Dokumentuaren akzioak
Lapurdiko ihauteak Urruñan bizi-bizirik
Honek ez du erran nahi lehenagoko Urruñan ihauteririk ez zenik, jakina! Izan izan ziren garai zaharretatik ihote edo ihaute deiturikoak (gaur maizago ihauteri deitzen duguna), Lapurdiko moduan egiten zirenak, hau da, hainbat kantu eta dantza erritualen inguruan. Horien bukaera aldean, Zanpantzar izeneko panpina handia epaitu, kondenatu eta erre egiten zuten, urtean zehar Urruñan gertatu eritasun, ezbehar eta txarkeria guztien errudun zelakoan; eta haren errautsen inguruan dantzatuz, udaberriaren etorrerarekin hasi behar zen denboraldi berrian horrelakoak edo antzekoak ez zitezen berriro gerta galdatzen zuten.
Errito zahar hauek Paleolitoan zuten oinarri, orduko gizarte naturalista haren sinesteetan eta protoeuskaldunen Europa indigena osoan zabaldurik zeuden.
Lehen eta Bigarren Gerla handiek sekulako galera ekarri zuten Iparraldeko Lapurdi, Baxenabarra eta Zuberoara, giza triskantza handia jaso baikenuen. Frantziarrek gure mutilak deitu zituzten gerlara haien interes ekonomikoak eta nahikeriak defendatzera, eta nahiz eta muga aldeko ainitzek Hegoaldera ihes egin edota desertatu (ederki egina!), gainerakoek infernura zituzten eraman eta larrutik ordaindu zuten.
Baiki, ederki ordaindu genuen frantziarrek egin bahiketa erraldoi hori. Morts pour la patrie jarri zuten gero, lotsagabeki, hildakoen oroitzapenez egindako oroitarrietan. Aberriaren alde hilik ez, frantziarren diruzalekeriagatik eta botere-nahiagatik hilak baino.
Horretaz gain, kontuan hartu behar dugu frantses eskolak egindako bidegabekeria, haur euskaldunak ttiki-ttikitatik frantsestuz eta doktrinatuz. Kolonizazioaren jukutria eta miseriak.
Bi faktore horiek, nagusiki, euskararen eta euskal nortasunaren gibelatzea ekarri zuten, herri ainitzetan mintzairaren transmisioa guztiz hausterainokoa. Ihauteak ere arrunt galdu ziren, gainerako ohitura edo usaiak bezalaxe. Beharrik orain berreskuratzen prozesuan garen!
Aurten, otsailaren 23an, larunbatarekin, goizeko zortzietan atera ziren urruñar ihauteetako parte hartzaileak traktore batekin egindako organ eta beste hainbat ibilgailutan. Hirurogei bat lagun, gutti-goitibeheiti, eta ohitura zaharrari jarraituz, hainbat geldialdi egin zuten, aurten lau elkartetan. Lehena Berttoli elkartean egin zuten UGA-ko gazteek eskainirik, bigarrena Zokoa auzategiko elkartean, hirugarrena Besta Komitearen egoitzan eta laugarrena Urruñarrak Klika elkartearenean. Ohikoa den bezala, aipatu elkarteetan hainbat kantu eta dantza egin zuten bertara hurbildutakoekin batera, eta Seiki izeneko gazte musikarien taldearen laguntzaz. Elkarteetakoek, ordainez, jan eta edari goxo franko eskaini zieten.
Arratsaldeko 6,30etan herriko plazan ziren, ordurako prestatua zeukaten Zanpantzarren irudiaren aitzinean. Jadanik plaza herritarrez mukuru zen. Tenore horretan ihaute taldea osatzen zutenak mugitzen hasi ziren. Aitzinean bi kotilungorri handi zihoazen, eskuan zeramaten isopoaz jendea zirikatzen, gero hartz adarduna, aker beltza eta behi kaskezurra. Hartzaren adarrak biziki garrantzitsuak dira, adarrak, bai animalienak eta bahi zuhaitzenak, emankortasunaren ikur baitira. Aipatu hiru pertsonaia horien ondotik kolore bizietako xingolez eta zakuz jantziriko zirtzil alaiak eta bukaeran, zuriz jantzitako mutil kaskarota ederrak.
Plazan hainbat itzuli egin ondoren, kaskarotek dantzatzeari ekin zioten: makilttiki dantza, bizargin dantza… eta gero epaiketaren tenorea iritsi zen, den-dena euskaraz, aitzineko urteetan ez bezala. Euskara hutsez egiteak azkartasuna eta sineskortasuna eman zizkion epaiketari, eta ene idurikoz, biziki delibero adoretsu eta adimentsua izan zen. Alde batetik euskal ihauteria euskaraz behar delako izan, eta bestaldetik plazan ziren erdaldunek (%15a edo) garbi ikusi ahal izan zutelako euskaldunon mintzaira euskara dela eta gure gizartean integratzeko euskaraz ikasi beharra daukatela.
Dokumentuaren akzioak