Dokumentuaren akzioak
Landa eremuko inauteriak ezagutu ditugu Bidaiari saioan
Bidaia kultural eta antropologikoa egingo dugu Euskal Herrian zehar, bertako kultur-adierazpen errotuenetarikoak gertutik ezagutzeko: landa-inauteriak. Euskal Herrian, munduko hainbat bazterretan bezala, oso errotuta dago inauterien ospakizuna. Gure bidaia hasi aurretik, ordea, inauterien adierazpen kulturalaren muinean murgilduko gara: Nondik dator inauteriak ospatzeko ohitura? Noiztik ospatzen dira gurean? Bakarrak al gara Europan? Galdera hauei erantzuten saiatuko gara inauterien benetako esanahia ulertzeko.
Nafarroako landa inauteriak
Bidaia antropologiko honi Nafarroan emango diogu, Euskal Herriko inauterien egutegian goiztiarrenak, Ituren, Zubieta eta Aurtitzeko joaldunak direlako. Urtarrilaren azken asteburua igaro eta ondorengo astelehen eta asteartean irteten dira. Aurreneko txandan, astelehenean, Zubietatik Iturenerainoko bidea egiten dute. Bigarren txandan, asteartean, Iturenetik abiatu eta Zubietaraino joaten dira, beti ere bi ilaratan eta pauso astunaz desfilatzen.
Joaldunak Euskal Herriko inauterietako pertsonaia bereziak dira, eta gainera, aski ezagunak. Buruan, ttunturro izeneko txano bat eramaten dute, koloretako xingolaz josita. Soinean, Praka urdinak, azpigona haien gainetik eta atorra txuria. Estalki modura, ardi-larruz egindako txalekoa eta eskuan isipua: zaldi-buztanaren ilez egindakoa da eta bidean zehar astintzen dute espiritu txarrak uxatzeko. Baina agian joaldunen ezaugarririk bereziena joareak dira, gerriari lotuta daramatzaten zintzarri erraldoi parea. Desfilatzen dutenean gogor astintzen dituzte Ama-Lurra esnatzeko asmoz eta bitxikeri gisa esango dugu Iturengo, Zubietako eta Aurtitzeko joaldunek era desberdinez jotzen dutela joarea eta hori adi entzunez baino ez dugula jakingo.
Lesakako zakuzarrak, igande arratsaldez atera ohi dira Lesakako pertsonaia nagusiak: zakuzar izenez ezagunak diren zaku lodikoteak. Desfile desordenatu eta urratzaile batean ateratzen dira, non burla, txantxa, buila eta zalaparta nagusi izaten diren.
Jantzia egiteko hiru zaku erabiltzen dira, gorputz-enborra estaltzeko bat, eta hankentzako beste bi. Zaku-ohialez egindako hiru zatiak jantzi ondoren lagun baten laguntzaz lastoz betetzen dute, eta jarraian, jostunak josi egiten du. Horretaz gain, aurpegia zapi zuri batez estaltzen dute, ahoa eta begientzako zuloak eginez. Bukatzeko, Buruan lastozko kapela janzten dute eta eskuan 'pixontzia', animalien maskuria, eramaten dute bidean topatzen duten edonor alai eta gogor astintzeko.
Ikazkiña Goizuetako iñote pertsonaia nagusia da. Badu oinarri historikoa, ikazkin honen inguruko istoria denboran zehar egundaino gorde delako.Goizuetako inauteetako pertsonaia nagusiak Ikazkina eta mozorroak dira: Ikazkina, buzo urdinez jantzita eta zahagi erraldoia bizkarrean lotuta irteten da. Buruan txapela eta aurpegia beltzez zikinduta eramaten ditu. Mozorroak, berriz, txuriz jantzita ateratzen dira, gerriko gorria gerrian lotuta eta txapela gorria buruan dutela. Eskuetan, dantza egiteko makilak eramaten dituzte. Ikazkiña eta mozorroak bitan ateratzen dira kalera: astelehenean, baserriz baserri puska biltze; eta asteartetan, Goizuetako karriketan zehar ikazkinaren istoria antzeztuz.
Nafarroako lurrak agurtuko ditugu Unanuko mamuxarroak eta euren maskarak ezagutuz. Antzinako ihote hau urtero berpizten da inauterietako igandean eta inauterietako asteartean. Mamuxarroak eta muttuak, ihote honen pertsonaia nagusiak, Unanuko kaleen jabe egiten dira urtero, hurritz-makila luzeak astinduz eta bizilagunak zein kanpotarrak izutuz. Korri eta jauzi egin ezazu kriskitin hotsen artean, hanka eta oinetan zartada bat eraman nahi ez baduzu.
«Mamuxarro xirri-xarro, zer emango dizut, zazpina uzker afarirako, zata begi gorri, urtian behin etorri». Unanuko ihoteetan erabiltzen ziren altzairuzko katolak edo maskarak jatorriz hamabi ziren eta haietaz dakigun gauza bakarra zera da, Erdi Aroan sortu eta erabiltzen hasi zirela. Benetako katolak ikusi nahi izanez gero, Unanuko Museoan aurkituko dituzu ikusgai.
Arabako lautadako inauteriak
Aipatu dugun bezala, Gerra Zibilaren eta Francoren diktaduraren odorioz galdu ziren inauteriak, jatorri paganoa zuten mota guztietako kultur adierazpenen aurkako berariazko debekua ezarri zelako. Araban, ahalegin eta ilusio handiz berreskuratu dira, Arabako Herri Inauteriak Elkartearen eta bizilagunen laguntzaz. Berreskuratze-prozesu horren adibide bikaina dira Arabako Lautadako landa-inauteriak.
