Egilea
Ttipi ttapa
Komunikabidea
Erran
Mota
Albistea
Data
2021/04/10
Lotura
Erran
Amaia Ostolaiz, Pantxika Telleria, Oihana San Migel eta Nahia Barriola dantzari gazteak elkarrizketatu ditugu haien esperientziak kontatzeko.
Amaia Ostolaiz
«Urtean zehar sortzen diren ekitaldietan parte hartzen dugu»
|
Amaia Ostolaizek bere dantzari ibilbidea 17 urterekin hasi zuen Tantirumairu dantza taldean. Ordura arte, «Oiartzungo Haurtzaro dantza taldeko partaide» izan zen. Lesakako Tantirumairu dantza taldea 1980an sortu zen. Orokorrean, «dantzari guztiak bortz urterekin hasten dira». Lesakako dantza taldeko emanaldi nagusia «uztailaren 6an eskaintzen» dutena da, hain zuzen ere San Fermin bezperakoa, eta «dantzari ttiki eta helduek urtean zehar entseatutako koreografiak» herritarren aitzinean plazaratzen dituzte. Horietaz gain, urte osoan «herrian eta herritik kanpoko jardueretan ere parte hartzen» dute. Iaz ez zuten egiterik izan eta aurten ere kolokan dago. Hala ere, herriko dantzarien eguna ospatu zuten martxoaren 20an.
|
Pantxika Telleria
«Egokitu behar izan dugu, egokitu edo deus ez egin»
|
Elirale dantza konpainia «2001eko martxoan sortu zen Donibane Lohizunen». Egun, «bertze hainbat herritan» eskaintzen dituzte klaseak, tartean Senpereko Larraine kultur aretoan. «Urtero emanaldi edo sorkuntza berri bat» plazaratzen dute. Telleriak «dantzaz gain, performance oso bat» sortzen dutela gaineratu du; «hitzak, dantza, musika eta antzerkia ere uztartuz» dituzten. Ikuskizunak «batez ere, Euskal Herriko lurraldeetan» taularatzen dituzte. Koreografoaren hitzetan, «dantza konpainiaren oinarria dantza, mugimendua eta arnasa dira. Dantza herrikoia, etiketarik gabea, da konpainia honek eskaintzen duena». 2020an Fuga koreografia sortu zuten.
|
Oihana San Migel
«Egoerara egokitzea tokatu zaigu eta horretan jarraituko dugu»
|
Oihana San Migel «lau urte» zituelarik hasi zen Doneztebeko dantza taldean. 16 urte zituenean Erreka dantza taldean hasi zen. Erreka dantza taldea eskualdeko euskal dantza talde gazteena da, 2010ean sortu baitzen eta ordutik, «Malerrekako plazetan hamaika aldiz ibili gara». Iazkoa «urte berezia» izan zen. Zoritxarrez, «urteurrena ospatzeko ekitaldia prestatzen ari zirela» osasun alarma-egoera ailegatu zen. «Urteko emanaldi garrantzitsuena herriko bestetan» eskaintzen dutena izan ohi da. Emanaldi honetan «ikasturtean sortu, ikasi eta entseatutako koreografiak» plazaratzen dituzte. Bertzalde, Eguberrietan ere emanaldi berezia eskaintzen dute. |
Nahia Barriola
«Une honetan helduen taldean 30 lagunetik gora gaude»
|
Nahia Barriola 12 urterekin hasi zen Aurrera dantza taldean dantzatzen, hau baita «dantza taldean sartzeko izan beharreko gutxieneko adina». Leitzako dantza taldea 1957an sortu zen. Dantza taldean «adinaren arabera bi talde bereizten dira: alde batetik, dantzari txikia eta bestetik, helduak». Dantzari txikien taldea «12 eta 17 urte bitarteko gazteez osatzen da» eta «hiru taldetan entseatzen dute». Aurten guztira «35 neska eta 10 mutilek» osatzen dute taldea. Beste aldetik, dantzari helduen taldean «une honetan 30 lagunetik gora gaude». Dantza emanaldi garrantzitsuena «herriko festetan» antolatzen dutena da: «Umeen eguneko dantzari txikia, abuztuaren 11n ezpatadantza eta abuztuaren 12ko dantza saioa». |