Dokumentuaren akzioak
Lau ikuskizun eszeniko erakutsiko ditu Getxoko Muxikaberrik, irailetik abendura
Getxoko Muxikaberri zentroak lau koprodukzio erakutsiko ditu irailetik abendura. Ados Teatroak, Pablo Viarrek, Maitane Sarraldek eta ArteDramak lau ikuskizun eskainiko dizkiete ikusleei: eseki-dantza, irakurketa antzeztua eta antzerkia. Irailaren 21ean, Ados Teatroaren Las ciegas hormigas, Ramiro Pinillaren izen bereko eleberriaren irakurketa antzeztua izango da, frankismoaren garairik ilunenean girotua. Garbi Losada aktore eta zuzendariaren egokitzapena da eta Jauregi familiaren istorioa eta galerna-gau batean izandako gertakariak azaltzen ditu. Pablo Viarren Confines muntaia ikusi ahal izango da urriaren 4an. Viarren hitzetan, lan hau “identitatearen eta gizateriaren inguruko ikerketa zientifiko baten emaitza da, prozesu zientifikoaren ikuspegitik”. Eguzki Zubia eta Txubio Fernandez ditu protagonista, eta samurtasuna eta komikotasuna uztartzen ditu. Ikusleen konplizitatea eskatzen duen obra da, eta giza existentzia baldintzatzen duten mugei buruz hausnartzen du. Maitane Sarralde dantzari eta koreografoaren eseki-dantza ikuskizuna izango da azaroaren 23an, Madre Perla izenekoa. Piezari izenburua ematen dion landarearen antzera, "desafiatzailea da eta basamortuko paisaia bakarti batean kokatzen da". Dantzariek bakardadea islatzen dute, baina kontaktua bilatuz eta, era horretan, landareak ingurune kaltegarrian bizirauteko duen gaitasuna adieraztea lortzen dute. Azkenik, abenduaren 20an, Ibrahima Balderen eta Amets Arzallusen Miñan liburuan oinarritutako antzezlana erakutsiko dute. Balderen immigrazio historiaren kronika egiten du testuak eta Artedramak antzerkira egokitu du, Ander Lipusen zuzendaritzapean. Balde ginearrak bidaia luze bati ekingo dio, anaiaren bila, eta hartarako asmorik ez izan arren, Europara arte iritsiko da azkenean, ibilbide eta bizipen gogor batzuen ondotik. Sambo Diabyk, Eihara Fernández de Larreak, Mikel Kayek eta Lipusek berak osatzen dute aktore-taldea. Ikuskizunetarako sarrerak uztailaren 22an jarriko dira salgai Getxo Kulturako ohiko kanaletan.
Dokumentuaren akzioak