Asparrenako, Ilarduia, Egino eta Andoin kontzejuek, 2007an, beren inauteriak berreskuratu zituzten, pertsonaien lanketa eta ikerketa lan neketsuaren ondorioz. Hala ere, antzina herri bakoitzak bere inauteria bazuen ere, biztanle gutxi zituztenez eta inaute-adierazpenen elkarren arteko antzekotasunagatik, gaur egun bateratu da eta ospakizun bakarra egiten da hiru udalerrietan zehar.
Ibilbidea Ilarduian hasten da, Eginora jarraitzen du eta Andoinen bukatzen da. Lastozko gizona gurdi batean eramaten dute kalez kale segizio zaratatsua duelarik. Eginon geldiunea egiten dute dantza egiteko eta txokolate beroa edateko. Andoingo plazaraino jarraituko dute gero lastozko gizona epaitzeko eta erretzeko urtean zehar gertatutako gaitz eta ezbehar guztiengatik.
Zalduondoko Markitos Arabako inauteri adierazpen ezagunena da eta inori ez zaio arrotz egiten. Inauteri igandean, goizeko 11ak aldera, abiatzen da ikuskizuna. Markitos, traje beltzez, gorbata eta lorez egindako lepokoa jantzita aterako dute kaleetan zehar asto baten gainean, Lazarraga jauregi aurreko plazaraino iritsi arte. Markitos astotik jaitsi eta 6metroko makil baten puntan ezarriko dute. Orduak pasa beharko ditu Markitosek bere amaierako epaiketa izan arte. Egingako minak eta sortutako ezbeharrak plazan irakurri ondoren sutan erretzera kondenatuko dute.
Gauak egunari orduak irabazten dizkion bitartean, lurra esna dadin eskatzeko garaia iristen da. Horregatik, Arabako Kuartango bailaran kalez kale, koplak kantatzen dituzte eta udaberriaren etorrera iragartzen dute. Kuartangoko inaute adierazpen hau oso berezia da, bertan, Agate deunaren motako koplak kantatzen diren bitartean, inauterietako pertsonaiak agertzen direlako: artza, errautsa banatzaileak edota maskarak eta nola ez, Kuartangoko pertsonaia nagusia: Arrianoko amona da.
Gipuzkoako landa inauteriak
Gipuzkoan dauden inauteririk ezagunenak, zalantzarik gabe, Tolosako inauteriak dira. Inauteri hauek, landa-inauteriak izan gabe, adierazpen kultural garrantzitsua eta historikoa dira eta gipuzkoarren artean oso maitatuak direla esan behar da. Tolosa herria izanda, hiri baten garrantzia hartzen du inauteri egunetan. Urte osoan zehar prestaturiko jantziak, karrozak eta tramankuluak aterako dituzte kalera tolosarrek, zein baino zein argiago. Aipatzekoa da, Inauteri hauek etengabe atera direla kalera. Frankismo garaian udaberri festa izenarekin debekuei aurre egitea lortu zutelako.
Berezienen artean, ordea, Abaltzisketako txantxoak ditugu. Goizetik abiatzen da hamaika laguneko kuadrilla, baserriz baserri, puska biltze. 'Makil txiki' dantzatu aurretik, mozorro batek baserriko ezkaratza garbitzen du. Ikusgarriak dira dantzak, bai eta soinean daramatzaten mantoi koloretsuak.
Frankismo garaian galdutako adierazpena berreskuratu nahian ibili da Oiartzun herria urte askotan eta lan horren fruitua dira gaur egungo ihoteak. Oiartzungo Ihoteetan bi pertsonaia nagusitzen dira: intxixuak eta mendiko sorginak. Zortzi intxixuak, auzo bakoitzeko bat, eta sorginak herriko kaleetan barrena ibiltzen dira plaza hartzen duten arte. Ondoren, suaren inguruan dantzatu eta herritarrekin jolasten dute. Inauteri herrikoi, ikusgarri eta jende askoren jakinmina bere inguruan biltzen duena.
Nafarroan Arizkungo hartza ezaguna den bezala, Gipuzkoan, Segurako hartza dago. Hartza esnatu eta Aizkorri menditik Segurako kaleetara jaisten da herritarrengana hurbilduz eta ikaratuz, baina hartzainak kate motzean loturik dauka eta tira egingo dio bere nahiak zapuztuz. Hartzaren inguruan uxatzaileak ibiltzen dira euren bidean topatzen duten edonor maskuriaz jotzeko prest. Ibilbidearen hainbat unetan, gainera, jorrai-dantza dantzatzen dute gazteek eta giro ezin hobea izaten da herrian. Duela 20 urte berreskuratu zela inauteri ohitura hau, Ostiral Mehea egunean hartzaren esnaera ospatuz.
Bukatzeko, hurrengo bidaietarako inspirazio bila Euskal Herritik kanpo abiatuko gara Balear uharteetara. Otsaileko Bidaiari aldizkarian Andoni Urbistondok idatzitako bidaia-artikuluaren bidez Tramuntana mendikatea oinez edo bizikletaz deskubritzeko gonbite ederra egiten digu, Mallorkako uharteak dituen leku turistiko eta masifikatuak albo batera utziz.
Dokumentuaren akzioak