Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lael Uberuaga, Oinkari: “Garrantzitsua da Diasporarentzat Euskal Herriaren ordezkari izatea, usuago gertatu beharko luke”

Dokumentuaren akzioak

Lael Uberuaga, Oinkari: “Garrantzitsua da Diasporarentzat Euskal Herriaren ordezkari izatea, usuago gertatu beharko luke”

Maiatzaren 25ean, Seattle-ko Northwest Folklife jaialdian hartu zuen parte Boiseko Oinkari dantza taldeak. 44. edizioa zuen mundu osoko dantzari, musikari, ipuin kontalari eta abar luzea biltzen dituen festibal honek eta, antolatzaileen esanetan, 235.000 lagun baino gehiago hurbildu ziren aurtengo programaz gozatzera. “Ederra izan zen”, esan dio EuskalKultura.com-i Lael Uberuaga Oinkarien Harreman Publikoetarako zuzendariak.
Egilea
Ander Egiluz Beramendi
Komunikabidea
Euskalkultura.com
Tokia
AEB
Mota
Elkarrizketa
Data
2015/06/08
Lotura
Euskalkultura.com

Boisetik Seattle-ra joan ziren Oinkariko 35 lagun, Northwest Folklife jaialdiari euskal kutsua emateko. Dantzari eta irakasleen artean zegoen Lael Uberuaga bera ere. 2001etik da boisetarra taldeko kide, 14 urte baino ez zituela batu baizitzaien, baina, lehenago, Boise’ko Gazteak harrobian ere ibili izan zen. Bizitza luzea talde kultural honen parte, tartean --eta orain betetzen duen Harreman Publikoetarako zuzendari postuaz gain--, presidente lanetan ere ibili izan da.

Zelan joan zen Seattle-ko bidaia?

-Ederra izan zen! Esperientzia aberasgarria, batik bat taldekideetako askok ez dutelako euskaldunak ez diren jaialdietan parte hartzeko aukera handirik. Hori izan da gauzarik onena, euskaldunona folk tradizio munduaren zatitxo bat baino ez dela ikustea.

Sentimendu desberdinak dituzue euskal jai batean edo horrrelako festibal batean parte hartzen duzuenean?

-Neurri batean bai. Ez genuen jende asko ezagutzen eta ikusi genituen kultura asko, berriak ziren guretzat. Gazteenek ere aukera izan zuten ikusteko ez garela euskaldunak geure tradizioaz arduratzen garen bakarrak. Jaialdi honetara lehen aldiz joan nintzenean, orain hamar bat urte, horrek harritu ninduen gehien.

Festibal erraldoia da ‘Northwest’ eta, hala ere, sarrera doakoa du. Gauza ona da hori folk taldeentzat?

-Izugarri handia da, bai, (Boiseko) Jaialdi bera baino handiagoa, eta hiri erdian antolatzen dute. Uneoro dago jendea sartzen, hein handi batean doakoa delako. Nik esango nuke folk kontuetan dabilen jendeak, ondo pasatzearren eta kultura mantentzearren egiten duela, ez dirua lortzeko. Guk Boisen, batzuetan, kobratu egiten dugu geure emanaldiak ikusteagatik, baina ditugun gastu minimoak betetzeko da. Ez da batere erraza jendea folk programetara hurbilaraztea, beraz, dirua eskatzeak zaildu egin dezake.

Zeinek erabiltzen duen, ‘folk’ berbak oso konnotazio desberdina izan dezake. Zer esangura dauka zuretzat?

-Norbere herriaren kulturaren herentzia da, niretzat. Aspaldi egunerokotasuneko parte izan zen zerbait da, eta egun horrela ez den arren, oraindik bizirauten duen zerbait dela uste dut. Ez-profesionaltasun izaera puntu bat duela uste dut, guztien eta edonoren tradizioa, nolabait esateko. Eta, AEBetan zehazki, uste dut jendeak folk kultur tradizio bat baino gehiago izan dezakeela; guk, jakina, euskalduna dugu, baina oso aberatsa da amerikarra ere bai.

Oinkari Euskal Herriaren ordezkari izan da mundu mailako jaialdi honetan. Diasporako talde batek euskal herritarrak ordezkatu izana azpimarragarria dela uste duzu?

-Bai, hala uste dut. Oso garrantzitsua da Diasporak Euskal Herriaren ordezkari izateko aukera izatea eta usuago gertatu beharko litzatekela uste dut.

Ohiko emanaldiez gain, dantza eskolak ere eman zenituzten.

-Bai, Teresak (Franzoia) eta nik irakatsi genizkien jaietan erraz dantza daitezkeen hainbat dantza bertaratutako hainbati: Zazpi Jauzi, Borobila, Txapelua eta Bolant Dantza. Zabalgune batean jarri ginen eta, zirkulu bat eginda batu zitzaigun jendea. Ederra izan zen eta benetan azkar harrapatu zituzten pausoak!

Beste dantza talderen batekin harremanik egin al duzue?

-Bai, nahiko modu informalean, baina Morris dantza talde bateko kideak ezagutu genituen. Kanadakoak ziren eta Ternuari buruz hitz egin genuen. Bertara dantzatzera joan behar dugula esan ziguten eta, zinez, gustura joango nintzen ni hango euskaldunak ezagutzera. Beraiekin ez genuen ezer zehaztu, baina batek daki etorkizunean zer gerta daitekeen!

Festibaleko esperientzia bikaina izan zela esan duzu baina The Crab Pot jatetxeak eman zizueten ongi etorria ere  ez zen edozelako izan!

-(Barre egiten du) Aspaldi egina genuen erreserba baina ez genuen pertsonalizatutako menua espero. Oso gauza polita izan zen! Uste dut bateren batek etxera eraman zuela kopia bat, oroigarri gisa.

Seattle-ko Euskal Etxekoekin biltzeko denborarik izan zenuten?

-Ez. Aurrekoan egin genuen, baina aurtengoan ez da posible izan. Denbora librea zenbait leku bisitatzeko aprobetxatu genuen: Space needle-a, EMP musika museoa eta beste zenbait toki.

Boisen zaudete berriz ere, Jaialdirako prestatzen seguruenik. Nobedaderik aurkeztuko al duzue bertan?

-Hilabete t'erdi baino ez da geratzen Jaialdirako eta urduritxo gaude. Azken txanpan gaudela-eta asko praktikatu behar dela gabiltza esaten dantzariei. Jaialdi aurretik pare bat emanaldi ditugu eta horrek lagundu egingo digu, hala ere. Badakit emakumezkoek Bateleren dantzatuko dutela, baina ze beste dantza egingo dugun ezin dizut orain zehaztu.

Beste nazioek beren kulturak bizirik mantentzeko egiten dituzten esfortzuak ezagutzea garrantzitsua dela uste du Uberuagak
Beste nazioek beren kulturak bizirik mantentzeko egiten dituzten esfortzuak ezagutzea garrantzitsua dela uste du Uberuagak


Dokumentuaren akzioak