Antzuolako Udalak eta Alardearen Kultura Elkarteak antolatuta, Mairuaren Alarde berrituaren gaineko balorazio saioa egingo dute bihar, martxoaren 23an, 09:30ean, Olaranen. Landuko dituzte, besteak beste, Alardearen antolaketa eta funtzionamendua, parte hartzaileak, harremanak eta askotariko iritziak. Lander Dominguez Alardeko buruzagiak azken hamar urteetan izandako berrikuntzez eta herritarren auzolanaz jardun du GOIENArekin.
Zergatik egin gura duzue Alardearen gaineko balorazio saioa?
Azken hamar urteetan egindako lana eta lortu dena herritarrei azaleratu gura diegu. Herriak baloratu eta hausnartu dezan. Guretzako, garrantzitsua da balioan jartzea. Hurrengo urratsak zeintzuk izan daitezkeen hausnartu gura dugu herritarrekin.
Alardearen jarraikortasuna bermatu gura duzue?
Badakigu gauzak ondo egin ditugula, ez gara lotsatzen ondo egin ditugula esateaz. Eredutzat hartzen gaituzte beste leku batzuetan. Antzuolan gauzak ondo egin direlako. Hori guztiori mahai gainean jarri eta herritarrekin elkarbanatu gura dugu. Eta noski, Alardea indartzea eta honen jarraikortasuna bermatzea ere badira gure helburuak.
Eboluzionatzen eta garaira egokitzen jakin du Alardeak.
Bai, halaxe da. Ez da estatikoa izan eta gizartera egokitzen jakin du hasiera-hasieratik. 1880an egin zen lehen Alardea eta pixkanaka egokitzen joan da. Aldaketa handiena 1975 inguruan gertatu zen, diskurtsoa euskarara pasata. Aldaketa nagusiak orain dela hamar urte izan ziren, eta beti herrira eta ingurukoen errealitatera gerturatzen joan da Antzuolako Alardea.
Modu naturalean eta aparteko arazorik gabeko aldaketak izan dira.
Aldaketak gogoz eta modu naturalean gertatu dira. Urtero-urtero Herriko Plaza bete egiten dela ikusi besterik ez dago. Herriak onartu duen seinale.
Zein aldaketa dira esanguratsuenak?
Mairua eta buruzagia maila berean jartzea. Orain, mairuak errege kategoria dauka, eta bere segizioa. Lehen, kateaz lotuta joaten zen, gaizki margotuta eta asto gainean, umiliatzeko. Eta bukaeran, bi herriek elkar errespetatzeko zin egiten dugu.
Emakumeak Alardean gaur egun presentzia handia dauka.
Bai, berdintasuna oso presente dugu, gainera. Fusilari edo kanoilari gisa ikusteaz gain, espero dugu epe ertainean kargu altudun postuetan ere ikustea.
Herri izaera duen ospakizuna da.
Herritarren parte hartzea handia da. Alardearen bueltan 200 lagun inguru auzolanean aritzen da lanean. Plazara ere ia herri osoa gerturatzen da. Auzolanik gabe ezinezkoa izango litzateke aurrera ateratzea.
Herriko belaunaldi berriengana iristeko lana egin beharra dago? Herri Eskolan, esaterako, lantzen da gaia ikasleekin?
Egia da etxe gehienetan kideren batek parte hartzen duela edo parte hartu izan duela Alardean. Eta horregatik, modu naturalean gertatzen dela transmisio hori uste dut. Baina, hala ere, bermatu beharra badagoela uste dut eta belaunaldi berriei herri sentimendu hori transmititzeko lan egin gura dugu. Adibidez, eskolarekin zerbait egin gurako genuke. Urtetik urtera eguneratzen joatea ere guztiz lagun-garri da transmisioa bermatzeko orduan.