Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Larbak tximeleta bilakatuz

Dokumentuaren akzioak

Larbak tximeleta bilakatuz

Metamorfosiaren garaia dira inauteriak; eguneroko jantziak alde batera utzi, eta mozorroaren bidez pertsonak pertsonaia bilakatzeko. Euskal Herriko txoko gehienetan datorren ostegunean hasiko da kolore festa. Pertsonaia gaiztoak sutan erre, eta espiritu txarrak aldenduko dituzte.
Egilea
Maialen Belarra
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2016/01/30
Lotura
Berria

Lesaka. Zaku ibiltariak

Inauteriek xarma berezia daukate Lesakan (Nafarroa). Otsailaren 4tik 9ra izango dira aurten, baina igandea eta astelehena izaten dira egun nabarmenenak. Igande arratsaldean zakuzaharrek beteko dute herria; aurpegia zapiz estalita, eta gorputz osoan lastoz beteriko zakuak izaten dituzte. 17:00etan umeak aterako dira, eta 19:00 aldera helduak. Musika bandaren laguntzarekin zeharkatzen dute Lesaka, eskuetan puztutako maskuriak dituztela. Lasterka egiteko zailtasunak izan arren, jendearen atzetik ibiltzen dira maskuriarekin jotzeko asmoz. Amaieran plazan alde batean etzaten dira, eta jendea tiraka ibiltzen da, zakuak erauzi nahian.

Mairuak ere otsailaren 7an aterako dira, kolorezko zintaz betetako jantziekin. Goitarrak, aldiz, goizean baserriz baserri ibiliko dira kriskitinak jotzen eta dantzatzen, eta arratsaldean herrira jaitsiko dira. Astelehenean fraindarren txanda izango da gauza bera egiteko. Bitartean, hamaika orga aterako dira herriko plazara.

ZAKUZAHARRAK ETA MAIRUAK

Noiz. Otsailaren 7an eta 8an.

Non. Zakuzaharrak eta mairuak Lesakan (Nafarroa); goitarrak eta fraindarrak baserrietan; orgak herriko plazan.

Lantz. Lapurrak hobe lotuta

Kondairak dioenez, bidelapur ugari egon izan dira Lantzen (Nafarroa), eta denetan okerrenak famatu egin ditu herriko inauteriak, Miel Otxinek, alegia. Hainbeste lapurreten ondorioz, azkenean herritarrek, hots, txatxoek, Miel Otxinen bila ateratzea erabakiko dute. Ziripot da Lantzeko biztanle indartsuena, eta berari dagokio lapurra harrapatzean gogor eustea. Herritar guztien laguntza izango du, halere. Txatxoak mozorrotuta ateratzen dira gaizkilearen bila, aurpegiak estaliak dituztela, badaezpada ere. Izan ere, beldur dira saiakeran huts eginez gero, Miel Otxinek mendekua har dezakeelako.

Bidelapurra ez dago bakarrik, ordea. Lagun leial eta zintzo bat dauka: Zaldiko. Zaldiak bere esku dagoen guztia egingo du bere nagusia ez dezaten harrapa, baina saiakeran huts egingo du. Otsailaren 8an atzemango dute lapurra, eta, Zaldiko nola edo hala laguntzen saiatuko den arren, pertsonaia gaiztoak ezingo du ihes egin.

Inauterietako astelehenean 14:00etan Miel Otxin herrian epaitu, eta heriotza zigorra jarriko diote. Sententzia jakin ondoren, herri guztian zehar paseatuko dute, herritarrek burla egin diezaioten eta irrigarri gera dadin. Arotzek Zaldiko ferratuko dute. Asteartean gauza bera egingo dute eguerdian, eta 19:30ean plazara iritsitakoan, egurrezko tontortxo batean lotu, eta hantxe exekutatuko dute Miel Otxin. Su emango diote gero. Ospatzeko, herri osoak suaren inguruan dantzan egingo du.

MIEL OTXINEN HILKETA

Noiz. Otsailaren 8an eta 9an.

Non. Lantzeko plazan (Nafarroa).

Mundaka. Herria zuri-beltzez

Musikaz betetzen dituzte inauterietan Mundakako (Bizkaia) kaleak. Otsailaren 6an hasiko da mozorro besta, umeen danborradarekin batera. Egun handia igandea izango da, halere. 13:00etan, Atorrak deitutako zuriz jantzitako gizonak aterako dira kantuan. Buruan burkoaren zorroa izaten dute, eta aurpegian bibote xelebreak jantzita edo margotuta. Musika bandako zuzendariak, berriz, frak beltza eta kapela daramatza. Portuan aurtengo Aratusteetako abesti bat kantatuko dute, beste hainbat kanturekin batera. 200 gizon baino gehiago ibiliko dira musika tresnak jotzen eta eztarriko ahots kordak astintzen.

