural Association of Siniesen ekarpen nagusia, ordea, beste bat da: Folklorea gordetzeko artxiboa sortu zuen.

Eslovakiako taldeari dagokionez, 1975. urtean sortu zen eta egun 50 dantzari, musikari eta abeslari inguru ditu. Nazioartean saritutako elkartea da. Besteak beste, 1963an Dijongo Folklore jaialdian brontzezko domina eskuratu zuen; 2005an, berriz, urrezkoa.

Bi talde hauek hurbildu nahi duenarentzat ostiral goizean dantza tailerrak eskainiko dituzte Antiguako frontoian 11.00etatik 12.00etara.

Elkarte gonbidatuez aparte, Eskola, Goizaldi eta Trebeskako haur eta helduek ere emanaldiak eskainiko dituzte egun hauetan. Ostiralean, bost taldeek emanaldi berezi bat emango dute elkarrekin Konstituzio emparantzan, 20.00etatik 21.30era.

Umeek ere izango dute haien lekua jaialdian. Horretarako Lauarin Txikia deituriko ekimena antolatu dute. Gipuzkoako bost dantza taldetako umeen desfilea izango da larunbat arratsaldean. Partaideak Zuloaga plazatik abiatuko dira eta Parte Zaharretik ibili ondoren Konstituzio plazara iritsiko dira, bertan emanaldia eskaintzeko.

Lauarinen emanaldi bat Antiguako Gaskuña plazan

(N. G)

Dokumentuaren akzioak