Dokumentuaren akzioak
Lacarra, Dantzako Sari Nazionala lortzeko bidean
Dantzari zumaiarrak aukera handiak ditu saria eskuratzeko
Gainera, bere izendapenari babesa ematea eskatu den guztietan lortu da elkarte edo erakundearen onespena. Eusko Jaurlaritzatik hasita Madrilgo Komunitateko Dantzari Profesionalen Elkarteraino, tartean Donostiako Musika Hamabostaldia. Badirudi, gainera, hautagai bakarra Lacarra izango dela.
Dantzarako jaio zen Lucía Lacarra Gurrutxaga (Zumaia, 1975). Munduko dantzaririk onena dela diote adituek. San Francisco, Toronto, New York, Japonia, Marsella, Munich, Venezia, Stuttgart eta dantzaren tenplu diren beste toki askotan zutik jarri du publikoa Lucía lirainak. Hala ere, txalo zaparradak nonahi jaso arren, ez da handikerietan erori, emakume xumea baita.
Sari preziatuak lortu ditu Lacarrak, hala nola Isadora Duncan 1999an, Munduko Emakumezko Dantzari Onenaren» Nijinski Saria 2002an, eta Benois de la Dance, guztiak ere bere ibilbide artistiko ikaragarriaren adierazle.
AEBetako San Franciscon hiru urte dantzari nagusi izan ondoren, joan den urtetik Municheko Operako Baletean (Bayerisches Staaasballet) dantzari nagusia da Lucía. Egunotan Cascanueces egiten dabil, eta azaroaren 3tik aurrera Loti ederra taularatuko dute. «Bertara joatekoak gara alaba ikustera», adierazi zuen Mila bere amak.
Imanol Agote Gipuzkoako Foru Aldundiko Kutur zuzendariaren esanetan, Lacarrari saria emateak ondorio «biderkatzaileak izan litzake» dantzan aritzen diren euskaldunek oraindik «gogo handiagoz» ekin diezaioten arte «eder» honi.
Dena ongi ateraz gero, beraz, Zumaiak beste herritar ospetsu bat izan dezake aurki Zuloaga eta Beobideren ondoren.
Dokumentuaren akzioak