Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lanbiderik tristeena

Dokumentuaren akzioak

Lanbiderik tristeena

Egilea
Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute
Komunikabidea
Alea
Mota
Albistea
Data
2024/12/30
Lotura
Alea
Doluaren eta minaren adierazpen publikoa emakumeen espazioa izan da mende luzez. Argazkia: ALEA

Hildakoengatik negar eta oihu egin zezaten emakumeak kontratatzeko ohitura oso zabalduta egon da Euskal Herrian mende luzez. Negartiez gainera, senarraren omenez eresiak abesten edo errezitatzen zituzten hiletariak ere egon ziren; eta Araban, ahozko tradizio horren erakusle dira Ozetako Santxa eta Artomañako danbolindaria.

Ozetako Santxaren eta Artomañako danbolindariaren eresiak dira gaurdaino iritsi diren Arabako hiletarien ahozko testigantza ia bakarrak, biak ala biak senarraren hiletan abestutakoak edo irakurritakoak, senarrak goraipatzeko. Lehena XV. mendekoa da, euskarazko eresia; bigarrena XIX. mendekoa da, erdarazkoa. Antzinako heriotza ohituretan, tradizioz, emakumeentzat erreserbatutako jarduera izan da hildakoaren omenez eresiak kantatzea edo, besterik gabe, negar eta oihu egitea. Izan ere, hiletaren segizioan eta elizkizunetan negar egin zezaten emakumeak kontratatzeko jarduera ohikoa ere izan zen Arabako hainbat herritan. 

Ozetako Santxa, Ricardo Becerro de Bengoaren arabera, Mendixurreko gazteluko anderea zen, Maturan jaiotakoa. Ozetatik zetorren izen bereko familiako oinordekoa. Bere senarra Martin Bañez Artazubiaga Ibarretako burdinolan erail zuten,1464an, Aramaioko oñaztarrek. Santxa alargunak bere gizonaren gorpuaren aurrean kantatutako eresia da, ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi igaro eta Esteban Garibai historialari eta kronikariak jasotakoa. Bere mina agertzeko, senarrari egindako eresiak honela dio:

Oñetako lur au jabilt ikara
lau aragiok berean bezala;
Marti Bañez Ibarretan il dala.
artuko dot esku batez gezia,
bestean suziri irazekia:
erreko dot Aramayo guztia.

Familia aberatsetakoen emakumeen ohitura omen zen XV. eta XVI. mendeetan eresiak abestea. Orduan ohikoa zen hildako baten ahaideek bere hiletan bat-bateko bertsoak kantatzea, bere bizitza eta balentriak gogoratuz. Horri dagokionez, aipagarriak dira zenbait ahaide nagusik borrokan maiteen galeraren aurrean abestutako elegiak, haien oroimena sustatzeko asmoz.

Amaia Alvarez Uria euskal idazle, ikertzaile eta literatura kritikariak jaso duenez, hau da euskal literaturan emakumeen lehenengo agerpena. "Ahozko literaturarekin daukate zerikusia; beraz, literatura idatzia baino lehenagoko testigantzatzat hartuko ditugu". Butroeko Gomez Gonzalezen alaba, Ozetako Santxa, Lasturko Miliaren ahizpa, Oroko Peru Gartziaren ahizpa eta Alosko Usoaren testigantzak dira garai horretakoak.

Aldiz, mende batzuk beranduagokoa da Artomañako danbolindariaren eresia. 1890 eta 1904 artean kokatzen du pasadizo hori Venancio del Val kazetari gasteiztarrak, Matias Agirre Gasteizko Alondegiko atezainari entzunda, behin eta berriz kontatzen omen zuelako. Herriko danbolindari entzutetsua hil zelarik, emazteak honela zioen, behin eta berriz, hilotzaren atzetik zihoala: 

¡Ay, mi Juan! ¡Ay, mi Juan!
¿Te acuerdas, te acuerdas cuando subías y bajabas por la cuesta de
Artomaña abajo con el tamborilico de pellejo y el chifliyo de palo
tocando?

Doinu hori tralalaikaz kantatzen omen zuen emakumeak; eta apaiz guztiak dantzan jarri ziren; eta hiletan zeudenak kexaka hasi ziren, hiletan apaizek dantzatzen zutelako; alargunari eskatu omen zioten gertatutakoaz gotzaiari parte eman ziezaion. Alarguna Gasteizko Apezpiku jauregira joan zen, eta gotzainarekin hitz egiteko eskatu zuen, baina kopla entzuterakoan gotzaina bera ere dantzan hasi omen zen.

Artomañako danbolindariaren koplak ez dira bakanak Euskal Herrian. Agustin Mendizabal musikologoak aztertu ditu XIX. mendearen amaiera edo XX.aren hasiera arte jardun ziren txistularien alargun erostarien historia. Izan ere, Mendizabalen esanetan, txistulari bat hiltzen zenean alargunak haren bertute musikalak goraipatuz eresi bat inprobisatzeko ohitura zabaldua zegoen. "Badira gure ahozko literaturan oharkabean pasa diren harribitxi batzuk, txikiak baina oso esanahi handikoak. Banaka haien berri zabal eman izan den arren, ez dira inon bildu izan, eta uste dut merezi dutela, hain dira interesgarriak". 

