Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Laminak eta lamiakotarrak

Dokumentuaren akzioak

Laminak eta lamiakotarrak

Duela ia 50 urte hasi ziren Leioako Lamiako auzoan maskarada antzezten, auzoaren izenaren jatorri mitologikoa abiapuntu hartuta. Gaur antzeztuko dute berriro. Maskaradaren historia liburu batean bildu dute.
Egilea
bai Maruri Bilbao
Komunikabidea
Berria
Tokia
Leioa
Mota
Albistea
Data
2024/05/31
Lotura
Berria

(ID_13926901) (/EZEZAGUNA) img_3840

Lamiako maskaradako Prudentzia, artxiboko irudi batean. LAMIAKO MASKARADA 

Antonio Truebak Lamiaren kantua istorioan bildutako kondairaren arabera, XVII. mendean Leioako Berriz mendian Prudentzia izeneko andre bat bizi zen; ondoko baserrian, berriz, Martin. Laiatzeko garaian lanerako elkartzen ziren, eta maitemindu egin ziren. Ezkondu eta gutxira, Martin hil egin zen, gaztainondo batetik erorita. Handik bi hilabetera jaio zen Inazio semea. Prudentzia ahalegindu zen semeak gurasoen bideari jarraitu eta baserrian jarrai zezan, baina dena saldu eta itsasora jo zuen. Prudentzia atsekabetuta geratu zen. Maiatz batez, belaontzi zuri bat ikusi zuen gerturatzen. Korrika joan zen portura, baina ailegatu zenean ikusi zuen ez zela semearen ontzia, eta minaren minez garrasi egin eta lurrera erori zen. Etxera itzultzen saiatu zen, baina Ondizko ihitzetan hil zen. Kondairaren arabera, une hartan laminen kantua entzun zen, eta Prudentzia ere lamina bihurtu zen. Ordutik, toki hari Lamiako hondartza esaten diote. Hortik dator Leioako Lamiako auzoaren izena. 1979tik hona, Lamiakoko bizilagunek Prudentziaren istorioa antzezten dute. Maiatzeko azken barikuz egiten dute Lamiako maskarada izeneko jaia. Aurtengoa gaur arratsean antzeztuko dute.

Lehen topaketa 17:30ean izango dute, Lamiako eta Itzubaltzeta arteko biribilgunean, maskarada antolatzen duen elkarteko Arene Albizuk kontatu duenez. «Maitz izeneko pertsonaia eta fanfarrea abiatuko dira handik, herriko jendearekin, kalejiran». Auzoko metro geltokirainoko bidea egingo dute, eta han egingo dute hurrengo ekitaldia. Mari eta Sugaar batuko dira taldera, «euskal pertsonaia mitologikoen jainkosa eta jainkoa». Eguneko protagonista ere elkartuko zaie: Prudentzia. «Dantzen bidez gainontzeko pertsonaia mitologikoak gonbidatuko dituzte gauean egingo den akelarrera». Taldera batuko dira gainontzeko pertsonaiak. 22:30ean antzeztuko dute akelarrea, eliza ondoan. 

«Francoren diktadura bukatu berri, hainbat gauza egitea ez zegoen ondo ikusita. Berriro gure tradizioak, kultura eta nortasuna berreskuratzeko beharra zegoen».

ARKAITZ CORREALamiako maskaradako kidea

Albizuk nabarmendu duenez, auzo osoaren jaia da maskarada. Taldean 30-40 inguru dabiltza, baina gaur askoz gehiago ibiliko dira laguntzen. Inauteri bueltan hasi zituzten entseguak. «Jende berri asko dagoenean, lehenago hasten ditugu; aldaketa gutxi egoten denean, entsegu gutxiago behar izaten dira». Dena den, maskarada antolatzeak lan asko eskatzen du. Urri-azaro aldera hasten dira arropa atontzen, aldaketak egiten eta bestelakoak prestatzen. 

