Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Larrain-dantzatik Aserejé-ra

Dokumentuaren akzioak

Larrain-dantzatik Aserejé-ra

Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Euskonews & Media 183.zbk
Mota
Iritzia
Data
2002/10/11

Oro har dantza tradizionalen ardura dantza taldeek hartu dute bere gain, eta talde horiek dira tokian tokiko erritual eta ikuskizun saioetan dantzatzen dutenak. Baina dantzaren alderdi ludikoa galtzen joan dela ikusita, talde horiek plaza eta erromerietako dantza soziala berpizteko zenbait ahalegin egin dituzte azken hamarkadan. Plazak hustu eta dantzatzeari utzi omen dio gizarteak, eta joera horri buelta eman nahian hainbat saio bultzatzen hasi dira. 70 eta 80koetan izan ziren joera horri buelta ematen saiatzeko lehen ahaleginak. Adibidez, herri-dantza izeneko dantza bat sortu zen, Baztango mutil-dantzen eta iparraldeko jauzien ereduetan oinarrituta. Euskal Herri osorako baliagarria izan zitekeen dantza izateko asmatu zen eta ikastaroak eskaini ziren han eta hemen, baina, ez zuen hedapenik ez iraupenik izan. Bide luzeagoa ezagutu duena Lizarrako Larrain-dantza Euskal Herri osora hedatzeko saioa izan da. EDBk Dantzari Egunen bidez hedatu zuen hasieran, baina oso gutxitan gertatu den bezala, dantza talde antolatuetatik kanpora irtetetea lortu zuen eta dantza taldeetan parte hartzen ez zuten milaka lagunek ikasi eta dantzatzen dute 25 urteren buruan.



Hirugarren milurtearen hasiera honetan, herri dantzak berreskuratu, sustatu eta berrindartzeko gogoa eta ekimenak han eta hemen aurki ditzakegu. Egungo bolada honetako aitzindarietako bat Gasteizen egiten dena da. Plazako dantzak berpiztu nahian jarri zuen abian Gasteizko Folklore Akademiak Udaberritik Udazkenera irauten duen ekimena: Dantza Plazan (1). Egutegian zehaztutako larunbat arratsaldetan, Folklore Eskolako irakasleek, txistua eta danbolina, trikitixa, alboka, dultzaina eta abarrekoak hartu eta dantzarako musika egiten dute Gasteizko Plaza Berrian, Aihotz Plazan edo Judimendi Auzoan. Bertara hurbiltzen dira Folklore Eskolako hainbat ikasle, ikasle izandakoak eta eskolatik pasa gabeko beste hainbat ere. Fandango, ari-arin, porrusalda, esku-dantza, txulalai, 7 jauzi, larrain-dantza, lantzeko zortzikoa, bolant dantza eta abarrak dantzatuz gozatzen dute bildutakoek. Musikaren erritmora mugitzeak eskaintzen duen sentsazioaz gozatzeko aukera ematea da helburua, alegia, dantzaren alderdi ludikoaz baliatzea.



Gasteizen lekua hautatu eta dantzarako giro aproposa sortzea Folklore Akademiaren ardura izan bada ere, beste zenbait herritan lehendik zeuden erromeriak indartzen edo jai egokiak baliatzen saiatu dira zenbait dantza talde plazako dantzak sustatu nahian. Adibidez, Gasteizko esperientziak animatuta Plazara Dantzara (2) izeneko erromeria zirkuitoa jarri zuten martxan Deba-barrenean 90eko hamarkadaren hasieran. Deba, Elgoibar eta Eibarren, udazken-negu aldean ospatzen diren nekazal ferietan erromerietarako zegoen ohitura berrindartu eta sendotzeko sortu zuten Plazara Dantzara hiru herri horietako dantza talde eta eskolek. Tradizio handiko nekazal feriak dira hirurak, San Andres feria azaroaren 30ean Eibarren, Gabon Zaharreko feria urteko azken larunbatean Elgoibarren eta Zoro feria urteko lehen larunbatean Deban.



