Dokumentuaren akzioak
Larunbatean Irrintzi taldearen ikuskizuna
Ikusleek parte hartzea bilatuko du dantza jaialdian Irrintzi taldeak.
Irrintzi taldeak Dantza Jaialdia antolatu du larunbaterako. Ekitaldia
19:30ean hasiko da Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Lekua mugatua
denez, eta sarrera doan bada ere, txartela hartu beharko da leihatilan,
18:30etik aurrera. Pertsonako lau txartel har daitezke gehienez.
Ekitaldian publikoaren parte-hartzea bilatuko dute, horixe
izango da aurtengo berritasuna, taldekoen arabera. Sorpresa izatearren
ez dute argitu parte-hartze hori nola bultzatuko duten. «Familia giroa
egon ohi da ikuskizunean, eta testuinguru horretan bilatuko dugu
ikuslearen kidetasuna».
Dantza mistoak
Horrez gain, «inoiz baino dantza misto gehiago» aurkeztuko ditu
Irrintzik, bai haurrekin, bai helduekin. Helduan saioan, esate
baterako, Zuberoako Fandangoa hala izango da. Hango talde batek
erakutsi zigun eta nobedadea da guretzat». Nolabait ere Zuberoak
protagonismo berezia izango du jaialdian, «makil dantzak ere hango
ukitua hartuko du».
Jaialdian ehun haurrek eta 25 helduk hartuko dute parte.
Aretoa betetzea ziurtzat dute, eta ia urtero izaten da sarrerarik gabe
kalean gelditzen den bat edo beste.
Dantzariez gain musikariak ere izango dira oholtzan. Endika
Alzelai txistuaz eta txirulaz arduratuko da, Zuhaitzaren Soinua
kolektiboko kideak txalapartaz, eta Aitor Areizaga soinuaz.
Iazko jarduna berezia izan zen, Irrintzik 40. urteurrena
betetzen zuelako. Baina aurten ere badituzte erronkak. Hala nola
larrain-dantza ikastaroa antolatzeko asmoa dute. «Urtero Santa Isabel
jaietan dantzatzen denean betikoek dantzatzen dugu, baina jendea
erakartzen du. Beti pentsatu izan dugu aproposa litzatekeela ikastaroa
antolatzea, eta aurten egingo dugu, maiatz aldean edo».
«Helduak, ongi etorriak»
Dantza taldearen egoera «oso ona» da. Batez ere haurren
parte-hartzea oso nabaria da. «Helduak, ordea, gutxiago daude, eta oso
gustura hartuko genituzke animatzen direnak, dantzariak zein
musikariak», diote.
Datozen asteetan inguruko herrietan izango diren Dantzari
Txiki egunetan parte hartuko dute, hala nola Legazpikoan hilaren 27an.
Gero Zumarragakoa iritsiko da, maiatzaren 18an. «Azkenaldian Eitzako
jaien barruan antolatu izan dugu eguna, hango ekitaldi bezala, eta
aurten ere hala egingo dugu». Horrekin batera Santa Isabel jaietako
ekitaldien antolakuntzari ekingo dio taldeak, uztailaren 2an izaten
baita garrantzitsuena.
Dokumentuaren akzioak