Saio honetan profesionalei azaldu zieten orain arte hainbat neurri onartu direla. Haien artean lanbide hauen berezko aldizkotasunaren aitorpena. Modu honetara hogeita hamar egunetik beherako kontratuak ez dira zigortzen, Lan erreforma egin zenetik beste arloetan gertatzen den bezala eta hori aurrerapauso bat da Oier Zuñiga aktore eta ilustratzailearen ustez: “Lan erreformak beste hainbat arlotan lan egiten duten milaka langileentzat onurak ekarri ditu, aldi baterako kontratazio asko zegoelako, baina gure sektorea oso desberdina da. Nire ustez honek ekartzen duena da Administrazioak berak onartzea gurea alor desberdina dela eta desberdin funtzionatzen dugula.”
Beste puntu positibo bat da artistez gain teknikari eta laguntzaileak ere sartuko direla estatu berri honetan. Hala ere asko falta da arautegi berri hau borobiltzeko eta indarrean jartzeko. Eta laguntza behar da ere dena ongi ulertzeko Iker Bengotxea aktore eta abeslariak aldarrikatu duen bezala: "Uste dut guk ere ez dakigula oso ongi zer den hau, baina haiek esan zuten formazio berezia eman nahi dietela Administrazioan lan egiten duten teknikariei eta hori oso garrantzitsua da zeren gu, artistak izanda, batzuetan ez dakigu honek guztiak zer esan nahi duen eta informazio bila joaten garenean akotan aurkitzen ditugu guk baino gutxiago dakiten teknikariak.”
Bidea hasi, baino ez du egin Administrazioak artisten lana modu egokian arautzeko eta urruti gaude oraindik beste toki batzuetan sortzaileek duten lan egoera lortzeko. Laida Aldaz dantzaria da eta 23 urtez Belgikan bizi eta lan egin du. Bere ustez gakoa da ulertzea artistek egunero lan egiten dutela, eta ez soilik emankizuna duten egunetan: “Kontziente izan behar dugu guk beti egiten dugula lan, baina batzuetan kobratzen dugu eta besteetan ez. Belgikan, aldiz, ulertzen dute kontzeptu hori horregatik ematen digu soldata bat hilero, eta horrela kobratzen ez duzunean ere aurre egiten ahal diezu zure oinarrizko gastuei.”
Artistaren Estatua, beraz, aurrera doa, baina abiadura motelean.