Dokumentuaren akzioak
Larunbat honetan hasiko da Euskal Koreografo Gazteen erakusketa
Iaz Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso zuten hamabi koreografoetatik bostek hartuko dute parte
Seigarren deialdia beteko duen Euskal Koreografo Gazteen erakusketak motorra berotzen jarria du dagoeneko. Larunbat honetan hasi eta hilaren 30a arte, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuek dantza arloko proposamenik berritzaileenak jasoko dituzte. Iragan kurtsoan beren sormena lantzeko Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso zuten hamabi koreografoetatik bostek hartuko dute parte erakustaldian: Ikutu dantza elkarteak, Pantxika Telleriak, Natalia Mongek, Saioa Ibañezek eta Mayda Zabalak.
Dantza sustatze aldera, azken urteetan Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak abian jarritako prozeduraren barruan daude koreografo gazteen topaketak. Atal horrekin batera beste bik osatzen dute dantza plangintza: dantza eskolen jardunaldiak eta iaz abian jarri zuten dantzarako plataforma. Aurten bosgarren urtea beteko duten dantza eskolen jardunaldiak maiatzean izango dira, 4an Donostiako Antzoki zaharrean, 11n Basauriko Sozial antzokian, eta 19an Gasteizko Ibañez Matauko antzokian. Donostiako antzerki feriaren barruan, dantzarako plataforma uztailaren 9tik 10a bitartean egongo da ikusgai. Han, Blanca Arrietak Zero lanarekin, A deshoras danzak Sodapop, Eguzki Zubiak Oveja negra, Moarek eta Idoia Zabaletak El rato de Jose hartuko dute parte.
Koreografo Gazteen topaketetan parte hartuko dutenentara itzuliz, hona hemen koreografoen eta aukeztuko duten lanei buruzko ohar batzuk:
Ikutu dantza taldea (Bostak S2)
1998 urte aldera sortu zen Ikutu elkartea Gasteizen, dantza garaikidearen alorra lantzeko batik bat. Adriana Gaskok, Jorge Ferreirak, Ruth Berikoetxeak eta Jorge Jauregik osatzen dute berau, eta lehenengo hirurek Bostak S2 lana aurkeztuko dute gazte koreografoen topaketetan. Koreografiak hiru atal ditu, eta haietako bakoitza kideetako batek zuzentzen du. «Zentzumenekin lan egiten hasi ginen, eta obra hau bilaketa horren emaitza litzateke. Bat-batekotasunarekin ere asko jokatzen dugu, ideia batetik abiatu eta horrek gorputzari iradoki diezaiokeena interpretatzen ahalegintzen gara. Modu batera edo bestera, bost zentzumenak ordezkaturik daude obran, baina badira zenbait une non haien aztarnarik ez dagoen. Mementu horiei zorabio uneak deitu diegu. Seigarren zentzumen bat ere sartu dugu, intuizioa legez ezagutzen duguna», dio Gaskok.
Pantxika Telleria (Firua)
«Firua bi gailurren arteko soka da, arrangura eta plazerra lotzen dituen soka. Haurtzaroari lotzen gaituen hari meharra bada ere, haren gainean ibiltzen gara, oreka eta desoreka artean». Euskal dantzan ibili ondoren, Parisko Conservatoire Nationale Superieur delakoan ikasi zuen Pantxika Telleriak (Donibane Lohizune, 1972) Christiane Vaussard eta Michael Denardekin batera. Orain urtebete EliralE dantza konpainia eratu zuen jaioterrian, eta handik jaioko ziren 0001 eta Firua, Celia Thomas dantzariak interpretatuko zituen bakarkako lanak. Iragan martxoan beste obra bi aurkeztu zituen: Eden eta Andante. Une honetan beste lau dantzarirekin uztailean Carcassonneko jaialdian estreinatuko den Exquise exhuberance lana sortzen ari da. Telleriak Euskal Koreografo Gazteen topaketetan aurkeztuko duen Firua-n, besteak beste, Ur Apalategik bideo lanetan eta Juan Carlos Perezek musikan hartu dute parte.
Saioa Ibañez (Ihes puntuak)
Zazpi urte daramatza Saioa Ibañezek (Arrasate, 1975) dantzaren mundua goitik behera arakatzen. Arte hori eta ez beste edozein aukeratzera zerk bultzatu zuen azaltzen du Ihes puntuak-en. Bilaketa, eta, aldi berean, gogoeta bilatzen duen pieza, gorputza lurretik zerura eramaten duten bulkadak aztertzen baititu. «Orain arte ikasitako guztia eta obraren beraren mamia argi nituen neure buruan, baina gorputza ez nuen maila berean sentitzen. Ildo horretan, Ihes puntuak aurrera egiteko lana da». Baina Ihes puntuak hori baino gehiago da. Bizitzaren eta munduaren kontraesanen isla aurki daiteke han, barreguratik negargurara eraman dezaketen egoeren kutxa.
Natalia Monge (Mejor mal acompañado que sólo)
Bere curriculumean, besteak beste, gimnastika erritmikoko epailea eta gorputz heziketa fisikoko irakaslea dela irakur daiteke. Natalia Mongeren (Bilbo, 1972) pasio handiena, baina, dantza da. Amsterdameko New Dance Development eskolan trebatu zen Mongek Mejor mal acompañado que sólo eramango du topaketetara. «Pertsona guztiak gabiltza zerbaiten bila. Batzuetan hura aurkitu ez, edo topatu eta berehala galdu egiten dugulako desesperazioan erortzen gara. Baina horixe da bizitzaren xedea. Batzuek lortu nahi dutena eskuratzeko asmoz besteengana jotzen dute, eta helburua betetzearren ingurukoak zapaltzeko gai dira. Hala ere, bakarrik egotea baino nahiago dugu beste norbaitekin egon. Hortik datorkio lanari Mejor mal acompañado que sólo izenburua». Hasiera batean hiru mutilentzako koreografia pentsaturik zuen Mongek, baina haietako batek huts egin eta bere burua sartu behar izan zuen dantzarien zerrendan. Getxokoarekin batera Jon Urrazak eta Natxo Morenok dantzatzen dute hamazazpi minutu inguru irauten duen obran.
Mayda Zabala (... Y descuelga mi corazón)
«Asko hitz egiten da maitasunari buruz. Hil egiten duten maitasunak, atsekabea ekartzen duten maitasunak, dena eman eta trukean ezer jasotzen ez duten maitasunak. Maitasun pasionalak, bakerik gabeko maitasunak, maitasun zentzudunak, samurtasunik gabeko maitasunak. Maitasun samurra, maitasun zehatza, maitasun nahasia, errukirik gabeko maitasuna, gorrotozko maitasuna... Azken finean... Maitasun eta gorrotoa! Berdin dio!». Umorea dario ... Y descuelga mi corazón obrari, nahiz lehen begiradan kontrakoa iruditu. Halaxe dio Mayda Zabalak (Areeta, 1963), haren sortzaileak. Isidro Zapaterorekin batera aurkeztuko du lana, baina, ez da koreografoen jardunaldietan erakutsi duen lehena. Duela hiru urte Deriva bideo-dantza egiteko diru laguntza eman zion Eusko Jaurlaritzak, eta behin osaturik, laugarren topaketen barruan plazaratu zuen. Pieza horregatik, hain zuzen, Zabalak hainbat sari jaso ditu nazioartean.
Dokumentuaren akzioak