Larrain-dantza hedatu eta "dantza nazionala" bezala sustraitzeko egindako ahalegin eskergak bere bidea egin du 20 urte luzez. Ondorioz, 90eko hamarkadan herri eta hiri askotako jaietan errotuta dago larrain dantza "popularra" edo "herrikoiaren" saioa, eta Lizarrako dantzarekin batera fandango-arin arinak, jauziak, txulalai, lantzeko zortzikoa eta esku-dantzaren bat egiteko tarte antolatua izaten da jai egitarauetan. Horrela da Gasteizko jaietan Aihotz plazan eta Bilboko Aste Nagusian Plaza Barrian adibidez, eta horrela izan da urte batzutan Iruñeko Gaztelu plazan San Ferminetan. Horiez gain badira nortasun bereziko jaiak izanik dantzarako giroa izaten jarraitu dutenak eta interbentzio beharrik gabeko dantzaldiak izaten jarraitu dutenak, bai auzo txiki, ermita eta mendialdeko erromerietan, baina baita ere tradizio sendoko zenbait jaietan, Zarauzko Euskal Jaietan esaterako.



80ko eta 90eko hamarkadetan hasieran dantza taldeetan parte hartzen ez duten helduentzat eskaintzen diren ikastaroak antolatzen dira Euskal Herriko herri askotan. Ikastaro horietan plazetan eta erromeria giroan dantzatzeko aproposak izan daitezkeen dantzak erakusten dira: fandango-arin arinak, larrain-dantza eta jauziak nagusiki. 90ekoaren lehen urteetan Lapurdiko kostaldean arrakasta handia izan zuten ikastaro horiek eta Xabier Itzainaren ustez "kasik masifikazio fenomeno" (3) bat izatera iritsi ziren. Itzainak eskaintzen dituen datuen arabera 1996an, Iparraldeko Euskal Dantzarien Biltzarreko 57 taldeetatik 32k ematen zituzten helduentzat ikastaroak. Fenomeno horren ondorioz azken urteotan Ipar Euskal Herrian oro har, eta Lapurdiko kostaldean batez ere, plaza dantzarako eremutzat berriz hartua izan dela dirudi, eta jai antolatuetan eta igande arratsaldetan, gazte zein helduak aritzen dira jauzi eta mutxikoak dantzatzen.



Helduentzako ikastaro eta erromeria antolatuekin batera elementu berri bat agertu da 90eko hamarkadan: plazako dantza dinamizatzaileak. Gasteizko Dantza Plazan, Debabarreneko Plazara Dantzaran, Iparraldeko mutxikoetan eta edozein herritako erromeria antolatuetan izaten dira dantzaren norabideak, puntuak eta erreferentziak markatzen dituzten dantza maisuak. 90eko lehen urteetan dantza saioan presentzia diskretoa izaten zuten dantza maisuak. Baina hamarkadaren erdikaldetik aurrera agente dinamizatzaile batzuk ezkututik atera eta dantzaren nondik-norakoak ageri-ageritik bideratzen dituzte. Mikrofonoaz baliatuz dantzaldiaren erritmoa eta antolaketa bere gain hartu, eta egin beharreko urratsak jakinarazten dituzte. Horrela gertatzen da Gasteizko Dantza Plazan aitzindarian, eta beste zenbaitetan ere. Dinamizatzaile horiek nortasun berezia erakutsi duten kasuetan saioak dantza-gidariaren izenarekin iragartzen hasi dira. Patxi Perez-en "Dantza Piko" eta Juan Antonio Urbeltzen "Urbeltzen Dantza Ganbara" dira dantzaldi antolatu hauen bi eredu.



Patxi Perez-ek Europan nahiko hedatua dagoen dantzaldi formula egokitu du eta arrakastaz dabil plazarik-plaza bai Batbiru bere taldearekin eta baita Tapia eta Leturia trikitixa taldearekin ere. Plazaren erdian, jendartera sartu eta egin beharreko urratsak irakasten ditu. Dantzari bihurtutako ikusleek urratsak errepikatzen saiatu ahala musikariek doinua ezartzen diote. Bizpahiru argibide soil eman ondoren dantzan hasteko moduan dago talde osoa eta dantzatzen ari direla ere argibideak ematen jarraitzen du Patxi Perez-ek. Jauziak eta fandango-arin arinak ere dantzatzen dira, baina horiekin batera, Euskal Herriko eta Europako kontradantzak eta mazurkak, eta oro har plazako dantzen errepertoriotik modu horretan irakatsi eta dantzatu ahal izateko aproposenak direnak hautatu ditu Patxi Perez-ek.