Maskaradako pertsonaiak antzezten dituztenak ez dira aktoreak; auzoko bizilagunak izan ohi dira. Nahiz eta batzuek hainbat urtez antzezten duten pertsonaia bera, normalena aldatuz joatea izan ohi dela zehaztu du Albizuk. Hala ere, taldera sartu berria den bati, normalean, ez diote pertsonaia nagusirik ematen. Kontatu duenez, egoten da taldera ailegatu eta zer pertsonaia antzeztu nahi duen esaten duenik, baina ez dute horrela egiten. «Nik nire seme-alabei transmititu diedana da pertsonaiak alda daitezkeela, eta beste batzuk probatu. Guretzat ohorea maskaradan parte hartzea da, eta ez hau edo beste antzeztea». Izan ere, Lamiakoko bizilagunentzat maskarada euren nortasunaren ezinbesteko partea da. Maskarada antolatzen duen elkarteko kide Arkaitz Correaren esanetan, aldarrikapen kutsua galdu duen arren, oraindik ere identitatea aldarrikatzeko egun bat da.

Lamiako maskaradako pertsonaien kalejira, artxiboko irudian. LAMIAKO MASKARADA
Leioako Lamiako maskaradako pertsonaien kalejira, artxiboko irudi batean. LAMIAKO MASKARADA

Maskarada sortu zen testuingurua eta gaur egungoa oso ezberdinak direla adierazi du Correak: «Francoren diktadura bukatu berri, hainbat gauza egitea ez zegoen ondo ikusita: kalean euskaraz berba egin, aurpegia maskara batekin estalita kalera irten... Berriro gure tradizioak, kultura eta nortasuna berreskuratzeko beharra zegoen orduan». Hainbat auzotarrek sustatu zuten maskarada, Jose Luis Raymond eszenagilea buru zutela. Hark idatzi zuen maskarada. Haren opera prima izan zen. Raymondek kontatu duenez, Diccionario Ilustrado de la Mitología Vasca (Euskal Mitologiaren Hiztegi Ilustratua) izan zuen pertsonaiak sortzeko iturri nagusia. Liburua galdua izan du, eta orain agertu zaio, beste liburu bat idatzi duenean. Hain zuzen, Correarekin eta auzoko beste hainbat lagunekin batera, Lamiako maskarada. Auzo baten izaera lana idatzi du. Raymondek antzezlana zelan sortu zuen kontatu du bere kapituluan. Luis Bilbao historialariak 1970eko hamarkadako Lamiako eta Leioa zelakoak ziren azaldu du. Andreek izan duten garrantzia ere azpimarratu dute beste batean. Hainbat ertzetatik heldu diote gaiari. 

Testigantzak eta testuingurua

Correak esan duenez, 2018an sortu zitzaien maskaradaren historia biltzeko ideia, lehen antzezpenaren 40 urteen aitzakian. «Hainbat ekintza antolatu genituen, eta pentsatu genuen urteotan parte hartu dutenen testigantzak ere bil genitzakeela. Baina hasi ginenean konturatu ginen gehiago ere egin genezakeela, eta gaur egun dugun liburua egiten hasi ginen, beste elementu batzuk gehituta: testuinguru soziologikoa kontatu, nolakoa zen Lamiako, maskarada zertan datzan azaldu... Liburu osatuagoa egin dugu». Argitaratu berri dute. Kultur Leioan dago salgai, hamar euroren truke. Euskaraz edo gaztelaniaz eskura daiteke.

«Maskarada ezaguna da, eta ez dugu nahi gehiago ezagutzea. Gure asmoa izan da maskarada ezagutzen duen jendeak jakin dezala nondik datorren eta zergatik sortu zen. Izan ere, gaur egun jai bat da, baina jatorrian gehiago zuen aldarrikapenetik», azaldu du Correak. Haren esanetan, «ezin daiteke hitzez azaldu maskaradak zer garrantzi duen» Lamiakoko bizilagunentzat: «Leioa osatzen duten auzoetan, agian, nortasun bereziena duena da gurea, eta uste dut maskaradak asko lagundu duela horretan».