Pieza hauen garrantzia aldarrikatu du Mendizabalek, beraz, eta kopla horiek esanahien munduarekin duten lotura. "Alde batetik, hildakoaren oroimen gozoa ekartzen dute entzuleenganaino, eta bizitzaren alderdi ederra aipatzen; eta bestetik, egoeraren latza gorabehera, alaitasuna eta bizipoza transmititzen du haietan kantatzen den txistuaren doinuak. Beraz, heriotzaren aurrean kontsolamendua ematearekin batera, barru-barruko emozioekin konektatzen dute", idatzi du.

Garrasiak hiletan

Eresiak kantatzen dituzten hiletarien bi adibide horiekin batera, heriotzaren dramatismoa areagotzera dedikatzen ziren negartien – ordaindutakoak edo ez– inguruko lekukotzak ere jaso dira Euskal Herriko hileta errrituen inguruko hainbat ikerketatan. Emakume horiek hildakoagatik negar egiteaz gain, garrasiak ere egiten zituzten, soinekoak urratu, aurpegia harramazkatu, iletik tira egiten zuten, eta lurrera botatzen ziren; hori guztia hileta erlijiosoen erdian. "Oso ohikoa izan zen plañideren ofizio barregarria — dio Manuel Larramendi jesuitak —, hildakoaren atzetik negarrez eta oihuka joan zitezen alokatu eta ordaintzen zituztenak. Gipuzkoan, antzina, izan ziren halako plañiderak. Eta denbora luzez erbesteratu bazituzten ere, ohitura horren hondar batzuk geratu dira. Izan ere, emakumeak senarraren gorpuaren atzetik doaz, ez bakarrik negar malko bizi eta serioak eginez, baizik eta intzirika eta ozenki hitz eginez".

HAINBESTEKO DOLUA SINESKERA KRISTAUEI EZ ZEGOKIELA USTE ZUTEN GARAIKO AGINTARIEK

Gipuzkoan bezala, Artziniegan, antzina, hiletariak zerraldoarekin batera joaten ziren, negarrez, garrasika eta aieneka; Agurainen, berriz, gogoan dute garai batean hiletariak egon zirela eta hiletetara ere joaten zirela; Ametzaga Zuian, hiletara antzina joaten ziren familiako emakumeek, auzokoek, lagunek eta hildakoaren ezagunek orain baino negar gehiago egiten zuten, "sentimendu handiarekin"; Bernedon, batzuetan, lurrera botatzen ziren, gertuko senitartekoren batek hildakoari agur esateko esaldiak esaten zituenean.

Normalean, hiletari bat baino gehiago izaten ziren ehorzketara joaten zirenak, hildakoaren botere ekonomikoaren arabera, eta noizbehinka sortzen zuten iskanbila hain handia izaten zen, ezen behin baino gehiagotan eragin baitzuten agintari zibilen eta elizakoen esku hartzea eta debekuak.

Bi emakume Gasteizko Santa Isabel hilerrian. Argazkia: PHOTOARABA / LOPEZ DE GUEREÑU FUNTSA

Egoera horren adibide bat aurkitu daiteke Etnikerrek argitaraturiko Ritos funerarios en Vasconia liburuan. Jasotzen denez, 1673an, apezpikuak Urartera egindako bisita batean ikusi zuen emakumeek negar gehiegi, garrasi eta zalaparta handia egiten zutela, elizkizunak ospatzea eragotzi arte. Hartara, eliz gizonak, elizan sartzerakoan, "negarrak eta garrasiak bertan behera uzteko" agindu zuen, eta agindu hori urratzen zutenen kontra, eskumiku zigorra eta elizatik kanpora botatzekoa ezarri zuen.

Urartekoa ez da salbuespena; izan ere, doluaren "gehiehizko" adierazpenen kontrako debekuak eta mugak asko zabaldu ziren XV. mendetik aurrera. Ohitura "paganoa" ezabatzeko asmoa zuten debekuek, eta eliza erromatarraren erritu erlijiosoak inposatzea. Hainbesteko dolua sineskera kristauei ez zegokiela uste baitzuten. Bi testu garrantzitsu daude, bata Bizkaikoa eta bestea Arabakoa, hildakoaren senitartekoekin zerikusirik ez zuten pertsonen negarrei muga jartzen saiatuz udalek argitaratu zituztenak.

Agintarien jazarpena

1487ko Gasteizko ordenantzetan, hobiaren gainean oihu egitea debekatu egin zuten, "hiletarien negarrek eta emakumezkoek egiten zituzten gehiegikeriek" elizkizunetan eragiten zuten asaldura ekiditeko. "Hobe da otoitz egitea, eta negarrik ez egitea", diote udal ordenantzek. 1486ko Bizkaiko udal ordenantzetan, berriz, emakumezkoei eta gizonezkoei debekatu egin zieten doluaren adierazpen publikoak egitea, eta hamar marabediko zigorra ezarri zuten ohitura eteteko. "Ez daitezela uluka egitera ausartu, edozeinek egin baitezake negar hildakoagatik, penarik gabe".

Minaren adierazpen publikoaren ohiturak, nahiz eta debeku eta muga asko jasan zituen, XVIII. menderarte eta zenbait lekutan are XIX. menderarte ere mantendu ziren. Mendizabal musikologoak adierazi duenez, "harrigarria" da XVI. mendeaz geroztik debekatuta bazeuden, nola iraun zuten ia gaur arte, era batean edo bestean. "Ikusten denez, hainbestetan gertatu den moduan, herri xeheak muzin egin zien debeku horiei, eta aurrera jarraitzeko zirrikituak eta era berriak bilatu zituen".

Dokumentuaren akzioak