"Urbeltzen Dantza Ganbara" antzeko formula izan arren, errepertorioa nagusiki hainbat jauzi, dantza-luze eta ingurutxoekin osatzen da. Juan Antonio Urbeltz folklore ikertzaileak gidatzen du dantzaldia Argia dantzari taldeko dantzariek lagunduta. Saioaren izenak berak adierazten duen bezala Dantza Ganbara areto itxietara begira antolatzen da, eta hainbat herritan egin bada ere, Bilboko eta Ondarroako Kafe Antzokietan du bere egoitza. Dagoeneko 4 urte daramatza Argia dantzari taldeak Bilboko Kafe Antzokian hilean behin Urbeltzen Dantza Ganbara eskaintzen eta dantza eginez gozatzen duten hainbat lagunentzat dantzaldia atsegina izateko zita bihurtu da.



Bilbon bertan, azken 20 urteotan hamaika dantza ikastaro eskaini ditu Sabin Egiguren-ek zuzentzen duen Bizkai Folklor Elkarteak eta talde honek ere ahalegin berezia egin du azken urteotan plazako dantzak berpizteko. Horrela ikastaroen osagarri Bilboko Areatzan "Bilbo Dantzan euskal erromeria" antolatu zuen 2001ean Bizkai Folklor Elkarteak. 2002an Bilboko Udalaren laguntzarekin Bilboko dantza taldeek ere parte hartu dute Bilbo Dantzan egitarauan, eta erromeriak Bilboko Areatzatik Santutxu, Basurto eta Deustura ere zabaldu dira. (4)



Plazako dantzaldiak sustatzeko ekinaldi zabal honetan ere kokatu behar dira 1999an Errenterian abiatutako "Erromeria Eguna" eta 2002an Euskal Dantzarien Biltzarrak Bergaran antolatu duen "Erromeria Nazionala". Goizetik gauera bi herri horietako plazetan trikitixa, alboka, txistua eta doinu tradizionalak jotzen dituzten taldeak jarri eta egun osoa dantza giroan pasatzeko aukera eskaintzen dute. Egun horien aurreko asteetan ikastaroak antolatzen dira dantzaldietan parte hartu nahi duenak dantzak ikas ditzan. Errenteriako Erromeria Eguna urtero antolatzen da eta EDBk bultzatutako Erromeria Nazionala berriz bi urtetik behin eta herri desberdinetan egitekoa da.



Ahalegin multzo handi hori egitera zerk bultzatzen duen galdetzea saihestezina gertatzen da. Xabier Itzaina berak hainbat galdera interesgarrri plazaratzen ditu Iparraldean fenomeno honen kausa aurkitzeko bideak seinalatuz. "Galdua den nortasun baten ondotik dabiltza ote folklorearen defendatzaile berri horiek? Edo hizkuntza beino erretxago den euskal munduko sarrera-giltza bat delakotz dantza? Desagertzekotan zen lotura sozial baten berpizteko manera bat dea "dantza komunitario" berri hori?". Norabide beretsuko ekimen multzo zabal horren atzean zer dagoen galdetzen diogu guk ere gure buruari. Izan ere, galdutako identitatearen bilaketa, euskal komunitaterako sarrera edo globalizazioarekin batera nagusitzen ari den kultura homogeneizazioaren aurrean ezaugarri bereizgarriak aldarrikatzeko nahia kontuan hartu beharrekoak baldin badira ere, ezin albora utzi dantzatzeak, alegia, musikaren erritmora mugitzeak, eskaintzen duen plazerrak izan dezakeela erakargarritasunik fenomeno horretan. Baina, larrain-dantzatik hasita aretoko dantzetara, eta sevillanetatik Aserejé-raino, dantzarako horrenbeste aukera desberdin eskaintzen dituen gizartean, ez da harritzekoa tradiziozko dantzen sustatzaileek etengabe estrategia berriak urratzen jardun beharra.



--------

(1) "Dantza Plazan, bailar por el placer de bailar" in Doinu eta Dantza N.8, Gasteizko Folklore Eskolako Boletina, 8. zkia, 2002ko ekaina, 6. orr. (ITZULI)

(2) ARAOLAZA, Oier, "Haritz Euskal Dantzari Taldea 25 urte dantzan" in Elgoibar Dantzan, Ongarri, Elgoibar, 1999, 108. orr. (ITZULI)

(3) ITZAINA, Xabier, "Herri kulturatik euskal kulturarat. Dantza Ipar Euskal Herrian", in Sukil3. Cuadernos de Cultura Tradicional, Ortzadar Euskal Folklore Taldea, Iruñea, 2000, 337. orr. (ITZULI)

(4) ANGULO, Joselu, "Bilbao Dantzan", in dantzan.com, http://www.dantzan.com/1012209559/index_html (ITZULI)



Oier Araolaza, dantzaria eta antropologoa

Dokumentuaren akzioak