Urtarrilaren 12an emanen dute negu honetako lehen maskarada altzaiar eta lakartar gazteek, eta martxoaren 30ean azkena. Bien artean, hamar herri bisitatuko dituzte Zuberoan gaindi. Ostiral iluntzean, aste oroz bezala, Altzaiko herriko gelan biltzen dira dantza, kantu eta jokoak pikoan ezartzeko. Duela hiru aste jakin zuten zein izanen den bakoitzaren kargu edo rola, herriko eramaile talde batek finkatu eta ezagutarazirik.
Kauteren taldeko Kabana Handiaren eta Pitxuren izenek sortzen dute jakin-nahi handiena normalean: Allande Jauriberri eta Yves Garikoitz izanen dira, hurrenez hurren. Joel Garikoitz izanen da buhame gehiena, eta Kattin eta Marie Ürrüti, xorrotxak; Ürrüti Ligetx pastoraleko sujeta izan zen iragan udan, Gamere-Zihigan. Dantzarietan bi belaunaldi juntatu dira, 2017an altzaiar eta lakartarren artean eskaini zuten pastoralean jadanik dantzari zirenak eta gazteagoak, maskarada eman aitzin taldean sartu direnak.
Maskarada termometro bat da gazteen euskara heinaz ohartzeko, euskaldunak ezinbestekoak baitira. Beltzeriaren eramaile lanetan ari den Nicolas Urruti gamearra, Altzain bizi bada ere, harritua izan da: «Ez zaie lehen hitza euskaraz horra, baina gero aisa ari dira. Ez nuen uste hain ontsa ematen zutenik; estonatu naute». Gehitu du, halere, dantzari eta xorrotxak euskaldunak badira ere ez dela arizale oro euskaraz ari: «Mustraketan [errepiketan] erraten diet orain indarra egin behar dugula beti euskaraz aritzeko, eta hala da beti lerratzen direla frantsesera».
Dantzari gazteak
Dantzarien saldoan, usu ikusten den bezala, badira 16 urtez goitiko gazteak, maskaradarako espresuki prestatu direnak. Katti Garikoitz entseinaria beteranoetan da bere 20 urteekin; 2017ko pastoralean dantzaria zen, beste dantzari batzuk aingeru rolean zirelarik, haurrak zirelako. Garikoitzentzat, maskarada ibilbide baten bururapena izanen da: «Ari gara betidanik dantzan, baina ez jairik egiten. Maskarada horren finala da, lana urrentzeko. Gero ez dakit segituko dugunetz».
«Kargu sozial inportanta du maskaradak gazteendako, baina laguntzaileendako ere bai»
MARYLIN RECALTDantza irakaslea
Zuberoan dantzariak herri orotan eta saldoan direla iduri baluke ere, Altzai-Lakarriko taldea ahul ikusten du Marylin Recalt irakasleak: «Ez da dantza talde azkarra. Agitu zaigu belaunaldi bat jauztea eta dantza talderik ez izatea Altzain. Pastoralerako ere orduan muntatu genuen taldea». Kontent da begi aitzinean duen gazteriak heldu den neguan eginen duen ibilbideari pentsatzean, astez aste segitzeko xedea baitu: «Kargu sozial inportanta du maskaradak gazteendako, baina laguntzaileendako ere bai».
Taldea osatu dute, eta, gainera, «denak lagunak» dira, Garikoitzen erranetan. Aroaren arabera, Altzain edo Lakarrin hasiko dira urtarrilaren 12an, eta martxoaren 30ean azkena eman aitzin ondoko herrietara joanen dira, egutegiaren ordenan: Zalgize, Larraine, Altzürükü, Ligi, Pagola, Atharratze, Gamere-Zihiga, Idauze-Mendi, Barkoxe eta Urdiñarbe.