Baina ez dira gizonezkoak protagonista bakarrak. 18:00 inguruan emakumeak beltzez jantzita aterako dira, eta Mundaka dantzaz eta abestiz beteko dute. Laminak dira azken horiek, eta Lamiarango sorginak pintatzen diren bezala aterako dira, aurpegia zuriz eta beltzez margotuta. Duela mende laurden hasi ziren ateratzen, eta Aratuste festan parte hartzen.

ARATUSTEAK: ATORRAK ETA LAMINAK

Noiz. Otsailaren 7an.

Non. Mundakako kaleetan (Bizkaia).

Zalduondo. Zoritxar denen errudun

Arabako herririk txikiena izanagatik ere, Zalduondok badu pertsonaia famatu bat: Markitos. Urte osoan herritarrei gertatzen zaizkien zoritxar guztien erruduna da, eta otsailaren 7an epaituko dute. Esmokin beltza eta gorbata jantzita aterako da herrira Lazarraga jauregitik, 13:00etan. Lepoan arrautzez egindako lepokoa izango du, eta aurpegia estaltzeko maskara bat. Asto baten gainean herriari itzulia eman ondotik, zazpi metroko makil batean lotuko dute. 17:00etan makilatik jaitsi, eta gurdi batean beste buelta bat emango dio herriari; oraingoan konpartsa osoak lagunduta: Markitosen gurasoak, kale garbitzailea, errauts banatzailea, porreroak, ardiak, hartza, eta abar. Frontoira iristean epaituko dute, eta, erruduna denez, sutan erreko dute.

MARKITOSEN HILKETA

Noiz. Otsailaren 7an.

Non. Zalduondoko frontoian (Araba).

Ituren eta Zubieta. Mandeuliak uxatzera

Euskal Herri osora iristen da Iturengo, Aurtizko eta Zubietako (Nafarroa) joareen hotsen oihartzuna. Inauteriak ostegunean hasi baziren ere, egun handiak otsailaren 1a eta 2a izango dira. Ohiturari jarraikiz, astelehenean Zubietako eta Aurtizko joaldunak Iturenera joango dira, eta hurrengo egunean iturendarrek bisita itzuliko diete. Hartza eta haren zaindaria bueltaka ibiliko dira, bildutakoak zirikatzeko. Gauza bera egingo dute gainerako mozorro guztiek ere motozerrekin eta goldeekin. Joareak ozen jotzen dituzte; mandeuliak eta Malerreka bailarara hurbildu nahi duten espiritu txar guztiak uxatzeko.

JOALDUNAK

Noiz. Otsailaren 1ean eta 2an.

Non. Astelehenean Iturenenen; asteartean Aurtitzen eta Zubietan (Nafarroa).

Uztaritze. Zanpantzar, sutara

Hogei urte beteko ditu Uztaritzeko (Lapurdi) Hartzaro festibalak aurten. Otsailaren 3tik 9ra ospatuko dira inauteriak, udaberriari ongi etorria emateko asmoz. Egun handienak, baina, igandea eta asteartea dira. Otsailaren 7a ohituraren eguna izango da, eta kaskarotak eta kaskarot txikiak etxez etxe ibiliko dira. Astearte gizenean, aldiz, Zanpantzarren epaiketako pertsonaia guztiak aterako dira: zirtzilak, zainaldiak, negartiak, auzapeza, epailea, apeza, animaliak, hartza eta bere zaindaria, laminak eta abar. Guztira, 500 artista berri eta profesional ibiliko dira herrian, musikaz inguraturik. 19:30ean Zanpantzarren epaiketa egingo dute, eta amaitzeko, sutan erreko dute.

KASKAROTAK ETA ZANPANTZAR

Noiz. Otsailaren 7an eta 9an.

Non. Igandean Uztaritzeko (Lapurdi) Hiribehereko auzoan, eta asteartean Purguko pilota plazan.

Tolosa. Orga famatuen bizilekua

Pertsonaia berezirik egon ez arren, sekulako indarra eta sona daukate Tolosako (Gipuzkoa) inauteriek. Francoren garaian baimendutako bakarrak izan ziren gainera. Otsailaren 4an hasi eta 9ra bitartean musika eta koloreak gailenduko dira herrian, eta ostegun gizenean Plaza Zaharrean suziriaren hotsak iragarriko du inauterien hasiera, 12:00etan. Halere, igandera arte txilabak jantzi, eta mozorroak etxeko armairuan gordeta izango dituzte tolosarrek. Ostiralean eta larunbatean danborrada egongo bada ere, egun nagusiak igandea, astelehena eta asteartea izango dira. Egun horietan 11:00etan aterako dira orgak eta konpartsak desfilea egiteko. Otsailaren 9an sardina erreko dute, inauteriei amaiera emateko.

ORGEN DESFILEAK

Noiz. Otsailaren 7an, 8an eta 9an.

Non. Tolosako Plaza Zaharretik hasita (Gipuzkoa).

Argazkia: JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak