Dokumentuaren akzioak
Lau kontinentetako folklorea jasoko du Portugaletek
Hilaren 22tik 29ra, munduko dantza tradizionalaren agertoki bihurtuko da herria
Duela 27 urte abian jarritako egitasmoari jarraiki, hilaren 22an hasi eta 29a bitartean Portugalete munduko folklorearen erakusleiho bilakatuko da. Lau kontinentetik etorritako zortzi taldek, Elai Alai anfitrioia barne, parte hartuko dute aurtengo Nazioarteko Folklore Jaialdian: Argentinako Gran Ballet, Errusiako Siverko eta Dagestango gazteria taldeak, Puerto Ricoko Conjunto Folklorico Guarionex, Eslovakiako Turiec, Burundiko Batimbo, eta Txinako Tang inperioko dinastia. Erakustaldiak Zubi Alde polikiroldegiak jasoko ditu, 22:00etatik aurrera.
Ohiko dantza erakustaldiak ez ezik, ekitaldiak musika emanaldi bi jasoko ditu. Kontzertuak gonbidaturiko dantza taldeen musikariek eskainiko dituzte. Hain zuzen ere, kontzertu horietarik batek emango dio hasiera igandean Folklore jaialdiari. Solar enparantzarako kioskoak jasoko du berau, 13:00etik aurrera. Asteazkenean, hilaren 25, ordu eta toki berean bigarren musika saioari ekingo diote. Gauean, berriz, dantza taldeek Portugaleteko Carlos VII etorbidean zeharkatuko dute, eta jaialdia ofizialki zabaldu ere.
Ostiraletik aurrera, munduko dantza izango da jaialdiko protagonista nagusi eta bakarra. Lehen saioan Butimbo (Burundi), Turiec (Eslovakia) eta Elai Alaik parte hartuko dute. Beren kulturan giltzarri den danborrarekin baliatuz, Afrikarrek sinbolismoz beteriko ikuskizuna aurkeztuko dute. Turiec, berriz, Europa erdialdeko sustraien erakusle da. Larunbatean, hilaren 28, Siverko (Errusia), Tang inperiko dinastia (Txina), eta Conjunto Folklorico Guarionexen (Puerto Rico) txanda izango da. Lehenengoek Errusiako iparraldearen folklore aberastasuna eramango dute jaialdira. Txinako dantzariek, berriz, hainbat mendeko dantza tradizioa erakutsoiko dute. Aurreko biei Puerto Ricokoen berotasuna lotuko zaie.
Argentinako Gran balletak, Dagestango gazteriak (Errusia) eta Elai Alaik itxiko dute jaialdia, igandean. Argentinarrek beren sorterriko ekitaldirik garrantzitsuenetan izan dira, baita atzerriko hainbatetan ere. Dagestango gazteria taldea 1978an hasi zen lanean, eta, ordutik hona, Kaukasoko dantza hezkuntzaren eredu bilakatu da.
Jaialdia Euskal Herrira zabaldu
Nazioarteko Folklore jaialdia Euskal Herri osoak gozatu behar duela eta, aurten Portugaleteko mugak zeharkatzea erabaki dute antolatzaileek. Udalerriak egitarau osoa jasoko badu ere, ekitaldiak iraun bitartean gonbidaturiko taldeek hainbat erakustaldi egingo dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako 30 herritan. Besteak beste, Zornotza, Getxo, Durango, Bakio, Azkoitia, Orio, eta Lasarte dira aukeraturiko agertokietako batzuk.
Dokumentuaren akzioak