Gainean ditugu Arabako lehen inauteriak, 1970. hamarkadatik aurrera hainbat herritan berreskuratu dituzten landa eremuko inauteri tradizionalak. Etxeko trapu zaharrekin mozorrotutako porreroak, porreteroak, katxiruloak, ardiak, hartzak, bidelapurrak, aiton-amonak, sorginak edo errauts jaurtitzaileak ibiliko dira datozen egunotan kalean gora eta behera, Porrero, Markitos, Porretero eta Toribio maltzurrak akabatu arte.
Kuartangon zabalduko dute mozorroen dantza, hilaren 8an, eta ohi bezala Santa Agedarekin nahasian ospatuko dute. Halere, bertan ez dute inor hiltzen. Goizez, makilekin etxez-etxe joango dira porreroak jakiak eta dirua biltzen. Eguna ilundutakoan, hartza katez lotuta Zuhatzu Kuartangoko bainuetxearen plazara jaitsiko dute.
Otsailaren 22an, berriz, Ilarduian, Eginon eta Andoinen, lastozko gizona sutara botako dute. Gaitz guztien errua leporatzen zaio lastozko gizonari Asparreneko herri hauetan. Asto baten gainean lehenengo, eta idiz jantzitako porreroen bizkarrean ondoren, herrietatik paseatu eta erre egingo dute.
Lautadatik irten gabe, martxoaren 2an egingo dute Arabako herri inauteri ezagunena, Zalduondokoa. Berrogei urte luzez ahanzturan egon eta gero, 1975. urtean berreskuratu zuten Markitos protagonista nagusi duen jaia. Berari leporatzen dizkiote gaitz guztiak eta, herritik paseatu eta gero, epaitu eta sutara kondenatzen dute. "Modu honetan, aro zaharra erre eta berriari paso ematen zaio".
Kanpezun, gaitz guztien erruduna Toribio da eta, erre beharrean, ito egiten dute. Tradizioari jarraiki, martxoaren 4an, bi katxirulok paseatuko dute pertsonaia famatua herrian zehar; amaieran Ega ibaira botako dute, urek eraman ditzatela herritar guztien penak eta tristurak.
Oiloak lapurtu eta bestelako gaiztokeriak egiten ditu Porreteroak Salcedon. Gaitz guztiak berarekin batera kiskaltzeko eta aro berria garbi hasteko, epaitu ondoren, garbitokiko teilatura botako dute pertsonaia, putreek jan dezaten. Aurten, martxoaren 8an jarri dute hitzordua Lantarongo herrian.