Dokumentuaren akzioak
'Lathe biosas'
Dantza egarriak bultzatuta hurbildu naiz Bilboko Arriaga antzokira Lathe biosas-en estreinaldia ikustera. Hobeto esanda, dantza egarriak eta bi dantzariek nigan pizten duten interesak bultzatuta. Eta gero, izenburuaren misterioak erakarrita ere bai, zergatik ez. Zer demontre ote da Bilboko karteletan aspalditik ikusi dudan ditxosozko Lathe biosas hori? Bada, badirudi Epikuroren maxima bati dagokiola eta grezieraz Bizi itzalpean esan nahi duela.
Orain ez nago seguru ondo bizitzearen filosofia ezarri zuen pentsalaria ados egongo ote zen Kanpai konpainiako dantzarien proposamen hotz eta distantziatuarekin, baina hura edozein dela, bi dantzariak zoru eta atzealde zuriko eremu lainotu batean agertu dira, biak oinutsik eta prakak jantzita, emakumea zuriz eta gizona beltz, arrosa eta grisaren arteko gaman. Ezkerreko bazterrean Niko Hafkenscheid musikaria kokatu da, piano bertikal baten eta ordenagailuaren aurrean, eta hasiera batean haren nota solteek lagundu dituzte eremu eszeniko handian elkarrengandik urrun zeuden dantzarien bira geldo-geldoak.
Anartean, off-eko ahots batek esandako esaldi solteak entzun ditugu. Hasierako hitzak baizik ez genituen garbi aditzen, eta egoera horretan hamar minutu igaro ostean hasi dira dantzarien birak biziagoak izaten itsasoaren soinu moduko baten pean, eta harekin zetozen hots industrial lausotuek nahiko itogarria bihurtu dute giroa.
Bere osotasunean hartuta, aldakorra eta enigmatikoa izan da proposamena, eta emanaldian zehar jarduera fisiko handiko pasarteak supituki bukatu dira figura estatikoen konposizioetan. Edertasun handiko konposizioak izan dira, eta greziar klasikoen figurak ekarri dizkigute gogora, baina era dinamikoan eta iragankorrean, dantzaren izaerari dagokion bezala. Une jakin batean, pianistak, bere postutik altxatu, eta hori koloreko zinta bat ezarri du agertokiaren alderik alde, tinko-tinko eta behegainetik metro batera edo. Zintaren ezarpen horrek areagotu egin du proposamenaren izaera intelektualista, baina, aldi berean, aukera gehiago eman dizkie bi dantzarien eboluzioei.
Bestetik, ez dira falta izan isiltasun erabateko pasarteak eta zeharo geldirik egon diren une luzeak —ikusleen nolabaiteko asperdura eragin dutenak, dena esan behar bada—, baina piezaren izaera lehor eta abstraktua gorabehera, ondo gogoratuko ditugu bi dantzarien prestakuntza eta gaitasun itzela eta haien gorputzekin eraikitzen eta galtzen, bat-batean eratzen eta lurruntzen ziren eskultura haiek, baita ere azken minutuetan biraka emandako une hipnotikoak, eta, zelan ez, zinta horiaren gaineko talde eskultoriko deslai hori, Camille Claudel eta Rodinen estiloa ezinbestean gogorarazi diguna.
Dokumentuaren akzioak