Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Larunbatean emango diote hasiera Jota-Fandango Mintegiari

Dokumentuaren akzioak

Larunbatean emango diote hasiera Jota-Fandango Mintegiari

Egilea
Aritz Mutiozabal
Komunikabidea
Zarauzko hitza
Mota
Albistea
Data
2011/10/11
Lotura
Zarauzko hitza

Urriaren lehen egunean ikastaroaren aurkezpen saioa egin zuten, eta datorren larunbatean hasi eta ekaina bitartean, hilean behineko maiztasunez, Aritzbatalde kiroldegian elkartuko dira dantzan egiten trebatzeko. Saioak nahiko luzeak izango dira, 10:00etatik 13:00etara, eta honako larunbat hauetan egingo dituzte, Patxi Laborde eta Sabin Bikandi dantza irakasleen eskutik: urriaren 15ean, azaroaren 12an, abenduaren 10ean, urtarrilaren 28an, otsailaren 18an, martxoaren 3an, apirilaren 28an, maiatzaren 26an eta ekainaren 2an.

Aurkezpen saioa mintegiaren aurrerapen moduko bat izan zen. Bertan, Aiko taldeak bere burua ezagutzera emateaz gain, ikastaroaren helburuaren berri eman zuen. Horrekin batera, jotaren sistema tradizionala zein den eta saioz saio ikasiko dutena azaldu zien jendeari. «Ez da urratsen katalogo bat izango, baizik eta jotaren beraren hizkuntza ulertzea. Ondoren, eremu horretan norbera sortzeko gai izan dadin. Hori guztia ariketa praktikoekin eta, era berean, bitxikeria batzuk kontatuz irakatsiko diegu; besteak beste, Zarauzko testigantzak kontatuko ditugu», jakitera eman du mintegiko irakasle Patxi Labordak. Oro ha, tradizionalki jota zer izan den eta gaur egun bitartean zer-nolako bilakaera izan duen ezagutzeko aukera emango du ikastaroak.


Oraindik ez dakite ziur zenbat lagunek hartuko duen parte Zarautzen, Jota-Fandago Mintegiko izen-ematezabalik dagoelako. Dena dela, ikastaroaren inguruan interes handia piztu dela argitu du Labordak. Herriko dantzazaleen, dantzarien eta dantza irakasleen topagune bihurtu nahi du, baita inoiz dantzarik egin ez dutenena ere. «Gure helburua hutsetik astea da, oinarri-oinarritik ekitea, nahi duen orok parte har dezan inolako arazorik gabe», dio mintegiko irakasleak. Izan ere, «interesagarria izango da dantza munduan dabiltzatenek ere ikus dezaten sistema zein den. Hain zuzen ere, urte asko daramagu dantzan, baina bidean hainbat gauza garrantzitsu utzi ditugu. Beraz, hasieran guztiok batera abiaraziko dugu ikastaroa, eta aurrera begira pentsatuko dugu zer egin; hau da, saioa taldetan banatu ala ez».


Ikastaroa hilabetean behin baino ez dituzte egingo, baina saioak trinkoak izango dira, hiru ordukoak. «Denbora sobera izango dugu gauza asko egiteko, eta, ondoren, bakoitzak bere aldetik barneratzeko eta sakontzeko aukera izango du etxean», zehaztu du dantza irakasleak.

Izena emateko aukera

Mintegian izena emateko epea zabalik dago oraindik. Ikasturte osoko matrikulak 150 euro balio du, eta parte hartu nahi dutenek Aiko dantza taldearen webgunean (www.aikotaldea.com) egin beharko du inskripzioa. Irakasleak lehen saiotik hastea gomendatzen du, baina bigarren saioan hasita ere ez litzatekeela arazo handirik izango adierazi du.

Jotaz gain, Aikok oinarrizko dantza ikastaroak ere eskaintzen jarraitzen du Zarautzen. «Iaz erantzun ona jaso genuen. Gainera, dantza barnetegia ere bertan egin genuen. Egia esan, hurbiltzen garen guztietan harrera ona izaten dugu. Alde horretatik, Zarautz bada dantzarako plaza. Dantza taldeak eta dantzazaleak daude, eta horrek guztiak kimu berrientzako lur ona dela esan nahi du. Dantza giroa antzematen da Zarautzen», nabarmendu du Labordak. Oinarrizko ikastaroak ostegunetan izaten dira, kiroldegian bertan, eta 120 euro balio du izen emateak.

Dokumentuaren akzioak