Dokumentuaren akzioak
Lanonima Imperial konpainia katalanak abiatuko du Dantzan egitaraua,
Bi ikuskizun aurkeztuko ditu gaur Juan Carlos Garzia bilbotarraren
Lanonima imperial konpainia katalanak hamalau ikuskizun estreinatu ditu 1987tik hona, eta hainbat sari jaso ditu bere ibilbidean, tartean aurtengo Kataluniako Generalitatearen Dantza Sari Nazionala. Juan Carlos Garzia bilbotarra da konpainiako zuzendari artistikoa eta koreografoa, eta Lanonima Imperialek estreinatu dituen ikuskizunez gain, beste hainbat konpainiak eskatutako lanak sortu ditu. Besteak beste, Transparant Holandako taldearentzat, Berlingo Operako konpainiarentzat eta Florentziako Operakoarentzat.
Lanonima Imperial konpainiak hamalau urtetan egin dituen ekitaldien, koprodukzioen eta biren % 80 Kataluniatik kanpo izan dira, «Europako zirkuituan, eta orain Amerikako zirkuituan ere bai», esan zuen konpainiako koreografo eta zuzendari artistiko Juan Carlos Garziak, atzo.
Haien lanak harrera ona izan ohi du Euskal Herrian, Juan Carlos Garziaren beraren hitzetan. Lanonima Imperial 1997an aritu zen Donostian -gaur aurkeztuko duten Eco de silenci ikuskizunarekin-, eta 1992an, Irunen eta Azkoitian.
Keinua eta musika
Aipatu Eco de silenci (1993an estreinatua) eta La nit transfigurada (1999) emango dituzte gaur, gaueko 22:00etan, Gazteszena aretoan. Bi lan horiek apaindura gutxikoak dira. «Bidaiako piezak dira biak; muntaiek ez dute eskatzen konplexutasun handirik, eta ekoizpena ere soila da», Juan Carlos Garziak berak esan zuenez. «Gure pieza berriak handiagoak dira; trailerrak behar izaten ditugu garraiorako, eta hamabost bat pertsonak osatzen dute lan taldea».
Lanonima Imperialek gaur aurkeztuko dituen ikuskizunek ez dute eskatzen muntaia tekniko handirik, «baina eduki dramatiko aberatsa dute», Juan Carlos Garziak azpimarratu zuenez. «Bi piezak hunkigarriak dira». Keinua eta musika dira ardatz nagusiak: «Pieza horietan ez da ezer ulertu behar, ez da istoriorik bilatu behar». Giro dramatikoak «marrazturik» daude bi lan horietan: «Egoerak erakutsi nahi ditut, errealitatearen inguruko ikuspegi bateko pintzelkadak egin, gorputza erabiliz, keinua eta mugimendua».
Lanonima Imperialen ostean, Increpacion Danza ariko da Gazteszenan, heldu den abenduaren 2an, Eta Dantzan egitarauko hurrengo konpainiak hauek izango dira: Nats Nus (urtarrilak 27), It Dansa (otsailak 17), Diez & Diez Danza (martxoak 21) eta Ballet Biarritz (maiatzak 5).
Zortzi milioi pezetako aurrekontuarekin hasi da Dantzan egitaraua (320.000 libera inguru), Donostia Kulturako eta Foru Aldundiko kideek atzo jakinarazi zutenez.
Dokumentuaren akzioak