Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Lau lagun Pariseraino joan ginen klaketa ikastera»

Dokumentuaren akzioak

«Lau lagun Pariseraino joan ginen klaketa ikastera»

Gema Sistiaga, panderojolea eta trikitixa elkarteko lehendakari ohia

Gema Sistiaga panderojoleak (Pasai Donibane, 1953) parte hartu du Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen 'Faborez 05+bat' disko kolektiboan. Mentxu Alkorta soinujolearekin batera bost pieza jo ditu. Bikote honek hauxe du lehenbiziko grabazioa. Esteban Larrañagak, Euskal Herriko Trikitixaren Elkarteko lehenbizikolehendakariak, askotan esan zien: «Zuek noiz grabatu behar duzue?». Arrate Irratiko estudioa eskaini zien orain hogeitaka urte, baina orduan ez zen gauzatu. «Gizon hura joan zen, eta orain grabatu dugu», esan digu Sistiagak. Lanbidez irakasle dugu, Pasaia-Lezo Lizeoko irakaslea.
Egilea
Felix Ibargutxi
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Pasaia
Mota
Elkarrizketa
Data
2012/07/15
Lotura
Diario Vasco

 

- Panderoa jotzen duzu Mentxu Alkorta soinujolearen aldamenean. Diskoaren aurkezpenean esan zenutenez, Oiartzungo kanta zahar batzuk berreskuratu dituzue.
- Mentxu eta biok Oiartzunen hasi ginen. Nahi genuen jakin lehengo garaietan alde hartan trikitixa girorik egon zen. Nik, adibidez, Pasai Donibanen, gramola bidez bakarrik ezagutu nuen trikitixa. Igandero ipintzen zuten, uste dut Zumarragako trikitixaren diskoa zela.
- Uste dut dantza-giroan ezagutu zenuela Mentxu Alkorta.
- Bai, Mentxu dantza garaikideko dantzari profesionala izana da. Euskal Herriko lehenengo talde profesionala zen hura, baina desegin zen eta berak, bere kasa, dantza-tailer bat muntatu zuen Oiartzunen, bertan dantza-mota guztiak lantzen zirelarik. Jardunaldi batzuk ere egiten ziren, urtean behin, kanpoko jendea ekarrita. Eta gu kanpora ere joan ginen; adibidez, Parisa joan ginen lau lagun klaketa ikastera! Hori ere egin dugu.
- Noiz?
- Laurogeiko hamarkadan.
- Eta diskora zer pieza ekarri dituzue?
- Ba entzun ditugunak gure Pasai-Oiartzungo inguruan eta Mentxuren famili giroan. Gu ez gara sor-tzaileak, gu moldatzaileak gara.
-Mentxuren aitona bat trikitilaria izan zen, ezta?
- Bai. Guk bera ez genuen ezagutu, baina emazteak kantatuta, Mentxuk entzun zituen pieza horiek, eta gero Mentxuren amak ere kantatzen zituenez... Diskoko beste bi pieza, berriz, gure maixu izan zen Iñaki Malbadik sortutakoak dira.
- Hortaz, zuk Pasai Donibanen gaztaroan ez zenuen ezagutu zuzeneko trikitixarik.
- Ez. Ni txistuko ikaslea izana naiz hamahiru-hamalau urtetan, eta musikazaletasuna betidanik izan dut. Gramolarekin fandango eta arin-arin haiek inpintzen zituztenean... izan ere doinu horiek txistuarekin dantzatu edo trikitixarekin dantzaru... orru berexi bat sortzen zen nire barruan.
- Noiz hasi zinen jendaurrean pandero jotzen?
- Ba orain dela gutxi, Oiartzungo Ergoien auzoko festetan, sanjuanetan, 25-26 urte bete direla esango nuke. Mentxurekin izan zen. Errepertorio murritza geneukan. Moldatu genuen Kaxianoren pare bat, eta bi horiek behin eta berriz jotzen genituen, jendeak eskatzen zigulako.
- Kaxianoren zein, adibidez?
- Honela hasten dena: «Mesedez eskatzen dizut dantzarako, txoraturik bainago zuganako».
- Zeuk bakarrik kantatu izan duzu?
- Ez, Mentxu eta biok, bikote eginez. Saiatu gara beti geure gustuko piezak kantatzen, maitasunezkoak edo pikante xamarrak.
- Nolatan jarri zintuzten Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakari? Zeren, kanpotik begiratuta, soinujoleak lehenengo dibisiokoak dira, eta panderojoleak bigarrengoak.
- 1996an izan zen. Lehenago ere, hasi ginenean jotzen, erakunde baten beharra sumatzen genuen. Bazegoen bat, baina garai hartan zera izaten zen, urtean behin elkartu eta festa egin. Prest egon nintzen lehenengo momentutik lan egiteko, ikusten nuelako, adibidez, dokumentazioa bildu beharra zegoela, eta gero trasmisioa... Hasi nintzen soinujoleekin elkartzen -Tapia, Letu...- eta beraiek ere ikusten zuten antolatu beharra. Azaldu nintzen batzar nagusi batera, Donostian Kutxaren areto batean, eta han aurkeztu nintzen lehendakari izateko. Lehenengo egoitza Itziarren izan genuen, borondatez partikular batek utzitakoa. Handik Azkoitira aldatu ginen, Udalak utzitako toki batera, eta gero Zarautza. Izan nin- tzen lehendakari, gero lehendakariorde, eta orain bokala. Gure ametsa zen Bertsozale Elkarteak jorratu duen ildo hori jorratzea, baina gremio honetan oso zaila da. Sektore honetan, batzuk profesionalak dira, eta horiek esaten dute: guk gure lana badugu eta horrekin nahikoa dugu. Orain, elkartean, bi lanpostu-erdi ditugu, pertsona batek kubritzen dituena. Murrizketak ditugu.
- Panderoa jotzeko estilo ezberdinak daude?
- Erritmoa errespetatu behar da, baina gero bakoitzak bere grazia ematen dio.
- Larruari dagokionez, zein duzu gogokoago?
- Denak behi-larruak dira, baina ez dira berdin mozten. Eta batzuetan gehiegi afeitatzen dira. Nik Galiziako panderoak nahiago. Tolosako Agirrek egiten dituenak erabili izan ditut, baina azkenean Galiziako soinu-mota horrekin ohitu naiz.
- Arraunlaria zara baita ere.
- Ni Albaolako kidea naiz, eta hor sartu nintzenean aportazio musikala eskaini nuen. Ontzian sartzen garenean, arraun egiten dut eta panderoa jotzen dut.
- Zer ibilaldi egiten dituzue?
- Joan zen astean, Gernika-Donostia, bakearen aldeko ekimena egin genuen, eta hor ere parte hartu nuen. Nitaz aparte, badira beste lagun batzuk, bai soinua bai gitarra jotzen dutenak.
- Aspalditik zaitugu arraunlari?
- Ez, juxtu alderantziz. 'A la vejez viruelas'. Arraun-mundua betidanik ezagutu dut Pasai Donibanen, eta beti iruditu zait kirol oso-oso gogorra. Albaolan beste era batera egiten dugu arraunean: itsas ondarearen alde egiten dugu lan, hor ez dago lehiarik.
-Eta gizonezkoak eta emakumeak elkarrekin.
- Bai, hori hasieratik gainera.
«Lau lagun Pariseraino joan ginen klaketa ikastera»

Gema Sistiaga, Pasai Donibane eta Pasai San Pedro lotzen dituen ontzian. :: MIKEL FRAILE

 

Dokumentuaren akzioak