Akelarrea Lamiako maskaradan, artxiboko irudian. LAMIAKO MASKARADA
Akelarrea Lamiako maskaradan, artxiboko irudi batean. LAMIAKO MASKARADA

Bizilagun guztiak elkartzen ditu. Albizuk esan duenez, umeak irrikaz egoten dira parte hartu ahal izateko. «Entseguetara etortzen dira». Garai batean, bestelakoa zen egoera. Esaterako, Albizu bera maskaradan dantzari ibiltzen zen garaietan, taldea utzi nahi izaten zuten askok jarraitu egin behar izaten zuten, ez zutelako izaten lekukoa hartuko zienik. «Zorionez, gaur egun bermatua dugu etorkizuna. Askotan ikusten ditugu umeak kalean lagunekin jolasean, maskarada egiten. Batek Ieltxu dela esaten du, besteak Mari, hark Sugaar...».

«Zorionez, gaur egun bermatua dugu etorkizuna. Askotan ikusten ditugu umeak kalean lagunekin jolasean, maskarada egiten».

ARENE ALBIZU Lamiako maskaradako kidea

Lamiakoko eskolan ere egiten dute antzezpena: maskarada txikia. «Duela urte batzuk erabaki zuten maskarada modu pedagogikoan lantzea eskolan, eta horrela sartu zuten curriculumean. Oso polita da. Badago eskolan maskarada txikian parte hartuta gurera etorri den jendea», adierazi du Albizuk. Liburuan kapitulu bat du maskarada txikiak.

Ikusle aldetik ere, gero eta arrakasta handiagoa izaten dutela esan du Albizuk. Lamiakoko bizilagun guztiak ez ezik, beste herri batzuetako ikusleak ere izaten dituzte. «Arratsaldean hankapalu gainean nekez ibili ahal izaten dira hainbeste jenderen artean. Gauean, akelarrean, lepo betetzen da antzezten dugun gunea. Iaz, udalaren laguntzari esker, pantaila erraldoi bat ipini ahal izan genuen, hainbeste jende ez pilatzeko leku berean. Aurten berriro ipiniko dugu». 

lEIOAKO Lamiako AUZOko jaiak

  • Gaur.  
    • 16:30. Txupinazoa.
    • 17:30. Lamiako maskaradaren lehen zatia. 
    • 17:30. V. Marrazki Txapelketa.
    • 18:00. Lamiako maskaradaren bigarren zatia.
    • 20:00. Dantza plaza, Metro geltokiko plazan.
    • 21:30. Ogitartekoak, txosnan.
    • 22:30. Lamiako maskaradaren akelarrea.
    • 00:00. Erromeria, Nonbait taldearekin.
    • 02:00. Bingoa.
  • Bihar. 
    • 08:00. Lamiakoko IX. Lapiko Txapelketa.
    • 10:00. Txupinazoa.
    • 11:00. Emakumeen binakako pala txapelketa, eskolako frontoian.
    • 11:30. Puzgarriak.
    • 13:30. Igel toka txapelketa.
    • 16:15. Lapiko Txapelketako sari banaketa.
    • 16:30. IV. Tute Txapelketa.
    • 18:00. Dantza alardea, elizako plazan.
    • 20:00. Batukale batukada.
    • 22:00. Skimales taldearen kontzertua.
    • 00:00. Bengallitas taldearekin dantzaldia.
  • Etzi. 
    • 10:00. Txupinazoa.
    • 11:00. Meza, San Maximoren omenez.
    • 11:30. Umeentzako puzgarriak.
    • 11:30. Bits jaia, eskolako frontoian.
    • 12:00. Poteoa, erraldoi eta trikitilariekin.
    • 13:00. Herri kirolak.
    • 14:00. XIX. Txapel Jaurtiketa Txapelketa.
    • 16:30. IV. Mus Txapelketa.
    • 17:00. Umeen mozorro lehiaketa.
    • 17:30. Play-back lehiaketa.
    • 18:00. Guatekea.
    • 19:00. Mozorro lehiaketa.
    • 21:00. Sardina erretzea.
    • 21:30. Jaien amaierako traka. 

Dokumentuaren akzioak